Hobekuntza teknikoak dauzka, baita: PlayStation 5 Pro-an bereizmen gorenean segundoko 60 irudiekin jokatzeko aukera dago orain.

Eguneratze txiki baina interesgarria prestatu du Team Asobi-k Astro Bot sariturako. Maila zein robot txiki berriak iritsi dira iazko bideojokorik onenetarikora.

Bost maila iragarri dituzte egileek, baina ez ditugu guztiak batera jasoko. Lehena, Tick-Tock Shock izenekoa, dagoeneko joka dezakegu, baina Thrust or Bust, Cock-A-Doodle-Doom, Hard to Bear eta Armored Hardcore datozen egunotan gaineratuko dituzte, astean bat, martxoaren 13ra arte.

Erronka mailak dira prestatutakoak: abentura dagoeneko bukatuta daukaten jokalaririk trebeenek gainditu nahiko dituzten desafioei aurre egin beharko zaie, beraz. Bot berriak salbatzeari ekingo diogu: PlayStationen ibilbideko bideojokoetako protagonistak eta bestelakoak aurkituko ditugu berriro.

PlayStation 5 Pro kontsola daukatenek are berritasun gehiago ikusiko dituzte. Eguneratzearekin segundoko 60 irudien tasarekin jokatzeko aukera inplementatu dute, oraingoan, “bereizmenik onenean”; oinarrizko kontsolak ere fps tasa berean mugitzen du jokoa, baina, karga grafikoaren arabera, irudiaren kalitatea murrizten du bereizmen dinamikoarekin.

Ez da jokoarentzako doako edukiak eskaintzen dituzten lehen aldia: aurretik ere mailak zein ekimen bereziak gaineratu dituzte robot txikiaren hirugarren abenturan.

Astro Bot iazko titulurik onena izan zen askorentzat; hots, Game Erauntsia Sariak 2024 bozketan urteko jokorik onenaren kategorian irabazi zuen. PlayStation 5eko esklusiboa da Astro Bot.