Gabonetako kanpainak abian jarri dituzte bideojokoen enpresa nagusiek.

Azaroan sartu gara: bideojokoentzat hilabeterik garrantzitsuenetakoa dela esan dezakegu. Izan ere, gabonetarako prestatzen hasiak dira enpresa handiak zein garatzaile txikiak. Kontsolak saldu eta promozio kanpainak indartzeko, nola ez, estreinaldi interesgarriak nahiz erakargarriak ikusiko ditugu datozen egunotan. Goazen beraz azaroko bideojokorik interesgarrienak ezagutzera.

 

Sonic Frontiers

  • Argitaratze data: 2022-11-08
  • Garatzailea: Sega
  • Generoa: Plataformak, abentura
  • Plataformak: PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One, Switch

Segaren triku urdina bueltan da, azken urteetako bideojokorik handiena eskaintzeko asmoarekin. Mundu ireki erraldoia esploratzera eramango gaitu Sonic Frontiersek; horrez gain, borroka sistema eraberritua aurkeztuko du.

Zaleen poza zein haserrea eragitea lortu dute bideojokoaren arduradunek: azaroaren 8an ikusiko dugu jokoak benetan merezi ote duen.

 

God of War Ragnarök

  • Argitaratze data: 2022-11-09
  • Garatzailea: Sony Santa Monica Studio
  • Generoa: Akzioa, abentura
  • Plataformak: PlayStation 5, PlayStation 4

Kratos eta Atreus aita semeen hurrengo abentura da, inolako zalantzarik gabe, PlayStationeko jokalariek gehien espero duten jokoa. Ragnarökekin aurreko tituluan aurkeztutako guztia hobetu eta hedatu nahi dute Santa Monicakoek; egia esan, trailerretan erakutsitakoak aparteko itxura dauka.

Kolpeak, aizkorakadak, eskandinaviar mitologiako jainkoak eta izakiak zein Kratosen haserrea barra-barra ikusiko ditugu, hori argi esan dezakegu.

 

Somerville

  • Argitaratze data: 2022-11-15
  • Garatzailea: Jumpship
  • Generoa: Akzioa, abentura
  • Plataformak: PC, Xbox Series, Xbox One

Inside-n eta Limbo-ren sortzaileetako batek, Dino Pattik, 2017an iragarritako lana da Somerville. Trailer guztiek itxura aparta daukaten arren, gutxi dakigu mekanikei zein gidoiari buruz. Estralurtarren inbasioa eta familia baten biziraupena batuko ditu, Mundu Gerra eleberriarekin antzekotasunak mantenduz.

Kontrolatzeko protagonista desberdinak eta hartu beharreko erabaki gogorrak ikusiko ditugu Somervillen.

 

Pokémon Scarlet eta Violet

  • Argitaratze data: 2022-11-18
  • Garatzailea: Game Freak, The Pokémon Company
  • Generoa: RPG, abentura
  • Plataformak: Switch

Pokémonen zaleek titulu mordoa jaso dute azken hilabeteotan. Hala eta guztiz ere, azaro erdialdean estreinatuko diren Scarlet eta Violet izango dira aspaldiko interesgarrienak. Mundu guztiz irekia —oraingoan benetan, printzipioz—, Paldea eskualde berria, sakelako munstro ezezagunak eta mekanika interesgarriak bilduko ditu Game Freakekoen hurrengo lanak.

Zein da aukeratuko duzun bertsioa? Are garrantzitsuago… Sprigatito, Fuecoco edo Quaxly, zein izango da hasierako abenturak bizitzeko hautatuko duzun pokémon hori?