Meka robotez betetako akzio azkarra eta dinamikoa proposatuko du FromSoftware-koen hurrengo tituluak. Hilabete barru kaleratuko dute.

FromSoftwarekoek Soulsborne generoa alboratuko dute aspaldiko partez euren frankizia klasikoenera itzuliz. Armored Core saga askorentzat guztiz ezezaguna da; izan ere, Dark Souls-ekin ospea lortu aurreko jokoei buruz gabiltza. Hori horrela, Fires of Rubicon seigarren atalaren jokagarritasuna zer nolakoa izango den sakontasunean azaltzeko bideo berezia argitaratu dute japoniarrek.

Ahaztu ezpatak, zaldunak, magiak eta munstroak. Armored Core roboten jokoa da: gizakiek gidatutako meka robot erraldoiena, hain zuzen ere. Hauek diseinatu zein eraiki ostean kontrolatuko ditugu, eremu erraldoiak ziztu bizian zeharkatuz: epemugarekin, baina hegan egingo dugu.

Azkar batean ibiliko gara, gainera, borroketan. Saihesteak eta bestelako mugimendu iheskorrak ezinbestekoak izango dira erasoak ekiditeko: hainbat tonako pisua duten robotek ez dituzte fisikak behar bezala errespetatuko, eta sekulako abiadurak lortuko ditugu.

Eraso egiteko armen hautaketa ere oso garrantzitsua izango da. Guztira lau gailu eraman ditzake gure makinak: bi esku bakoitzean eta beste bi sorbaldetan. Misilak, metrailetak, laserrak… imajina dezakezun edozer jarri ahalko diogu.

Gure robota handia izango da; arerioenak, are erraldoiagoak. Ikaragarrizko munstro mekanikoen aurka egingo dugu Fires of Rubiconen. Garaipena lortzeko ezinbestekoa izango da “sasoi” barra kudeatzea: etsaien kontrol sistema gainberotuz gero, hauek indargabetuta utzi eta azkarrago suntsituko ditugu. Nola ez, gure sistema zaindu beharko dugu, gauza bera gerta dakiguke-eta.

Duelurik latzenetakoak beste pilotuen aurka bizitakoak izango dira. Gure antzeko mugimenduekin eta ahalmenekin, ez da atsedenerako unerik egongo, eta daukagun guztia eman beharko dugu garaipena eskuratzeko. Hemen bai, Armored Corek Soulsborne jokoetako borrokarik gogorrenen tankera hartuko du: zalantzek porrota suposatuko dute.

Bukatzeko, etsai nagusi arriskutsuekin ere topo egingo dugu misioen bukaeran. Buruzagion mugimendu patroiak ikasi beharko ditugu erasotzeko unerik onenak ezagutzeko; aldi berean, saihesten ibiliko gara, edozein kolpek heriotza ekar dezakeelako.

Armen aukeraketa aipatu dugu, baina gure meka goitik behera eraldatzen ariko gara tailerrean. Pieza desberdinak jarrita ezaugarri orokorrak aldatuko ditugu: erasoa, defentsa, hegan egiteko ahalmena, kontrol sistemak… Norbere jokatzeko estilorik aproposena aurkitzen eta hori ustiatzen ikasi beharko dugu.

Gutxi geratzen da aipatutako guztiez gozatzeko: Armored Core VI Fires of Rubicon abuztuaren 25ean argitaratuko du FromSoftwarek Bandai Namco argitaletxearen aterpean.

PlayStation eta Xbox kontsoletan zein ordenagailuetan jokatu ahalko dugu.