Bi estudioen artean 145 langile kanporatuko dituzte. Montrealgo bideojokogileek egoera latza bizi dute Kanadako gobernuak ezarritako zergen ondorioz.

Bideojokoen industriako kanporatzeekin jarraitzen dugu: Avalanche Studios eta Behaviour Interactive garatzaile taldeek hainbat kaleratze iragarri dituzte.

Avalanche Studios Group-en kasuan, enpresa suediarrak bi estudio itxiko dituela aditzera eman du bere webgunean argitaratutako prentsa oharraren bidez: New York eta Montreal hirietan kokatutakoak, hain zuzen ere. Just Cause, Mad Max edo Rage 2 bezalako jokoen egileek 50 langile botako dituzte, lantaldearen % 9 inguru. Une honetan Contraband garatzen dabiltza, eta, zurrumurruen arabera, Just Cause 5.

Behaviourrek, berriz, 95 langile iraitziko dituela jakinarazi du; horietatik 70 Montrealgo lantaldekoak dira. Dead by Daylight arrakastatsuaren arduradunak dira, baita Meet Your Maker ezagunarena ere. Urtarrilean 45 langile kaleratu zituzten. Prentsa oharrean ohiko zergatiak eskaini dituzte: “Enpresaren egitura aldaketak”.

 

Montreal, indarra galtzen

Atzean dagoen arrazoia, ordea, beste bat izan daiteke; izan ere, Montrealek “bideojokoen Hollywood edo Silicon Valley” ezizena irabazi du azken urteotan gobernuak bideratutako dirulaguntzen ondorioz. Bertan aurkitzen dira Ubisoft Montreal, Eidos Montreal, WB Games Montreal, Tribute Games edo Bethesda Game Studios-en Kanadako egoitza, besteak beste.

Hirian multimedia edukiak sortzen dituztenek hainbat laguntza jasotzen dituzte Quebec estatuko bizilagunen zergen ondorioz. Zoritxarrez, hori aldatzen ari da, eta dirulaguntzak desagertzen dabiltza.

 

10.200 kaleratze aurten

Urte gogorra izaten ari da 2024a bideojokogileentzat. 2024an 10.200 sortzaile kaleratu dituzte industrian, marka guztiak hautsita: programatzaileak, artistak, marketing arduradunak eta bestelakoak biltzen ditu zifra horrek.

Hilabeteotan bideojokoen industriari lotutako enpresa handi gutxi geratu da langilerik kanporatu gabe: PlayStation, Xbox, EA, Ubisoft, Riot Games, Unity, Twitch… Guztien zerrenda biltzen du Game Industry Layoffs webguneak.