Sarbide goiztiarrean estreinatu da Everon irla kokaleku nagusitzat eskainita. Bi joko mota guztiz desberdin biltzen ditu Enfusion motor grafikoa probatzeko.

Bohemia Interactive estudio txekiarrak Arma tiro jokoen frankiziako hurrengo atala iragarri du: Arma 4. Hori prestatzen ari direla jakitera emanda, ordea, ezustean beste bideojoko bat kaleratu berri du. Hirugarren eta laugarren atalaren arteko zubia da PCan zein Xbox kontsoletan joka daitekeen Arma Reforger.

Arma 3rekin egin modura, sarbide goiztiarrean merkaturatu dute Reforger. Bertan, lehen jokoko Everon irlara itzuliko gara: 51km² dituen kokaleku honetan armada estatubatuarreko edo sobietarreko soldaduen kontrola hartuta basoetan, herrixketan, ibaietan zein mendietan tiroketetan parte hartzen ariko gara Conflict izeneko joko motan.

Izan ere, gerra hotzera bueltatuko gara Arma honetan, 1989. urtera zehazki. Helburu nagusia mapako gune garrantzitsu desberdinak konkistatzea izango da partida irabazteko; horretarako, taldelana ezinbestekoa izango da. Aipatutako modalitateaz gain, Capture & Hold deitutakoa ere prestatu dute: hemen, hainbat gune hartu beharrean bakar batean ardaztuko da jostagarritasuna.

Ohiko modalitateez gain, Game Master deitutako joko mota ere dakar Reforgerrek. Hemen akzioa alboratu, eta editore ahaltsu baten bitartez kokalekuak editatuko, misioak eratuko, ekintzak prestatuko eta gainerako jokalarientzako erronkak sortuko ditugu. Interesgarriena sortutakoak partekatzeko aukera izango da: PCan zein kontsolan prestatutakoak komunitatearen artean bana daitezke Workshop tresna erabilita

Bideojokoa Enfusion motor grafiko berria erabilita prestatu dute: ingurugiro ikusgarriak eratzeko baliagarria izan zaie, ikusteko dago orain nola funtzionatuko duen komunitatearen eskuetan.

Sarbide goiztiarrarekin “heltzear dauden ezaugarrien begirada bizkorra” eskaini nahi dute Bohemiakoek. Komunitatearekin elkarlanean ahalik eta joko militarrik interesgarriena eratu nahi dute: “aurreko argitalpenekin jokoa findu eta txukuntzeko jokalarien laguntza edukitzea ezinbestekoa dela ikusi dugu”, diote txekiarrek, “eta bai gu, bai komunitatea pozik egoteko mailara eramateko”.

Urtebeteko epea izango duen garapena aurreikusten dute 1.0 bertsioa argitaratu arte, asko jota. Tarte horretan hiru eguneraketa nagusi, era guztietako hobekuntzak zein zuzenketak eta armak, tresnak nahiz bestelako ezaugarriak gehitzea aurreikusten dute.

Esan bezala, ordea, Arma Reforger laugarren atalerako ibilbidea hasteko tresna baino ez da izango; hau da, spin-off bezala har daitekeela dirudi. Are gehiago: hori argitzeko trailer berezia kaleratu dute. Road to Arma 4 deitua, laugarren jokoaren aurrerapen txikia da.

Arma Reforger dagoeneko eros daiteke Xbox kontsoletan zein PCan; azken honetarako Steam plataforma merkaturatu dute.