Doako bideo-jokoetan jarraitzeko asmoa agertu duten arren, ordainpeko obra handietan ardazteko erabakia hartu dute.

Atari enpresaren bideo-jokoen departamentu Atari Gaming-ek bere estrategia komertzialean aldaketa handiak iragarri ditu. Zuzendaritza batzordeak jakitera eman duenez gailu mugikorretarako sortzen ibili izan diren doako jokoak alboratu, eta ordainpeko kalitate handiko lanak garatzeari ekingo diote aurrerantzean.

Berria Games Industry agerkariak eman du. “Edozein joko-esperientzarekin daukagun asmoa jokatzerakoan une erakargarriak eta alaiak sortzea da”, adierazi die Wade J. Rosen Atariko zuzendariak. “Hori da atariren nukleoa, eta gure historia gure etorkizunarekin batzen duena. Helburu horrekin premium bideo-jokoek joko-esperientzia hori eta Atariren DNA hobeto ordezkatzen dutela uste dugu”, azaldu du orain bi hilabete izendatutako arduradun nagusiak.

Hori horrela, Atari VCS deitutako PCaren eta kontsolaren arteko gailu hibridoa indartu egingo dutela diote arduradunek. Gailu honetan Atariren 100 bat bideo-jokotara jokatu ahal da, eta zerrenda hori etorkizunean hazi egingo da estrategia aldaketa honen ondorioz sortutako jokoekin.

Bideo-jokoak sortzeko ardatzak aldatuko dituzten arren dagoeneko merkatuan dituzten doako produktuen hazkundearekin eta hedapenarekin “konprometituta” jarraitzen dutela adierazi du Rosenek. Hala ere, bestelako jokoak alboratu egingo dituzte: horien artean aurkitzen dira Roller Coaster Tycoon Stories, Crystal Castles, Castles & Catapults, Ninja Golf, eta Atari Combat: Tank Fury obrak.

Guzti horien hazkundea eten edo zuzenean saldu egingo dituztela nabarmentzen dute artikuluan. Afrikan abiarazitako Atari Casino ekimena ere bertan behera geratuko dela baieztatu dute.