Bikingoek saxoien eta Ragnar Lodbroken oinordekoei aurre egin beharko diete Ubisoften asasinoen abentura berrian. Azaroaren 10ean estreinatuko da.

Eivor bikingoa da Assassin’s Creed Valhallaren azken trailerreko ardatza. Asasinoen bideojokoaren protagonista Ingalaterra inbadituko du lurren eta altxorren bila; bertan hainbat arriskuri aurre egin beharko die bere gerlariekin batera.

Izan ere, Norvegia herrialde arriskutsuan bilakatu ondoren bikingoak erreinu berri batekin ausartuko dira. Gotorlekuak hartu, askotariko ondorioak izango dituzten erabakiak hartu eta beste egiteko asko izango ditu Eivorrek.

Aurkituko dituen arerioen artean Ælfred Wessexeskoaren Ingalaterrako saxoiak edota Ragnar Lodbrok bikingo ezagunaren oinordekoak egongo dira. Eraikitako erreinuak partekatzeko gogorik ez dutenez, Eivorren klanak borroka latzak bizi beharko ditu horien aurka. Gainera, “Ingalaterrako patuari lotutako iluntasun ikusezina” ere aipatzen da trailerrean.

Jokoaren ezaugarri berriekin batera Assassin’s Creed sagako ohiko mugimenduak ikus daitezke bideoan: exekuzio isilak, teilatuetako ibilaldiak eta betiko abileziak erakutsiko ditu Eivorrek.

Assassin’s Creed Valhalla azaroaren 10ean estreinatuko da  PCXbox OneXbox Series eta PS4rako. PS5erako beranduago estreinatuko dela azaldu dute Ubisoftekoek.