Lehengunean Steam saltokian nabigatzen ibili nintzen, eta Awaria izeneko joko sinple, labur nahiz interesgarri hau aurkitu nuen, debalde joka daitekeena. Enpresa bateko sorgailuak konpontzera joan beharko da jokalaria, han dabiltzan mamuen aurkako babesa indarrean mantentzeko.

 

Enpresa suntsitu nahi duten mamuak geldiarazten

Jokoak proposatzen duen egoera nahiko bitxia da. Enpresa bateko sorgailuak piztuta eta lanean mantendu beharko ditugu. Sorgailuek, argindarra emateaz gain, mamuak uxatzen dituzte. Sorgailuetako baten bat hausten denean mamuek erasotzeko aukera baliatzen dute, eta beharrezkoa izango da haiek konpontzea mamuak kanporatu ahal izateko.

Zenbait gailutan, osagaia hartu bezain pronto botoia berriz sakatzea komeni da, hurrengo alea ekoizten has dadin.

 

Jokalariak kontrolatzen duen teknikariari sorgailuak konpontzeko eskatu dio bere nagusiak. Erasoko dioten mamuak emakume itxurakoak dira (eta, teknikaria bera ere, emakumezkoa da). Sorgailuak konpontzerakoan eta mamuak ahultzerakoan gure teknikariak mamuak baretuko ditu, orokorrean musu bat emanez edo gozokiak oparituz. Ez dakit zehazki esaten zer jaki ematen dizkien: pasteltxo, flan edo gelatinazko mokadutxoak direla uste dut, baina ez nago ziur.

Horrela, errepikatzen doan prozesu bat biziko dugu. Mamu mota baten agerpena, jokalariak sorgailuak konponduz eta mamuaren erasoak saihestuz maila gainditzea eta amaitzeko, mamua lasaitzea.

Jostagarritasun sinple bezain azkarra aurkezten du bideojokoak, erasoak saihesteko trebetasuna beharrezkoa da.

 

Bi dimentsioko jokoa dugu Awaria eta jokatzean, kontrolak erraz-errazak dira. Joko-palanka edo gurutzeta erabiliz gure teknikaria mugituko dugu. A botoia sakatuz ekintzak gauzatuko ditugu: sorgailuari zer osagai falta zaion aztertu, osagaiak hartu edo osagaiak jarri. B botoiak ere beste erabilera batzuk izango ditu beranduago, baina hasiera-hasieran flanak jateko balioko du soilik (ez du erabilera praktikorik).

 

Erraz ulertzekoa, baina erabat menperatzeko zaila

Jokoaren mekanika azkar ulertuko du jokalariak. Maila bakoitzean gela bakarrean ibiliko da teknikaria, eta bertan sorgailu bat edo gehiago egongo dira. Sorgailuak bat-batean hausten dira mamuen eraginez, eta hauek hainbat aldiz konpondu beharko ditu mamuak indargabetzeko.

Berez, sorgailuetara osagaiak eramatea ez da lan zaila, benetako arazoa mamuak dira. Mota ezberdinetakoak dira, eta bakoitzak eraso nahiz mugimendu bereziak dauzka. Batzuek oinaztuak kontrolatzen dituzte, baina tximistak ez dira zaindu beharko dugun arrisku bakarra: batzuek aliketa itxurako jaurtigaiak dituzte, badaude lurrean tranpak ezartzen dituztenak ere bai, eta badago sua kontrolatzen duen norbait ere. Guztiak daude kolore berdedun aura batez inguratuta, eta hauen erasoak ere bai. Beraz, orlegi koloreko zerbait hurbil ikusiz gero, komeni da lehenbailehen ihes egitea.

Mamu batzuek eraso oso bortitzak sortzen dituzte, oinaztu zaparrada hau, esaterako.

 

Sorgailuak konpontzeko zenbait osagai sortzen dituzten makinak egongo dira gelan. Sorgailu bat apurtzen denean teknikariak ez du jakingo zein osagai beharko duen konpontzeko, "?" ikurra agertuko zaio aldamenean. Sorgailura hurbildu eta azter dezake zalantza hori argitzeko.

Sorgailuak konpondu eta mamuak ahultzerakoan gure teknikariak mamuak baretuko ditu.

Beste aukera bat zera da, sorgailuak behar duen osagaia jakin gabe joatea sorgailura ikustera, jokalaria zortedun badabil beharrezko osagaia eramango du beharbada, denbora aurreztuz. Beharrezkoa zen osagaia ez badauka, hori ematen duen makinara joan beharko da jokalaria. Teknikariak bi osagai soilik eraman ditzake aldi berean, esku bakoitzean bat.

Jokoa konplikatzen joango da, eta, ondorengo mailetan, osagaia sortzeko makina batzuek lehenik beste osagai bat jaso eta prozesatze denbora bat itxaron behar dela ikusiko du jokalariak. Horrek osagaiak eraman eta banatzearen ataza zailduko du. Kasu askotan hainbat zeregin aurreikustea eskatuko dio horrek.

Zenbait osagai ekoizteko lehenik beste osagai bat sartu beharko dugu osagaiak sortzeko makinan.

 

Gainera, sorgailuek konponduak izateko atzera kontu bat daukate, derrigorrez errespetatu beharrekoa. Arlo horretan kale egiteak berriro hasi beharra dakar.

Jokoak ondo neurtutako zailtasun sistema dauka. Modu errazak hainbat akats barkatzen dizkio jokalariari, eta sorgailuek ez daukate atzera konturik. Zailtasun ertaina jokoa lehen aldiz probatzeko aproposena begitandu zait. Azken mailek erronka polita aurkezten dute, baina jasotako eraso batez babesten gaituen drone bat daukagu, hamar segundoero berriro konpontzen dena. Amaitzeko, mailarik zailenean ez daukagu dronerik, oso zuhur jokatu beharko dugu inolako akatsik ez egiteko.

Sorgailu bat apurtzen denean teknikariak ez du jakingo zein osagai beharko duen konpontzeko.

Mailak egiten goazen heinean egilearen artea eta azalpenak dituzten dokumentuak askatzen joango gara, diru erreala erabiliz ere lor daitezkeenak. Bertan pertsonaiei zein garapen prozesuari buruzko informazio gehiago jasoko du jokalariak. Guzti-guztiak dirua ordaindu gabe lortzea erronka polita iruditu zait.

Egilearen idazkiek informazioa ematen dute garapen prozesuaren gainean eta hainbat irudi interesgarriak begitandu zaizkit.

 

Jokoak ez dauka Steam Cloudik, beraz, gordetako jokaldia beste gailu batean jarraitu nahi izatekotan eskuz kopiatu behar izango dugu.

Awaria ezkutuan zegoen debaldeko joko txiki, labur eta interesgarria iruditu zait. Pertsona bakar batek eginda, proposamen sinple baina duina dela pentsatzen dut. Jokoak zailtasun esparru handia hartzen du modu errazenetik zailenera. Debalde dagoela jakinda, azaldutakoak zure arreta bereganatu badu, probatzea gomendatzen dizut. Jokoaren oinarrizko edukia bukatzeak bi ordu inguru eska dezake, eta, zailtasun zailenean amaitzeak, beste pare bat beharbada, Steamen jaso dituen iruzkinen % 96 positiboak dira.