Deck13 Interactive estudioak fantasiazko akziozko RPG lana argitaratuko du maiatzaren 13an.

Atlas Fallen urte erdiz desagertuta egon da, baina Focus Entertainment argitaletxetik jokalariei zer nolako jokagarritasuna proposatuko duen erakusteko unea dela erabaki dute. Horretarako gameplay trailerra kaleratu dute, jokoa lehendabiziz mugimenduan zer moduz ikusten den azalduta.

Fantasia elementu nabarmenak dituen akziozko RPG abentura dugu Atlas Fallen. Deck13 Interactive taldea garatzen ari da: The Surge edo Lords of the Fallen sagen arduradunak, hain zuzen ere. Soulslike generotik urrundu, eta oraingoan Darksiders edo God of War frankizietatik hurbilago dagoen titulua prestatzen dabiltzala aditzera ematen du argitaratutako bideoak.

Hori horrela, magiaz betetako borroka biziak, izaki erraldoiak eta itxuraldatzeko ahalmena duen arma nagusia ageri dira hondarrez betetako munduan; azken honekin aizkora, mailua, ezpatak zein eskularruak eratuko ditugu borrokan egiteko.

Atlas Fallenen arduradunak PlayStation Blog-etik pasa dira jokoari buruzko xehetasun gehiago emateko. Esentzia izeneko mekanikari buruz hitz egin dute bertan: protagonistaren esku babesak hau eraldatzeko ahalmena dauka, objektuak zein eraikinak formaz aldatzeko abilezia emanez.

Horri esker lortuko dugun mugikortasuna azpimarratu nahi izan dute, bidaia bertikalak nahiz abiadura handiak nabarmenduta. Airean hegan egiten, eraikinak altxatzen zein kokalekuetako elementuak apurtzeko ariko gara esku babesarekin.

Harrigarriena? Jokagarritasuna lehen aldiz erakutsi badute ere, bi hilabete eskas baino ez dira geratzen Atlas Fallen kaleratzeko: maiatzaren 13an estreinatuko da Deck13ren lana. PC-an nahiz PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan jokatu ahalko dugu.