Edward Kenway pirataren abenturak PC, PS5 eta Xbox Series gailuetara itzuliko dira. Anvil garapen motorearekin berregin da 2013. urteko klasikoa.
Ubisoft frantsesak horren gaizki gordetako proiektua ofizialki iragarri du, azkenik. Assassin’s Creed Black Flag Resynceden lehen bideoa argitaratu du emanaldi berezian, kaleratze data ezarrita: uztailaren 9an estreinatuko da remake-a.
Plataformak ere zehaztu dituzte iragarpenean: ordenagailuetan eta PlayStation 5 nahiz Xbox Series kontsoletan jokatu ahalko da berregitean.
Edward Kenway pirata eta asasinoa gidatuko dugu berriz Karibeko itsasoetan zehar. Oinarriak mantenduko badira ere, era guztietako berritasunak eta txukunketak agindu dituzte garatzaileek. Lehena, nola ez, atal teknikoaren aldetik dator: azken urteotan Ubiren zutabe bilakatu den Anvil garapen motoarekin berregin dute abentura osoa. Izpien trazadura, segundoko 60 fotogramen tasak plataforma guztietan, uraren simulazio eta errenderizazio eraberrituak… denetarik aipatzen da prentsa oharrean.
Berrikuntzak ez dira grafikoetara mugatuko. Borroka dinamikoagoak ikusiko omen ditugu berregitean, “kontraerasoetan eta exekuzioetan” sakonduz, diotenez. Aldi berean, isil-gordekako mekanikak zein parkour eskalatzeak eta jauziak nabarmen hobetu dituztela azaldu dute egileek.
Aipatutakoak edozein ACren oinarriak badira ere, Black Flagen beste protagonista bat dagoela gogoratu beharra dago: Jackdaw ontzia. Itsasoan ikusitako ahulguneak zuzentzeko bizitza kalitate hobekuntzak inplementatzen ei dabiltza, eta gure ontzia hobetzeko zein pertsonalizatzeko aukera mordoa edukiko ditugu.
Itsas mekaniketan ere hobekuntza handiak datozela azpimarratu da, Atmos eguraldi sistema dinamikoarekin —eta honen eraginak jasango dituzten objektuekin— ozeanoak bizitzara ekarriko dituztela diote; itsas guduetan bigarren mailako arma berriak, gure ontziari abilezia bereziak eskainiko dizkioten hiru kide —bakoitza bere misioekin—, guztiz aldatutako etsaien fakzioak nahiz ontziak, Kenwayren flotarentzako mekanikak, eta, zelan ez, tripulazioarentzako abesti berriak.
Datozen asteotan berrikuntzetan are gehiago sakonduko dutela adierazi dute Ubitik; Kenwayena Assassin’s Creed jokorik maitatuenetakoa izanik, zaleen begiradak harrapatzea lortu dutela esan daiteke.
Laburbilduz, originala maite zutenek berriz gozatzeko abentura izango dela dirudi Assassin’s Creed Black Flag Resynced. Esandakoa: uztailaren 9an PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan estreinatuko da.
Lander Unzueta
Iruzkinak