2023ko irailaren 21ean kaleratutako bideojokoa dugu, Little Leo Games-ek garatua eta Akupara Games-ek argitaratua. PC-ko Windows plataforman dago eskuragai, Steam eta GoG bezalako saltokietan. Hala ere, kontsola ezberdinetarako bertsioak prestatzen dabiltza.
Astromantziaren arloko giropena duen joko honek, karta sorta eraikitzeko jokoen eredua jarraitzen du, baina karten ordez dadoak darabiltza. Horrez gain, kalte sistema duala daukan roguelitea da.
Izarrei begira, dadoek erabakiko duten patuan eragina izateko
Bideojokoak Astrea izeneko izarra eta bere inguruan orbitatzen duten sei planetei buruzko istorioa kontatuko digu. Aspaldian, planeta bakoitzeko ume bati Astranium bat oparitu zien Astreak, izarren sekretuak gordetzen zituen erlikia bana. Ume hauek Sei-Aldedun Orakuluak bezala ziren ezagunak. Umeok, izarrak gidatuta, astromantzia menperatu eta beraien gizarteak garatzen lagundu zuten. Honek Izarrak Piztutako Aroa ekarri zuen, zorioneko garai luze bat.
Zoritxarrez, izarra itzaltzen hasi zen, eta orakuluek zer gertatzen ari zen jakin nahian, dorre bat eraiki zuten seigarren planetan. Astrearen bihotzean anomalia bat aurkitu zuten, eta hau konpontzea lortu baino lehen, izarraren bihotza seigarren planetara erori zen.
Arima ahuleko izakiak madarikatu eta usteldu zituen, egun hau Egunsenti Gorrimina bezala izendatu zuten. Gaur egun, madarikazioa seigarren planetatik beste guztietara hedatzeko arriskua dagoenez, Sei-Aldedun Orakuluen ondorengoak, Astraniumen laguntzaz, sorginkeria garbitzen saiatuko dira.
Hasierako kontakizunak Aquarius planetaren patu latza azalduko digu.
Pertsonaia desberdinak daude hautagai, baina banan-banan askatuko dira jolasten goazen heinean. Hauek orakulu berriak dira, Astreak aspaldi oparitutako tresna bereziak jaso dituzten izakiak. Bakoitzak jokatzeko estilo berri bat aurkeztuko du, eta amaieran lortzen direnak dira maneiatzerakoan konplexuenak.
Dado orokor eta arruntez gain, pertsonaia bakoitzak berak soilik erabil ditzakeen dadoak lortu ahal izango ditu baita ere. Jokaldi bat bukatzen dugun bakoitzean pertsonaia jakin horrekin zenbat esperientzia puntu lortu dugun adieraziko zaigu. Esperientzia maila bat gainditzen dugun bakoitzean hurrengo jokaldietan aurkitu ahal izango ditugun objektu berriak askatuko ditugu.
Astrea-ren ekarpen interesgarrietako bat bere kalte sistema dualean datza. Alde batetik, garbitasuna edo araztasuna daukagu, pertsonaia protagonistek zabaldu nahi dutena. Honek irabazten duenean izakiak bere onera etortzen dira eta jokaera arrunta erakusten dute. Beste aldetik, ustelkeria edo madarikazioa daukagu, izakiak zoratu eta oldarkor bilakatzen dituena. Lehena kolore urdinez agertzen da adierazita, eta, bigarrena, gorriz.
Jolasteko erritmo lasaia baimentzen du, beharrezkoa den azalpen ororekin.
Madarikazioak jota dagoen arerio bat bi arazketa puntu dituen eraso batekin kolpatzen badugu, bere madarikazio maila bi puntu jaitsiko da. Ondoren, etsaiak bere buruarengan bi madarikazio puntu egiten baditu, lehen galdu duen madarikazio hori berreskuratuko du. Jokalariak ere profita dezake hori, arerioek eragiten dioten madarikazioa bere eraso garbitzaileekin araztu baitezake.
Orokorrean, etsaiek madarikazio erasoak darabiltzate, baina jokalariak eraso urdin zein gorriak jasoko ditu erabiltzeko, modu aleatorioan. Zoritxarrez, ezin izango du txanda pasa bere eraso gorriak erabili gabe, eta hauek kide eta etsaien artean sailkatu beharko ditu. Etsai bat larregi madarikatzeak berarengan gain-madarikazioa sortzea dakar, eragin negatibo gehigarriak sortuko dituelarik. Beraz, zenbait buruhauste interesgarri ekar ditzakeen sistema dugu hau.
Pertsonaia bakoitzak bere oinarrizko azalpena dakar, baina hauen jokaera ulertzeko onena, hauek probatzea da.
Jokalariak hiru bihotz izango ditu ia kasu guztietan. Bihotz bat galdu gabe, zazpi kolpe jasan ditzakeen esparru batekin ibiliko gara jolasten. Arerioek gugan sortutako ustelkeria gure botereekin garbi dezakegula kontuan hartuta, kolpe asko jasan daitezke bihotz bat galtzera iritsi gabe. Hala ere, zazpi kolpeak jasotakoan, pertsonaiak madarikazioaren eragina pairatuko du eta bihotz bat erabili beharko du bere onera bueltatzeko. Bihotzak berreskuratzeko bideak dauden arren, hau lortzea ez da erraza izaten.
Jokoaren beste ekarpen azpimarragarria dadoen erabilera da. Astrea-k jokalaria karta sortak eratzera bultzatzen duen jokoen estilokoa da, baina hemen ez dago kartarik. Horren ordez, sei aurpegidun dadoak izango dira jokalari zein etsaien borrokarako lanabesak.
Dado guztien sei aurpegiak azter daitezke noiznahi, eta hauetariko bakoitzak dagokion azalpen guztiak eskaintzen ditu. Pertsonaia bakoitzak hasierako dado kopuru bat izango du eta abenturan zehar gehiago eskainiko zaizkio, ausaz. Jokalariak aurkezten zaizkion hirukote bakoitzeko dado bat hautatu ahal izango du.
Madarikazio aurpegidun dadoak agertzean, hauek derrigorrez erabili beharko ditugu.
Kolore desberdinetako dadoak daude: “seguruak” bezala izendatuta daudenak aurpegi urdinez osatuta daude, orokorrean arazketara edo bestelako eragin positiboetara bideratuta daudenak. Dado “arriskutsuak” gorriak dira ia beraien osotasunean, normalean lau aurpegi gorri dituzte, madarikazioz beteta eta oso balio altuko bi aurpegi urdin, arazketa indar handia daukatenak.
Jokalariak ondo aukeratu beharko du zein kasuetan aukeratu dado seguruak eta noiz arriskutsuagoak. Gainera, beste kolore eta mota gehiago daude, beraien burua “orekatu” bezala aurkezten dutenak eta baita “epikoak” ere, azken hauek, botere gorendunak.
Borroketan dadoen arteko sinergiak bilatzen saiatu beharko da jokalaria. Batzuetan pilatu daitekeen boterea lor daiteke efektu batzuen bidez, beste batzuetan dado bat birjaurti ahal izango dugu, edo dado jakin baten aurpegi zehatz bat aukeratu ere bai. Honelako eraginek jokoaren aurpegi gozagarrienetako bat erakutsiko digute kasu positiboetan eta oso latza dadoek erakustea nahi ez dugun aurpegiak ikusterakoan.
Hemen argi ikusten da dado seguru, orekatu eta arriskutsuen aurpegi mota ratioa.
Horrez gain, gure pertsonaiak madarikazioa jasatean, lehen aipatutako zazpi puntuko esparruan madarikazioa zabalduko zaio, baina berez negatiboa dena, ez da beti horrela izaten. Izan ere, kaltetua izatean pertsonaiaren abilezia bereziak erabilgarri jarriko zaizkigu. Modu honetan, jokoak gure pertsonaiak kaltea jasoaraztera bultzatzen gaitu, abileziak profita ditzagun. Ez ahaztu, jokalariak bere burua sendatu dezakeen arren, horretarako beharrezkoak diren dado aurpegiak lortu beharko dituela.
Sei aurpegidun dadoak izango dira jokalari zein etsaien borrokarako lanabesak.
Dadoei dagokienean, aukera zabal asko izango ditugu, jokaldian zehar dirua lortuz gero. Gure poltsan daramatzagun dadoekin hainbat gauza egin ahalko baititugu: gogoko ez dugun dadoren bat suntsitzea, gogoko dugun dadoren baten kopia bat sortzea edo dado jakin baten aurpegi bakar bat modifikatzea. Honek pertsonalizazio ukitu interesgarria eransten dio, ausazko elementua desagerraraziko ez duen arren.
Dadoak kopiatu, suntsitu eta modifikatzea baimentzen duen denda oso baliagarria da.
Eskuragarri dauden tresna guztiak erabiliz, madarikatutako mundua garbitzeko asmoz
Jokaldi bakoitzean mapa bat azalduko zaigu, kokaleku anitz dauzkana. Hasieratik azter daiteke, ondoren zer etorriko den jakiteko. Batzuetan dadoak jasoko ditugu, beste batzuetan dendak egongo dira eta beste gutxi batzuetan aurreikusi ezin ditugun gertakizun bereziak. Arerioei dagozkien kokalekuak modu argian adierazita daude, mota desberdinetakoen aurka borrokatuko dugu: arerio arrunta, arerio zaila eta arerio nagusia.
Abentura bakoitzean hiru lurralde zeharkatu beharko dira, honek kokaleku bakoitzeko etsai nagusia garaitzea suposatuko du. Zorionez, herrialde bateko nagusia araztu ondoren, galdutako bihotz guztiak berreskuratuko ditugu. Badago laugarren lurralde batera heltzeko modu bat, baina honek esperientzia gehiago eskatuko du eta ezinezkoa izango da lehen jokaldietan.
Kaltea jasotzen dugunean abilezia bereziak aktibatuko zaizkigu (gure madarikazio lerro gainean).
Normalean, jokalariaren pertsonaia bakarrik joango da arerio bakarraren, biren edo hiruren aurka, baina, zenbait kasutan, ez da horrela izango.
Denda batean erosi duelako edo bidean aurkitu duelako, zentinela baten laguntza jaso dezake. Zentinelak gailu laguntzaileak dira, orakuluen esanetara daudenak. Beraien dadoak dauzkate, eutsi dezaketen madarikazio maila bat eta bestelako eragin gehigarriak. Gehienez bi zentinela eduki daitezke aldi berean eta oso lagungarriak suertatzen diren tresnak dira.
Etsai arruntek izar zatiak eman ohi dizkiote jokalariari garaipena lortzen duenean, hauek diru bezala erabili ohi dira denda ezberdinetan. Etsai zailak garaitzean izar bedeinkapenak lortuko ditu, hobekuntza pasibo erabilgarriak eskaintzen dituzten erlikia bereziak dira.
Bukatzeko, etsai nagusiek zulo beltz bedeinkapena eskainiko dute, azken hauek eragin positibo indartsu bat ematen dute, baina aldi berean eragin negatibo dakarte atxikita. Zorionez, arriskatu nahi ez izatekotan uko egin ahal zaie eta izar zati kopuru txiki bat jaso daiteke hauen ordez.
Zentinelak jokalariaren alboetan jarriko dira, bakoitzak bere dado propioa erabiliko du.
Estetikoki, zenbait mugimenduei dagokienean oso ikusgarria ez den arren badauzka bere atal indartsuak. Pertsonaia garbiak gozotasunez adierazita agertzen dira, akuarela edo urmargoz egindako tonu urdin eta zuriak uztartuz. Gaiztotasunak ustelduak izan direnak gorri eta beltzez, eta gure pertsonaien antzeko koloreak erakusten dituzte garaitu eta erabat arazten ditugunean.
Esan bezala, beraien eraso animazioak hoberenak ez izan arren, zutik egoterakoan dauzkaten jarreren mugimenduak badira ondo egindakoak. Pertsonaiak nahiko karismadunak dira beraiei buruz jasoko dugun informazioa oso handia izan ez arren.
Orokorrean, etsaiek madarikazio erasoak darabiltzate, baina jokalariak eraso urdin zein gorriak jasoko ditu erabiltzeko, modu aleatorioan.
Pentsatzeko astia behar dugunean bakean uzten gaituen musika dauka eta garaipenak lortzen ditugunean pozez ospatzen duena, azken hau beste garai batzuetako JRPGren bat gogorarazi dezakeena. Nire ustez astromantzia eta astrologia gaiekin ondo batutako soinu eta musika aukeraketa dauka, baina jokoaren egiturak jarduera eta soinuen errepikapena dakar.
Jokalariak kulturalki “izarrekin lotzen ditugun soinu finak” gustuko ez baditu, esperientzia astunagoa iruditu dakioke honengatik.
Izar bedeinkapenak onura positibo eraginkorrak eragiten dituzten erliki baliotsuak dira.
Gordetze sistema erosoa dauka, gertakizun bakoitza burututakoan, borroka, denda zein bestelakoa izan, mapa berragertuko zaigu eta orduan gordeko da. Jokaldia erdibidean utz genezake arazorik gabe, nahi dugunean jarraitzeko. Gainera, gordetze metodo honek, nahi izanez gero jokalariak tranpatxo bat egitea baimentzen du baita ere: ingelesez Save Scum deritzotena.
Borroka bat gaizki irteten dabilela ikusiz gero menu nagusira irten ahal izango gara, gordetako jokaldia borroka horren hasieratik berrabiarazteko. Dadoen aurpegiak ausaz sortuko dira, seguraski emaitza desberdinekin. Borroka bukatzen ez dugun bitartean, irabazi zein galdu, Save Scum metodoa erabili ahal izango da, nahi beste aldiz.
Urtebete ere ez duen jokoa izanik, oraindik eguneratze prozesuan dago. Gainera, beste plataforma batzuetara hedatzea bilatzen dabiltza. Windows bertsioan dagoeneko badaude jokoaren zenbait mod edo modifikazio sortuta, garatzaileek hauek sortu, kudeatu eta erabiltzeko laguntza eskaini dute.
Batzuetan gertakizun bereziak agertuko zaizkigu, aukera bitxiak eskaintzen dituztenak.
Karta sorten jokoen arloan jadanik murgilduta dabiltzanentzat berrikuntza interesgarria suposa dezake Astrea: Six-Sided Oracles-ek. Bere oinarrizko edukiaren iraupena bederatzi ordu inguruan kokatzen dute.
Generoa ezagutzen ez dutenek ere gozatu dezakete, hasiera erraza eta beharrezkoak diren azalpen guztiak presarik sartu gabe ematen baititu jokoak. Ausazko osagaia duen arren, jokalariari norberaren patua gidatzeko tartea uzten dion astromantzian girotutako abentura dugu.
Iruzkinak