Arise: A Simple Story, Piccolo Studio-k garatu ondoren, Untold Tales-ek eta Techland-ek 2020ko abenduaren 3an argitaratutako artelana da. PlayStation 4 eta Xbox One kontsoletan kaleratzeaz gain, PC plataforman Windows sistema eragilerako atera zuten. 2022ko apirilaren 22an Nintendo Switch-erako ere jarri zen erosgai. Ingurugiroan denborak duen eragina kontrolatzen uzten digun hiru dimentsiotako plataforma eta puzzle abentura emozionala dugu.
Pertsonaia nagusia jokalariak kontrolatuko duen agure bat da. Gizon zaharra bere oroitzapenetan murgilduko da, eta pasadizo desberdinak berpiztuko ditu. Berarentzat garrantzitsuak izan ziren zenbait gertaera ikusiko ditugu kapitulu bakoitzaren amaierara heltzea lortuz gero.
Agure zaharraren oroitzapenek toki berezi zein ederretara eramango gaitu.
Bizitza baten une garrantzitsuenak gogoratzen...
Beharbada bideojokaren ezaugarri berezienetako bat denboraren kontrola da. Toki bakoitzean ingurugiroan denbora luzean gertatutako guztia, segundo gutxi batzuetan mugitzeko ahalmena izango dugu, aurrerantz zein atzerantz. Honek uraren mailaren altuerarekin edo pertsonaia batzuek egiten duten ibilbidearekin jokatzea baimenduko digu adibidez, ahalmen hau beste toki batzuetara heltzeko berebizikoa bihurtuko zaigularik. Abenturan aurrera goazela denbora modu zehatzago batean kontrolatzen ikasiko dugu, zeregin batzuetarako derrigorrezkoa izango dena.
Gizon edadetua bere aldetik izaera propioko pertsonaia da kontrolei dagokionean. Jokoak suposatzen duen abentura handiari ekinez erantzuteko prest dago, bere berezko ezaugarriekin. Jauzi egiteko gai da, eta oso ondo moldatzen da harri txikiz osatutako hormak eskalatzen.
Hala ere, bere adinak traba nahiko handia suposatzen du jauzi egiterakoan eta ondorioz ez ditu ondo hartuko altuera handiko saltoak. Beste joko batzuetan oraindik onargarriak diren altuerak hemen hilgarriak izan daitezke, edo, zertxobait txikiagoak izatekotan, agureak bere arnasa berreskuratzeko denbora laburra behar izango du. Jokalariak laster ohituko dira ezaugarri honetara eta jokoaren izaeraren zati bezala ulertuko dute askok.
Zenbait ingurugiro besteak baino askoz arriskutsuagoak izango dira, odola jelatzeko modukoak.
Abilezia handiz maneiatzen duen gauza bat soinean eraman ohi duen pikotxa da. Piolet hau soka luze batekin lotuta darama gerrian eta beharrezko zaionean zehaztasun handiz jaurtitzen du tokietara lotu eta bertatik bere burua zintzilikatzeko. Landare zein erle erraldoietara lotzeko erraztasuna dauka eskalatzaile adinduak eta horrez gain, eskegita dagoela bere burua balantzatzeko gai da, oraindik haratago dauden tokietara salto egin eta heltzeko.
Toki bakoitzean ingurugiroan denbora luze batean zehar gertatutako guztia, segundu gutxi batzuetan mugitzeko ahalmena izango dugu.
10 kapituluetako bakoitzean bere zenbait memoria bilatu ahal izango ditu. Memoriok ez dira derrigorrezkoak, baina bakoitzak abenturazalearen gomutapen bat ekarriko du, irudi berezi bat erakutsiz. Esan daiteke beraz, agurearen bizitza hobeto ulertzen lagunduko digutela.
Garatzaileek erraz jarri zuten eta, kapitulu bat memoria guztiak aurkitu gabe bukatu arren, ez dago arazorik. Bukatuta daukagun bakoitza nahi dugunean hasi baitezakegu berriz. Izan ere, lehen saiakeran aurkitu ez genituen memoriak gordetzeko, ez da beharrezkoa kapitulua berriz ere amaiera arte bukatzea. Hau da, falta zitzaizkigun memoriak hartzearekin nahikoa dela eta hau egin bezain laster buelta gaitezkeela menu nagusira.
Lehen kapituluak oinarrizko mekaniken erakustaldi polita egiten du.
Istorio sinple baina hunkigarria
Bideojokoak pisu emozional nabaria dauka, izan ere, kontatzen duen istorioak garrantzia handia baitu kontrolatuko dugun pertsonaiarentzat. Gizon zaharrak bere bizitzako une alai eta samingarrienak berpiztuko ditu jokatzen dugun bitartean. Hori dela eta, commonsensemedia.org-en 10 urtetik gorakoentzat gomendatzen dute.
Zentzu batean, joko "mutua" da, entzungo ditugun ahozkotasun bakarrak eskalatzaile zaharraren marmarrak eta aiene txikiak izango dira, batez ere, jauzi egitean edo lurraren aurka kolpeak hartzen dituenean. Bestelako komunikazioa hitzik gabe egingo da, joko honek, keinu xume baina adierazgarriak mezuak sortzeko lanabes oso eraginkorrak direla erakusten duten horietakoa da.
Piolet hau soka luze batekin lotuta darama gerrian eta beharrezko zaionean zehaztasun handiz jaurtitzen du tokietara lotu eta bertatik bere burua zintzilikatzeko.
Soinuen alde musikalari dagokionean hau ere zuzena da. Ondo lotuta ageri da une bakoitzean adierazi nahi diren sentimentuekin, ezustekoa, poza zein tristura izan. Horretarako estilo sotil bat aukeratu da, sarritan musika atzealdean geratzen da, soinu efektu arruntei garrantzia handiagoa lagaz. Beste batzuetan, kapitulu bakoitzean istorioaren garapenean ideia bat modu argian adierazi nahi denean, dagokion tokia berreskuratzen du.
Istorioaren zenbait atal benetan ikusgarriak dira, argiaren erabilera bikainarekin.
Arise: A Simple Story-k irudi mota sinple baina polita aurkezten du. Pertsonaiek eta paisaiek ez dute konplexutasun handiko itxurarik baina inpresio ona uzten dute. Ezaugarri hauek itxura estilizatua ematen diote bideojokoari, ez beste kasu batzuetan bezala marrazki zorrotz eta zehatza daukalako, kontrakoagoatik baino. Izan ere, irudiaren izaera ez hain zehatz eta borobilagoak beste era batera lortzen baitu ekoizpenaren oinarrizko ezaugarriak azpimarratzea.
Bideojokoak pisu emozional nabaria dauka, gizon zaharrak bere bizitzako une alai eta samingarrienak berpiztuko ditu.
Arise: A Simple Story-k bi pertsonek batera jolastea baimentzen du baita ere. Horretarako, bakarka jolasterakoan hartu ohi diren ardurak banatzen ditu. Lehen jokalariak pertsonaia nagusia kontrolatuko du eta bigarrenak denboraren kudeaketa egingo du, bere kideak aurrera egiteko ezinbestekoa izango dena. Egileek aukera hau eskaini nahi zutela esan zuten, zeregin arrunten banaketa hutsa den arren, bi pertsonek jokora jolasterakoan, biak istorioan errazago murgil zitezen.
Sokaz lotutako pioleta jaurti eta kulukatzea beharrezkoa izango da toki berrietara heltzeko.
Jokalarien komunitateak gogo onez hartu du eta gaur egun iruzkin positiboek % 92 osatzen dute Steam saltokian. Hala ere, zenbait jendek iritzi amankomunak dauzka alde negatiboetan ere: joko honetan eskuineko joysticka mugitzen dugu ezkerrerantz eta eskuinerantz denbora atzera eta aurrera mugitzeko. Honen ondorioz, ez dago kamera ezker edo eskuinerantz mugitzeko modurik. Aurretiaz programatutako kamera duen hiru dimentsioko joko horietako bat dugu hau, zenbait jendek ez du hori gozatu, kamera askatasuna galdu eta memoriak aurkitzea zailagoa bihurtzen delako.
Beste batzuek aurkitu daitezkeen zenbait memorien kokapena hobegarria dela deritzote. Bukatzeko, eskuineko joysticka gora eta behera mugituz kamera norabide horietan mugitzeko ahalmena izango dugu. Zoritxarrez, mugitze esparrua txikia da eta egin beharreko zenbait jauzi aurretiaz neurtzeko ez da nahikoa batzuen ustez.
Arise: A Simple Story istorio hunkigarri eta laburra kontatzen digun bideojokoa da. 4 ordu inguru irauten ditu eta poztasuna zein goibeltasuna uztartuz agure zahar baten memorietan murgilduko gaituen abentura dugu. Kapituluetan zehar denbora atzera eta aurrera maneiatu beharko dugu plataformak eta puzzleak batzen dituen artelan honetan. Ondo egindako istorio ederra, laburra eta sinplea bilatzen duenarentzat aukera aproposa izan daiteke.
Iruzkinak