Steam Deck-aren moduko eskuko ordenagailua izango da: Windows-ekin funtzionatuko du, eta Ryzen Z1 prozesagailuekin merkaturatuko da.

Eskuko PC-en merkatua sekulako erritmoan hasten hasi da. Hurrengo gailua Asusen eskutik etorriko zaigu: ROG Ally deituko da, eta maiatzaren 11n egingo duten aurkezpenean ezagutuko ditugu bere zehaztapen zein xehetasun guztiak.

Zuzenekoa 16:00etan abiatuko dute, eta ROGen YouTube zein Twitch kateetatik jarraitu ahalko da.

Ezagutzeko datu batzuk falta dira bakarrik, ordea; egia esan, apirilaren 1etik hainbat eduki sortzaileren eta adituren eskuetatik igaro da ROG Allya. Agerikoa denez, Steam Deckaren zein beste hainbat eskuko PCren antzeko ezaugarriak partekatuko ditu: hau da, jokatzera bideratutako tresna izango da.

Zazpi hazbeteko 1080p bereizmendun, 16:9 formatudun eta 120Hz-ko berrizte tasadun pantaila aurkezten du; memoria aldetik, 512 GB-eko SSD disko gogorrarekin merkaturatuko da; aginte arrunten botoi eta stick guztiak biltzen ditu —trackpad-ik gabe—, nola ez; kaskoen, microSD txartelaren eta USB-C kablearen sarrerak ditu, besteak beste. USB-C sarrera berezia edukiko duela nabarmentzekoa da: Asus XG sarrerarekin kanpoko GPU-ak konektatzeko aukera edukiko du, errendimendua areagotzea ahalbidetuz. Ez da gutxi.

Potentzia aipatzen hasita, ROG Allyak dakarrenarekin ia edozer mugitzeko gai izango garela aipatu behar da. Izan ere, AMD-ren Ryzen Z1 prozesagailu berriekin batera merkaturatuko da gailua; hain zuzen ere, Steam Deckaren Van Gogh txipen oinordekoak. Atzo bertan ezagutu genituen txipok bi bertsiotan iritsiko dira, Z1 eta Z1 Extreme. Momentuz Asusentzat esklusiboak izango direnez, bi ROG Ally bertsio desberdin ikusiko ditugu.

Ryzen Z1en zehaztapenei dagokienez, bertsio arruntak erabiltzen duen Zen 4 CPU-ak 22MB-eko cache-a duten hamabi hariko sei nukleo dauzka; RDNA 3 grafikak, berriz, lau nukleo dakartza.

Ryzen Z1 Extremearen kasuan, Zen 4 prozesagailuak hamasei hariko zortzi nukleo ditu, 24 MBeko cachearekin. RDNA 3 GPUa erabiliko du honek ere, baina hamabi nukleorekin.

Desberdintasun nabarmenekin ikaragarrizko errendimendua eskainiko dute biek. Esaterako, Red Dead Redemption 2-n 1080p-ko bereizmenean —eta grafikoak baxuan ezarrita— 25fps-tara eta 47fps-tara iris daitezke Z1 eta Z1 Extreme txipak, hurrenez hurren.

ROG Allyaren sistema eragilea aipatu behar dugu, noski. Ez du berezko sistema eragilerik erabiliko: Windows 11-rekin kaleratuko dute Asusekoek. Hori bai, software aldetik bere programak erabiliko ditu, Armory Crate, adibidez, interfazea txukuntzeko.

Bukatzeko, ziurrenik interesatuenentzako alorrik garrantzitsuena: prezioa. Asusek ez du aipatu preziorik oraindik, baina Steam Deckaren alboan dezente garestiagoa izatea aurreikusten da, adibidez. Gauza bera gertatzen da argitalpen datarekin.

Hauek guztiak eta gehiago ezagutzeko garaia, aipatu bezala, maiatzaren 11 izango da, Asusek ROG Allyaren ekimen berezia egiten duen eguna.