Thunder Lotus Games-etik aurrerapen handiak egin dituztela diote, baina ezingo dute aurten kaleratu. Akzioa, puzzleak eta narratiba sakona uztartuko ditu.

At Fate’s End akzio eta abentura tituluak urtebete baino gehiago darama desagertuta, baina bizirik. Thunder Lotus Games estudioak berandutzea iragarri du, 2027ra joango dela aditzera emanez; zorionez, jokoak eskaintzeko duena erakusteko demoa argitaratu dute egileek.

Azaldu dutenagatik, 2025ean iragarri zutenetik hona, “aurrerapen handiak” lortu dituzte jokoaren garapenean. Hala ere, oraindik ez daude prest, eta zaleei denbora gehiago eskatu diete estreinaldia ahalik eta egokiena izateko, aldi berean, “itxaronaldiak mereziko duela” aldarrikatuta.

2D estetika ederra agertzen du At Fate’s Endek; ez da harritzekoa, egileak Spiritfarer zoragarriaren garatzaileak direla ezagututa. Azken honek “agur esatera gonbidatu” zituen jokalariak, baina, abentura berriarekin, “esanda utzi gabekoei aurre egitera” bultzatu nahi dira. Oraingoan, jokagarritasun mekanikak zeharo aldatuko dituzte, duelu ikusgarri zein bizkorrak ardatz diren obra eratzeko. Horretara mugatu gabe, narratiba sakona eta xehetasunez betetako mundua nahiz pertsonaiak prestatzen dabiltzala dirudi.

Hemlock klanaren oinordeko Shan izango gara. Aesus jainko ezpata eskuan hartuta, familiako kideekin harremanak estutzen, edo, unea helduta, borrokatzen ariko gara. Patuak eta istorioak pisu handia edukiko dute abenturan: gure erabakiekin bide berriak desblokeatzen joango gara, hizketaldi luzeetan erantzunak zein ondorioak ikusita.

Izan ere, “duelu sistema bikoitza” prestatu omen dute. Alde batetik, ezpatarekin biziko ditugun norgehiagoka bizkorrak eta dinamikoak daude; bestetik, erabakiz betetako borroka dialektikoak.

Hizketaldien eta abenturan zehar biltzen dugun ezagutzaren fruituak berezko abilezien zuhaitzean islatuko dira. Familiarteko harremanak eta loturak landuta zein eraldatuta lortuko ditugu ahalmen desberdinak; nola ez, hartutako bideak jokoaren bukaera itxuraldatzeko balioko dute.

Probaldia PCan estreinatu da: Steam plataforman aurkituko dugu demoa. Datorren urtean At Fate’s End estreinatzerakoan, PC, PlayStation 5 eta Xbox Series bertsioak edukiko ditu.