2014ko lasterketa jokoaren jarraipen zuzena izango litzateke, Competizione bertsiotik urrunduta.

Kunos Simulazioni estudio erromatarrak Assetto Corsa frankiziari buruzko datuak eskaini ditu Digital Bros taldeak argitaratutako finantza txostenean. Adierazitakoen artean bideojoko berria aipatu dute: Assetto Corsa 2 datorren urterako aurreikusita dago. Zehazki, 2024ko udaberrirako.

Bitxia, baina ohikoa. Iragarpen handi bat egin beharrean bideojokoen berri txostenen bidez izatea ez da zirraragarriena zaleentzat, baina halakoak ere gertatzen dira. Zoritxarrez, jokoa horrela ezagututa, ez dugu inolako informaziorik jaso: ez irudirik, ez plataformarik, dokumentuan ez da ezer adierazten.

Gauza bakarra dakigu: Kunosek bereziki prestatutako motor grafikoa erabiliko duela. Modu horretara, azken atala garatzeko hautatutako Unreal Engine 4 ezaguna alboratu, eta beste behin zerotik hastea da italiarren asmoa.

Hala ere, gutxienez PC-rako bertsioa garapenean dagoela suposatzekoa da. Assetto Corsa hasieratik egon da ordenagailuetara lotuta, eta mod-en komunitate sendoa dauka, gainera.

AC-ren bigarren atala aipatzen gabiltzan arren, 2014an kaleratutako lehen bideojokoak badauka jarraipena: Assetto Corsa Competizione. Jokalariek, ordea, spin-off gisa ezagutzen dute bideojokoa: GT Series txapelketak zituen ardatz, denetariko lasterketak hartu beharrean. Competizione 2019an estreinatu zen PCan; iaz, baina, PlayStation 5-erako nahiz Xbox Series-etarako bertsioak eduki zituen.

 

Sekulako arrakasta

Lasterketak zein simulazioa dira Assetto Corsaren ardatzak. Gidatze errealista bilatzen dutenei zuzendutako frankizia da Kunosena.

Publiko zehatzarentzat izan arren, milioika jokalari erakartzea lortu dutela diote arduradunek: frankiziak 28 milioi bideojoko saldu ditu 2014an abiatu zenetik, 104 milioi euroko irabaziak lortuta, azken txostenean aipatzen denez.