NEC enpresak sortutako hardware sistementzako euskarria edukiko du. 2021ean merkaturatuko da.

Kontsola eta bideojoko retroak berpizteko lanean diharduen Analogue enpresak bere hardware berria iragarri du. Analogue Duok PC Engine zein beste hainbat sistemetako jokoak erreproduzituko ditu.

Zehazki, Duoan TurboGrafx-16, PC Engine, SuperGrafx, TurboGrafx CD, PC Engine CD-ROM² eta Super Arcade CD-ROM² sistemetako jokoek inolako arazorik gabe funtzionatuko dute. Hori horrela NEC enpresaren produktuak izango dira kontsolarako prest egongo direnak.

Emulazioa alde batera utzita bideojoko originalak beharko dira kontsola horretarako. Horregatik Duoak CD-ROM eta kartutxoentzako euskarria izango du: diskoez gain Hucardak eta Turbochipak erabili ahalko dira.

Aginteei dagokienez, Duoak ez du gailu propiorik izango. Hala ere USB, Bluetooth eta 2.4g aginteak erabiltzeko aukera egongo da, aginteen zerrenda zabala eskainita.

Argitaratze data zehatzik eman gabe, Analogue Duoa datorren urtean estreinatuko dela azaldu dute arduradunek. 200 dolarreko prezioarekin, kontsolen ale kopuru mugatua egingo dute. Bi koloretan salduko dituzte: beltzean eta zurian.

Ez da Analogue datorren urtera begira prestatzen ari den kontsola bakarra izango. Maiatzean Analogue Pocket kontsola eramangarria argitaratzea aurreikusita dute. Horren inguruko berritasunak ere eman dituzte: 29,99 dolarretara salduko den egokigailu baten bidez PC Engine, TurboGrafx-16 eta SuperGrafx sistemetako jokoak erabili ahalko dira patrikako kontsolan.