Google Play Games-en beta abiarazi dute: momentuz ezin daiteke Euskal Herrian erabili. Saguarekin eta teklatuarekin jokatu ahalko da zerbitzuko hainbat jokotara.

Bideojokalariek aspalditik jokatzen dute Android sistema eragileko bideo-jokoetara Windows bidez: hau posible egiten duten emulatzaileak erabilita oso erraza da gailu mugikorretako jokoetara ordenagailuan aritzea. Hala ere, Googlekoek hau modu erosoagoan eta ofizialean ahalbidetu nahi dute: Google Play Games programa iragarri dute PCrako.

“Jokalariek beren mugikorretarako jokorik gustukoenak PCan bilatu, jaitsi eta jokatu ditzakete pantaila handiagoak eta sagua zein teklatua erabilita”, nabarmendu du Arjun Dayal Google Play Gameseko produktuen talde managerrak.

Ez hori bakarrik, “smartphonen, tableten, Chromebook eta PCen artean mugarik gabeko jolas sesioak” agindu ditu. Hau da: partidak gailu batetik bestera modu azkarrean igaro daitezke, jarraipena eta lorpenak mantenduz. Horretarako ezinbestekoa da zerbitzuan erabiltzailea edukitzea.

Guzti hau aipatuta, aurkeztutako programa ez dela emulatzailea izango nabarmendu behar da. Hala ere, oraindik ez dute zehaztu nola lortu duten natiboki eta streaming-ik egin gabe Androideko jokoak Windowsen funtzionaraztea.

Momentuz jokoen zerrenda mugatu batekin erabil daiteke Play Games: besteak beste, Asphalt 9, Mobile Legends, War Planet Online, Summoners War, State of Survival eta Three Kingdoms Tactics aipatzen dituzte arduradunek.

Aurkeztu bezain laster aplikazioaren beta hasi dute; hori bai, izen ematea ez dute Euskal Herrian ireki. Soilik Hong Kongeko, Hego Koreako eta Taiwango bizilagunek proba dezakete zerbitzua momentuz. Izen ematea zabalik dago herrialde guztietarako, hala ere. Programa erabiltzeko gutxieneko baldintzak zehaztu dituzte:

  • Windows 10 (v2004)
  • Egoera Solidoko Unitatea (SSD)
  • Jokatzeko moduko GPU-a
  • 8 nukleoko CPU-a
  • 8 GB RAM
  • 20 GB-ko espazioa disko gogorrean
  • Windows-eko admin erabiltzailea
  • Hardwarearen birtualizazioaren aukera aktibatuta egon behar da
  • Bateragarriak diren PCa eta konfigurazioa

Microsoft-ekoak antzeko zerbait egin nahian dabiltza Windows 11-rekin: sistema eragilean Android aplikazioak mugitzeko probak egin dituzte. Dena den, oraindik ez dute lortu Google Play funtzionaraztea, beraz aplikazioen zerrenda oso mugatua da.