Bandai Namcoren Katamari Damacy saga bideojokoen barruan antzekorik ez duen obra da. Reroll azpitituluarekin, lehenengo Katamariren birmasterizazioak 2004ean hasitako zorakeria berriz abian jartzeko gogoz dator.
Orain 15 urte inguru bideojokoen aldizkarietan Kamatari Damacyren irudiak ikusi nituenean liluratuta geratu nintzen. Urtebete lehenago erosi nuen kontsolen seigarren belaunaldian edukiko nuen kontsola bakarra, Gamecubea. Belaunaldi hartako grafikoekin harrituta geratzen hasi baino ez nintzen egin, eta Playstation 2rako estreinatuko zen bideojoko koloretsu eta bitxi hura benetan deigarria egin zitzaidan.
PS2rako joko esklusiboa izanik ezin izan nuen garai hartan jokatu, eta denbora pasata nire buruko zoko batean ahaztuta geratu zen. Orain gutxi martxan jarritako Humble Bandai Namco Bundle 4ean bere birmasterizazioa ikusi nuenean, baina, segidan erostea erabaki nuen.
Katamari Damacy Reroll 2018an PCan eta Switchean argitaratu zuen Bandai Namcok. Esan bezala, PS2ko jatorrizko jokoaren birmasterizazioa da: bereizmen handiko pantailentzako euskarria gehitu eta aldaketa gutxi batzuk egin zituzten garatzaileek birmasterizatzeko garaian.
Kosmosa birsortu
Katamarik abiapuntu sinplea du: Kosmosaren erregeak hanka sartze galanta egin eta izar guztiak zerutik ezabatu ditu. Bere semeak, bost zentimetro neurtzen dituen Printzeak, hartuko du kosmosa berpizteko lana. Jokalariak Printzearen kontrola hartuta izarrak sortu ahal izateko Katamari izeneko pilota Lur planetako kokaleku desberdinetatik bultzadaka garraiatu beharko du.
Premisa sinple zein arraro horretatik abiatuta, jokalariaren helburua Katamariarekin mota guztietako objektuak biltzea izango da: torlojuak, gutunak, txikleak eta tamaina txikiko gauzak itsatsiko dira pilotara. Erregeak ezarritako helburuak bete beharko ditugu. Ohikoena denbora tarte batean Katamaria diametro jakin bat izatera iristea da; egin beharreko bereziak ere egongo dira: ahalik eta arrain gehien harrapatzea edota objektuen bikoteak egitea, adibidez.
Biraka mundua ezagutuz
Hasiera batean Katamariak zentimetro gutxi batzuetako diametroa edukiko du, baina jokoan aurrera egin ahala erraldoia bilakatuz joango da. Arkatzak eta txanponak batzetik pertsonak eta etxeak biltzera igaroko da Kamataria bere tamaina handituz doan heinean. Pilota agintearen bi joystickak erabilita gidatuko dugu, bi eskuekin bultzaka ariko bagina bezala. Abentura hasterakoan kurbak hartzea edo objektu zehatzak batzea zaila egiten da, baina minutu gutxi batzuetara kontrolak menperatuta izango dituzu.
Pilota gero eta handiagoa egingo dela nabarmenduta, bideojokoak ordu gutxi batzutan erakutsitako aldaketa ikusgarria da. Lehenengo kokalekua etxe bateko gela bakarra izango da, baina misio gutxi batzuen ostean toki horren dinamikotasuna agerian geratuko da. Katamaria handitzean etxeko gela gehiagotara sartu ahalko gara, etxetik irten eta auzoko objektuak pilotan itsastera iritsi arte. Aurrera egite horrek jokalariari jarraitzera animatzen dio, ahalik eta pilota handiena egin eta are urrunago heltzeko.
Alaitasuna darion ikus-entzunezko atala ere aipatzekoa da. Grafiko sinpleak ditu, baina Katamari Damacyk aurkeztutako mundu koloretsuan biraka aritzea itzela da. Guzti horri soinu banda zoragarria gehitzen zaio: askotariko estiloak batzen dira Katamarin, baina guztiek giro alai horretan murgiltzeko balio dute.
Bideojoko laburra da Bandai Namcoren klasikoa: 5 ordutan abentura nagusia bukatuta izango duzu. Halere, horren iraupen motza aproposa da Katamarik eskaintzen duen joko estilorako.
Plan berezirik ez duzun asteburu aspergarri hori igarotzeko abentura bikaina da Katamari Damacy Reroll. Kosmosaren Printzearen abenturak eskaintzen duen giro maitagarri eta dibertigarriak edonork gozatu dezakeen ordu gutxi batzutako iraupeneko abentura liluragarria osatzen du
Iruzkinak