Tribute Games eta Dotemu prestatzen ari diren Teenage Mutant Ninja Turtles: Shredder’s Revenge datorren urtean estreinatuko da PC-an eta Nintendo Switch-ean.

Lau dortokak kontrolatzea izaten da ohikoena Ninja Dortoka Gazteen bideo-jokoetan. Hainbat pertsonaia biltzen dituzten borroka joko gutxi batzuk alboratuta, beat ‘em up generoko jokoak izan dira nagusi Leonardo, Raphael, Michelangelo eta Donatello anaien abenturak jokoetara eramaterakoan, baina Teenage Mutant Ninja Turtles: Shredder’s Revenge arlo horretan berritasunak ekartzeko asmoarekin dator.

Dortokei ezinbesteko laguntza eskaintzen dien April O’Neil izango da Tribute Games garatzailearen jokoko bosgarren pertsonaia. Iragarpena Gamescom ekimenaren baitan egin dute kazetariaren mugimenduak erakusten dituen trailerrarekin.

Mikrofonoak eta kamerak lepoan hartuta Shredder zitalaren armadei aurre egiteko arazo gutxi edukiko ditu Aprilek. Dortoken antzera mugimendu bereziak erabiltzeko aukera edukiko du kazetari ezagunak, eta garatzaileek bere bizkortasuna nabarmendu dute bideoan.

Argitaratze data oraindik ziurtatu barik dagoen arren, TMNT: Shredder’s Revenge 2022an kaleratzea aurreikusten du Dotemu banatzaileak. Plataformak, ordea, baieztatuta daude: Switch kontsolan eta PCko Steam plataforma digitalean estreinatuko da beat ‘em up abentura.