Datorren astetik aurrera euskal twitzlarien orotariko edukiak eskaintzen dizkizuegu jaiegunetan jarraitzeko.

#3000Twitz kanpaina amaitu ostean euskal streamerrek zuzenekoak ematen jarraitu dute. Gabonetan egin bezala, Aste Santuko oporraldirako ere programazio berezia prestatu dute gure aisialdian euskaraz gozatzen jarraitzeko. Ia dozena bat streamer bildu dira martxoaren 29tik apirilaren 11ra bitartean igortzeko.

Oso orotariko edukiak izango dira, baina bideo-jokoak eta hizketa saioak gailenduko dira nagusiki.

 

Mahaingurua eta FIFA21 Euskal Ligaren finala

Game Erauntsiak egitarauari hasiera emango dio mahainguru batekin. Euskararen erronkak Interneteko plataformetan aztertuko ditugu martxoaren 29an 18:00etatik aurrera Disney Euskaraz eta BIEUSE, Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteko ordezkariekin.

Horretaz gain Game Erauntsiak FIFA21 Euskal Ligaren azken fasea emango du zuzenean apirilaren 4an 16:00etatik aurrera. Aberri egunarekin bat eginez FIFA21eko bideo-jokalari hoberena gailenduko da Gu Ere Bai egitasmoarekin eta Hamaika Telebistarekin batera antolatutako txapelketa honetan.

 

Bideo-jokoak

Hainbat partida jokatuko dira zuzenean, baita joko osoak gainditu ere. Ibila87-k It takes two jokatuko du martxoaren 30ean Il4rgirekin. Bestalde, SatanTxiki4-k Gris bideo-jokora bere osotasunean aritzeko asmoa dauka apirilaren 2ko goizean. Errazkin08 ere bideo-jokoetara ibiliko da.

 

Musika, tutorialak, rola eta txillinga

Pubguitarren kanalean bere lehenengo gitarrizketa jarraitu ahal izango dugu Andoni Ollokiegi bakarlariarekin martxoaren 30ean. Hurrengo egunean Gaztearen cover lehiaketa aztertuko du Pubguitarrek.

SatanTxiki4 twitzlariak tutorial interesgarri bat proposatzen du apirilaren 4an: argazkiak nola zahar-berritu adimen artifizialarekin. Apirilaren 4an ere RiverRocken kanalean hainbat streamer bilduko dira rol partida jokatzeko, arratsaldeko 17:30etik aurrera. Arkkuso eta Nebukaixo ere izango dira bakarrizketan. Esaterako, Arkkusoren #Txillgandea igandetan 19:00etatik 21:00etara egingo dira.

Ez ditugu ahaztu behar Sutanbangen Ideiarik Ez! saioa eta Bigarren Kafea irratsaioa.


Gaurkotutako informazioa Twitterren

Streamer guztiak jarraitu nahi badituzu zerrenda honetan kanaletara sarbidea daukazu. Emisioen egitaraua jarraian duzu, baina seguruenik emanaldi gehiago gehituko dira, beraz, adi egon @3000Twitz twitter kontura, bertan edukiak gaurkotuko ditugulako.

Gogoratu behar dugu Twitchek oraindik euskara streaming hizkuntza bezala ez duela gehitu. Horregatik, oraindik ez baduzu egin euskara streaming hizkuntza bezala gehitzeko eskaera sinatzera animatzen zaitugu.