Bi bizimodu oso desberdin nahasten ditu American Arcadia izeneko abenturak. Bertan, pertsonaietako batek besteari lagunduko dio, bere bizilekutik ihes egin dezan. Jokalari bakarrarentzako bideojoko honetan kontatutako istorioak hartzen du protagonismoa, baina ihes egitea eta gailu elektronikoak kontrolatzea eskatuko dio jokalariari.
Aspaldiko garaietatik ihesi
Trevor Hills Arcadia izeneko hiri estatubatuarrean bizi da, itxura berezia dauka kokalekuak: 1970eko hamarkadan girotua dirudi, baina garai horretako maila sozioekonomiko ertaina eta altua duen jendea bizi da soilik, ez dago pobreziarik. Gainera, Arcadian 1970eko hamarkadari egotziko geniokeena baino aurrerapen teknologiko handiagoak aurkituko ditugu: robot laguntzaileak eta drone garraiatzaileak, adibidez, guztiak garai hartako estetikarekin.
Ez dut istorioaren gauza handirik kontatu nahi, bideojokoaren saltokietako webguneetan esango dudana baino gehiago aurreratzen duten arren. Kontua da, arrazoi batengatik Trevorrek Arcadiatik ihes egitea erabakiko duela eta hiritik kanpo dagoen beste pertsona batek lagunduko diola, urrunetik.
Kontuz, bideoan jokoaren gidoiari buruzko hasierako ezustekoak azaltzen dira.
Bigarren pertsona hau emakumezko bat da, eta guretzat gaur egun normala den aroan bizi da, XXI. mendean, 2023. urtean, hain zuzen ere. Neska trebea da informatika arloan, eta ahal duen guztia egingo du Trevorri ihes egiten laguntzeko: isilpeko espioitza lanak, gailu elektronikoak hackeatzea…
Mekanikei dagokienean, aipatutako bi errealitateak modu desberdinean dastatzen dira bideojokoan. Trevorren Arcadia hirian gaudenean protagonista aldamenetik ikusiko dugu, 2.5D ikuskeradun abentura moduan. Bertan ihesaldiek, plataformek eta puzzle txikiek hartuko dute garrantzia. Hortaz, gizonezkoak korrika eta salto egin beharko du sarritan, eta kasu batzuetan objektuak mugitu, toki garaiagoetara iritsi ahal izateko.
Emakumezkoaren kasuan, ordea, abentura lehen pertsonan biziko dugu. Neskak osatu beharreko buru-hausgarriak esplorazioan, isilpean eta hackeatzean oinarrituko dira. Askotan, ordenagailu bidez lagundu beharko diogu Trevorri, eta, beste batzuetan, mugikorra erabiliz bestelako gailuak kontrolatuko ditugu.
Arcadia hiriak tren berezi bat dauka eta hainbat leku eder, Cygnus izeneko hotela esaterako.
Helburua Trevor askatzea izanik, batzuetan bi pertsonaien elkarlana gauzatuko du jokalariak. Alde batetik Trevor kontrolatuko du, bere ihesari ekin diezaion, eta, bestetik, emakumearen bidez Trevorren inguruko kamerak, argiak eta bestelakoak kontrolatuko ditu, iheslariari laguntzeko.
Eredu batean zein bestean kontrolak oso sinpleak dira, eta aginteko botoi gutxi batzuk erabiliko ditugu. Trevorren ataletan bi pertsonaiek elkarlana gauzatzen dutenean zenbait botoi gehiago erabiliko ditugu, baina, hala ere, ez da kontu teknikoki konplexua izango.
Mekanikei dagokienean aipatutako bi errealitateak modu desberdinean dastatzen dira bideojokoan.
Istorioa interesgarria iruditu zait, erritmo ona mantentzen baitu iraupenaren zati luze batean. Gizonaren zein emakumearen bizitokiak eta bertako arauak ikasten doa jokalaria, eta prozesuaren atal nagusietan eduki berriak eta interesgarriak gehituz doa. Jokoaren hirugarren laurdenaren amaieran hainbeste gozatu ez dudan zati bat dago, baina gustu pertsonalei egotziko diot sentsazio hori.
Arcadia hiritik kanpo dagoen pertsonaia Trevorri laguntzen saiatuko da, bere mugimenduak monitorizatzen dituen bitartean.
Estetikoki ondo dagoela deritzot, 1970eko hamarkadako irudi utopikoa, koloretsua, irreala eta garatzaileek esanda, “kitsch” estilokoa aurkezten du. Gainerako jokoekin alderatuta, ezberdina den zerbait aurkezten saiatzen da American Arcadia. Beste pertsonaiaren ataletan kolore hotzagodun itxura minimalista da nagusi, eta alde teknologikoak jasotzen du azpimarra. Horrez gain, pertsonaia garrantzitsuen izaera nabarmentzen jakin dute irudi eta soinu bidez. Irudi aldetik, low-poly edo poligono kopuru gutxidun eredua erabili dute, eta, girotze soinuez harago, jokorako espresuki sortutako abestiren bat ere aurkituko du jokalariak.
Istorioa interesgarria iruditu zait, erritmo ona mantentzen baitu iraupenaren zati luze batean.
Orokorrean gustura jokatu dudan jokoa izan da. Hasieratik ezaugarri interesgarriak gehituz aurrera egiten saiatzen da kontakizuna, fikziozko istorio entretenigarria aurkezten saiatuz. Izaera hain narratiboa izanda, kontatu nahi digun hariari segika joatea besterik ez dugu izango; ondorioz, zenbait jokalarik mugimendu askatasun gehiago nahi izatea gerta liteke. Hala ere, jokoaren oinarrizko informazioa interesgarria iruditzekotan, segur aski jokalariaren gustukoa izango dela pentsatzen dut.
Ihesaldian zehar zenbait ibilgailu interesgarri gidatzeko aukera izango dugu.
Hil ala biziko ihesaldia biziko dugu 1970eko hamarkadako hiri batetik ihesi, horretarako gaur egungo teknologiaren laguntza baliatuz. Sei ordu inguruko istorio entretenigarri bat bat eskaintzen digu American Arcadiak, izen bereko hiriak ezkutatzen dituen sekretuak erakutsiko dizkiguna. Steameko jokalarien iruzkinen arabera % 94 dira iritzi positiboa babesten dutenak gaur egun, eta bozkatu beharko banu, nik ere bideojokoaren alde egingo nuke.
Iruzkinak