FromSoftware bere erroetara itzuliko da PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One eta PC plataformentzako akziozko tituluarekin

Bandai Namco-k Armored Core VI Fires of Rubicon mecha jokoaren berritasunak iragarri ditu. “Erritmo bizkorreko borrokak, pertsonalizazio sakona eta buruzagien aurkako duelu zirraragarria” uztartuko dituen titulua abuztuaren 25ean kaleratuko dute.

Argitalpen data jakitera emateaz gain, FromSoftware estudio sarituaren lan berriaren lehen jokagarritasun bideoa ere zabaldu dute. Frankiziaren jarraitzaileek ondo ezagutzen dituzten elementu guztiak ikus daitezke bertan: robot erraldoiak, suntsitutako mundua, eta, nola ez, milaka misil eta laser izpi.

Askok soulsborne jokoetan oinarritutako mecha jokoa espero badute ere, lehen irudiok ez dute sentipen hori helarazten: robot erraldoiak —bideoan txikiak badirudite ere, sekulako tamaina daukate— ziztu bizian mugitzen dira, erasoak ekidituz zein kontraerasoak jaurtiz.

Ohi bezala, ibilgailuok pertsonalizatzeko eta nahi bezala diseinatzeko aukera izango dugu. Bideoan hainbat motatako gailuak ageri dira: adibidez, trakzio gurpilak dituzten tankeak nahiz hegan dabiltzan gizaki itxurako mechak. Atal grafiko aparta erakusten du Fires of Rubiconek, xehetasunez betetako mailekin nahiz efektu mordoarekin.

Istorioari dagokionez, koral izeneko energia iturriagatik borrokan ariko gara Rubicon 3 izeneko planetan. FromSoftwarekoek azpimarratu dutenez, seigarren Armored Corek aurrekoen oinarriak mantenduko ditu; hau da, misioka ariko gara gure helburuak betetzen, eta ez dugu mundu ireki edo zabalik ikusiko.

Armored Core VI Fires of Rubicon PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One kontsoletan zein ordenagailuetan eskuragarri egongo da abuztuaren 25etik aurrera.