Bada Pragan (Txekiar Errepublika) simulatzaileak egiteaz arduratzen den estudio txiki bat, ia gaur egungo bideojokoen industria honetan, familia bat dela esan ahalko genukeena. SCS Software etxeaz ari natzaizue hain zuzen ere. Agian enpresa hau izenez ez zaizue egingo ezaguna, baina seguru ezagutzen duzuela bere jolas izarra: Eurotruck Simulator. Bi edizio zituen Europan zehar kamioilari gisa ibil gaitezkeen simulatzaile honek eta 2016an 3. edizioa atera dute.
Eurotruck Simulator 1 eta 2ak arrakasta izugarria izan zuten. Nahikoa da Steameko beherapenak dauden bakoitzean ia beti azalean nola dauden ikustea. Hala ere akzioa beti kontinente zaharrean gauzatu da eta txekiarrek uste izan dute bazela garaia jolasari aire ezberdin bat emateko. Horretarako ozeano atlantikoaren bestaldera jauzi egin eta Ameriketako Estatu Batuetan zentratu da jokoa. Aski ezaguna da Hollywoodek askotan erakutsi izan digun moduan, marra eta izarren lurraldean kamioien kultura oso zabaldua dagoela.
Frankizia honen azken edizio honetan errealitatera gehiago hurbiltzen saiatzeko SCS etxearen helburuetako bat maparen tamaina handitzea izan da. Horregatik jolasaren argitaratzearekin batera EEBBen 2 estatu (Nevada eta Kalifornia) soilik dauzkagu. Hori bai, ez zaitzala zenbakiak engainatu, estatu bakoitza oso handia baita hedapenez. Baina bizitza honetan guztia ez da tamaina eta mapa “huts” geratu ez zedin arduratu dira. Aurreko edizioekin alderatuz xehetasun maila asko igo da. Lehen ez bezala, orain hiri batera iristean benetako kaleak ikusiko ditugu, industrialdea herri kanpoaldean edo barnealdean (supermerkatua edo eraikuntza obra adibidez) aurkitu dezakegularik. Horrez gain, hiri nagusiez gain herri txiki kopurua gehitu dute, errealitate sentsazioa handitzen delarik eta aurreko edizioetan bezala, inongo herririk inguruan ez duten hainbat industriagune ere izango ditugu. Errepideko obrak ere gehitu dituzte, errepideko hainbat lanen hasiera edo amaiera izan daitezkeelarik.
Baina xehetasun igoera hau ez da posible izan motore grafikoaren hobekuntza bat gabe. Alde horretatik SCS etxea grafiko hobeak izateaz arduratu da, baina gaur egun lortu daitezkeen grafikoetatik. Egia da ez garela ari fakturazio handia duen etxe batetaz hizketan, baina agian hobe lukete hurrengo ediziorako merkatuan jada hedatuta dauden motore grafikoren bat erabiltzea (Unity, Unreal Engine edo CryEngine adibidez).
Kamioi simulatzaile honek beti izan du bere kontrol modulartasunaren fama, hau da, kontrol errazak izan ditzakezu (trasmisio, keinukari, retarder etab. automatikoak) edo benetan bolante bat behar izateko modukoak. Honek publiko ezberdina erakartzea erraztarazten du: Batetik simulazioaren konplexutasunean sartu gabe dibertitzea soilik nahi duten horiek ditugu eta beste alde batetik benetako kamioi bat gidatzetik gertu dagoen esperientzia nahi dutenak. Modularitate hau periferikoen kasuan ere berdin gertatzen da. Teklatu eta saguaz jokatzeaz gain, gamepad nahiz edozein bolante onartzen ditu jolasak. Ondo egina beraz SCSren aldetik, bere jolasteko eragatik inor ez baztertzean!
Soinu aldetik asko ez dela aldatu esan genezake jolasa. Aurreko edizioetan ez zeukan aipatzeko moduko efektu soinurik eta edizio honetan ere horrelakoa izaten jarraitzen du. Hori bai, honekin ez pentsa hanka honetatik erren egiten duenik, ez da nabarmentzen baina ezta ere motz geratzen. Bikain egiten duen atala ordea, aurreko edizioetan bezala, irrati pertsonalizatuak entzun ahal izateko aukera ematea da. Jolasak bizitza errealeko hainbat irrati dakartza entzuteko moduan (denbora errealean, internet bidez) eta horrez gain testu artxibo batean gure gustuko irratiaren streamingaren helbidea sartuz gero, jolasean bertan entzun ahal izango dugu.
Kamioiaren kabinan dauden aparatu elektronikoekin jarraituz, GPSa aipatu behar dugu. Aurreko edizioetan bezala add-on bezala jartzeko aukera dugu, pantailaren albo batean. Baina Europako edizioetako kamioi guztietan gertatzen ez zen bezala, oraingoan kamioiaren aginte-mahaira begiratuz gero han ikusiko dugu GPS guztiz funtzionala. Hala ere ez da komeni beti honen aginteak zehatz mehatz jarraitzea, batzuetan bide motzenetik bidaltzen baitzaitu, baina hori bai, motel joan beharreko mendi bide batetik.
Europako bi edizioek oker egiten zutena seinaleak guztiz nabariak ez izatea da eta azken entrega honetan ere harri berdinean erori dira SCS etxekoak. Oso gertu zaudenean ikusten dira garbi seinaleak eta askotan beranduegi izaten da, kolpeko balaztada bat ematera behartzen zaituelarik. Ikusmen distantzia zertxobait hobetu beharko lukete seinaleen kasuan, inoren gustukoa ez baita isunak jasotzea. Esan beharrik ez dago isunek eta beste ibilgailuen kontrako talkek dirua kenduko digutela... beraz kontuz gidatu beharko dugu!
Kamioi aniztasun zabal eta egokia daukagu. Oraingoan ere potentzia ez hain handiko kamioietatik hasi eta zaldi indar handikoen arteko katalogo zabala izango dugu eskura. Horrez gain, kamioi bakoitza mekanikoki aldatzeko aukeraz gain (kamioiaren errendimenduari eragiten diolarik), estetikoki ere aukera zabala izango dugu. Hori bai, zuen diru-zorro birtuala prestatzen hasi, hau guztia ez baita merkea izango. Horretarako, aurreko edizioetan ere jolasak ekartzen zuen mailegu sistema bikaina dauka. Gainera, behin diru kantitate bat biltzean, gure garraio enpresa handitu eta langile bat baino gehiago izateko prest izango gara. Honela beste gidari birtual batzuk kontratatu ahal izango ditugu, soldata bat ordainduz gure enpresarentzat lan egingo dutenak.
Karga bat entregatzeko orduan berrikuntza bat sartu da edizio honetan. Aurrekoetan behin helmugara iritsita automatikoki edo beraiek esandako toki batean aparkatzeko aukera zenuen. Aldiz orain 3 aukera dituzu: edozein tokitan utzi karga, toki erraz batean edo errealitatera hurbiltzera saiatuz toki zail batean. Noski, modu zailena aukeratzeak sari bat izango du, esperientzia puntu gehiago lortuko baititugu. Hori bai, ziur egon azken era honetan aparkatzeko bolante bat izatea ia nahitaezkoa izango duzuela.
Esperientzia aipatu dugunez, aurreko edizioan bezala maila ezberdineko progresio sistema bat du jolasak. Maila bat irabaztean, hobekuntza bategatik trukatu ahal izango dugun puntu bat lortuko dugu. Hobekuntza hauen artean besteak beste hurrengoak daude: Material arriskutsu ezberdinak eraman ahal izatea, material hauskorrak garraiatu ahal izatea, bidaia luzeagoa eskatzen duten kargen lan-poltsara sartu ahal izatea edo erregai gutxiago gastatzea.
Eta bai, erregaia gure abenturan zehar kontrolpean izan beharko dugun aldagai bat da. Honetarako hainbat gasolindegi daude mapan zehar sakabanatuta, bertan depositua erregaiz betetzeaz gain lo egin ahalko dugularik eta hau ere denbora jakin batetik behin derrigorrez egin beharko dugu. Lo egiteko, gasolindegietaz gain, hainbat deskantsu-gune daude baita mapan zehar.
Lehen DLCa, Arizona estatua gehitu eta Coloradoko Kanoi Handia bisitatzeko aukera eskeiniko duena, musutruk eskuratuko dute jolasa erosi duten erabiltzaile guztiek. Hurrengo DLCak, ateratzen badira, ordainpekoak izango dira. Hala ere SCS etxetik esan dute, DLC berriak beti ere aurretik atera dituztenek izan duten harrera kontutan hartu ostean aterako dituztela. Steam Workshop konpatibilitatea du jolasak eta hor guztiok ados egongo gara ziurrenik puntako ezaugarri bat dela esatean. Beraz komunitateak sortutako edukia klik batera izango dugu, bestelako zailtasunik hartu beharrik izan gabe.
Komunitateaz dihardugularik, beti bezala multijokalaria ezartzen duen MODa kalean da jada. Berarekin 2500 gidalari aldiberean egon daitezkeen zerbitzarietan ibil gaitezke guztiz dohainik. Lagunekin ibiltzeko esperientzia bikaina da hau, musika entzunez eguneko estresetik libratzeko.
Baina badu jolas honek beste askok ez duten ezaugarri berezi bat. Jolas osoa euskaratuta dago hasieratik. Gure hizkuntza mundu honetan pixkanaka sartzen joan dadin pauso handia da hau eta gure komunitatetik eskertzekoa da SCS Software etxeak lan hau hartu izana.
SCS etxea beti bereiztu duen ezaugarri bat, jolasei jartzen dien prezio egokia da. Irteeratik jolasek 20€ balio izaten dute, eta ez dute denbora asko behar izaten prezioz jaitsi ahal izateko. Datozen egunetan hasten den Steamen udako beherapenetan seguru asko prezio erakargarriren batekin izango duzue. Alde hau eskuak mindu arte txalotzeko modukoa da txekiar taldearentzat, ematen dituzten entretenimendu ordu pilorako prezio izugarri ona baita.
Beraz badakizue, kamioi sena etorri bazaizue eta Ameriketako Estatu Batuetako errepide zabal eta luzeetan ibiltzeko gogoa baduzue, ez utzi pasatzen American Truck Simulatorren aukera!
P.D.: Game Erauntsiatik eskerrak eman nahi dizkiogu SCS Software etxeari jolasaren prentsa kode bat emateagatik.
Iruzkinak