Proba eroen ekitaldia izan da aurtengoa: New Super Mario Bros Wii oinekin eta pianoarekin jokatuz gainditu dute, eta Elden Ring-en hainbat buruzagi saxofoiarekin garaitu.
Awesome Games Done Quick ekimen dibertigarriak 2025eko jarduera burutu du. Ongintzara bideratutako topaketak 2.556.305 dolar biltzea lortu du aurten speedrun erronka desberdinen bidez.
Prevent Cancer Foundation-i eskainiko diote, ohi bezala, batutakoa: bideojokoak ardatz dituen ekimenaren helburu nagusia minbiziari aurre egiteko fundazioei laguntza eskaintzea da.
Publikoaren eta ikusleen dohaintzen bitartez lortzen dute xede hori; are gehiago, Humble Bundle enpresarekin Speedrunning with Awesome Games Done Quick Bundle bezalako jokoen eskaintza bereziak ere antolatzen dituzte, Ori and the Blind Forest, Have a Nice Death edo Shenmue I & II jokoak eskainita —hiru egun geratzen dira aurtengoa bukatzeko!—.
AGDQen 15 urteko ibilbidean —neguko saio nagusiak zein udako Summer Games Done Quick ekitaldiak antolatzen dituzte, besteak beste— karitaterako 50 milioi dolar baino gehiago bildu dituztela ospatzen dute antolatzaileek; prestakuntza guztian bidelagun edukitako 3.000 langileei, boluntarioei eta speedrunnerrei eskerrak eman dizkiete, baita ikusleei ere.
Urtarrilaren 5etik 12ra bitartean gauzatu dute 2025eko topaketa. Denetariko bideojokoez gozatu ahal izan dugu: Portal 2, Astro Bot, The Legend of Zelda: The Wind Waker, Rain World: Downpour edo Red Dead Redemption: Undead Nightmare igaro dira AGDQetik, titulu zaharrak zein berriak, AAAk nahiz indie lanak bilduta.
Proposamen zoroen urtea izan dela esan beharra dago. Ikusi ditugun erorekien artean New Super Mario Bros Wii oinekin eta buruarekin gainditzearena dago… pianoa jotzen ari den bitartean —eta begiak estalita, une batean!—. Speedrunnerren munduak ez du atsedenik hartzen, argi dago.
Musikari lotutako beste erronka bat nabarmentzekoa da: Dr. Doot jokalariak saxofoia hartuta Elden Ringen bukaerako hainbat buruzagi garaitzea lortu du. Barrez lehertzeko speedrun horietakoa.
Datozen urteotan behin eta berriro ikusiko dugun jokaldia da, ordea, Crazy Taxi mitikoarekin egindakoa. Jokoaren soinu banda originala benetan maitatua da The Offspring edo Bad Religion taldeen abestiengatik, baina gaur egun lizentziekin arazoak ditu Segaren tituluak. Hori saihesteko, zuzeneko musikarekin uztartutako speedruna prestatu dute aurten. Zoragarria.
Bukatzeko, Super Metroid halako ekimenetako izarretako bat izan ohi da, beste hainbat metroidvania jokorekin batera. Oraingoan, baina, lau jokalariren arteko randomizer lasterketa plazaratu dute.
Speedrun jokaldi guztiak AGDQen webgune ofizialean zein euren YouTube katean ikus ditzakegu.
Iruzkinak