Hilabeteko estreinaldirik interesgarrienak errepasatu ditugu: Kiryu Kazuma yakuza ohia ere etorriko da, Hogwarts ikastetxeko abenturak Switch-era iristeaz gain.

2023ko azken txanpan sartuta, euriteekin topo egin dugu. Bazen garaia, hainbat eta hainbat arrazoirengatik, baina bideojokoei heltzeko garairik aproposenari hasiera eman diote haize zakarrok eta urak. Zorionez, azaroan ere zertan jokatu izango dugu; izan ere, askotariko generoetako tituluak kaleratuko dira datozen egunotan.

Call of Duty tiro joko mitikoaren misio berritik hasita, Mario iturginaren jokorik maitatuenetakoaren berregitera pasako gara, adibidez: Modern Warfare 3k ohiko tiroketak eskainiko dizkigu, baina Super Mario RPG jarraitu beharreko txandakako rol abentura dugu.

Bestelako obra interesgarriak ere datoz, noski: The Talos Principle 2 puzzlezaleentzat aproposa izango da, eta Sega-ren Yakuza frankiziaren jokalariek abentura berria jasoko dute.

 

The Talos Principle 2

  • Argitaratze data: 2023-11-02
  • Garatzailea: Croteam / Devolver Digital
  • Generoa: Puzzleak
  • Plataformak: PC, PlayStation 5, Xbox Series

Puzzleak izango dira berriz The Talos Principlen ardatza. Grabitatea protagonista duten buru hausgarriak, kontzientzia transferentzia lantzen duten erronkak zein portalez betetako kokalekuak ikusiko ditugu robotez betetako munduan.

Hau guztia aipatuta, Croteamen joko maitatuaren jarraipenak gidoi sakona eta argitzeko sekretu mordoa ere agintzen ditu. Urteko bideojokorik interesgarrienetakoa, zalantzarik gabe.

 

Star Ocean: The Second Story R

  • Argitaratze data: 2023-11-02
  • Garatzailea: Square Enix
  • Generoa: JRPG
  • Plataformak: PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Switch

Star Ocean saga ez da agian ezagunena gure lurretan, baina JRPG saga beteranoak milaka jarraitzaile ditu mundu osoan. Nagusiki, frankiziako bigarren jokoaren ondorioz. Horixe bera da The Second Story R honek berregiten duena: pixel art HD atal grafiko eraberrituarekin fantasia eta zientzia fikzioa uztartuko ditu.

Lehen balorazioak irakurtzeko aukera eduki dugu, eta, egia esan, ezusteko galanta hartu dugu: analisiek nota bikainak jarri dizkiote remake-ari. Aspaldiko jarraitzailea ala hasiberria izan, Star Oceanen munduan barneratzeko ezin hobea dela dirudi.

 

Like a Dragon Gaiden: The Man Who Erased His Name

  • Argitaratze data: 2023-11-09
  • Garatzailea: Ryu Ga Gotoku Studio / Sega
  • Generoa: Akzioa
  • Plataformak: PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One

Kiryu Kazuma desagertuta ibili da hainbat urtez, baina Yakuza sagako protagonista ohia Like a Dragon Gaidenekin itzuliko da. RGG Studioren abenturen ohiko ideia eta mekanikak bilduko ditu: Japoniako hainbat auzo esploratzen ibiliko gara, bidean mafiosoak eta bestelako gaizkileak kolpeka zigortuz.

Dena den, bideojoko motzagoa eta txikiagoa izango da Gaiden. Like a Dragon eta estreinatzear dagoen Infinite Wealth lotuko dituen istorioa kontatuko digu.

 

Call of Duty: Modern Warfare III

  • Argitaratze data: 2023-11-10
  • Garatzailea: Activision / Sledgehammer, Infinity Ward, Treyarch
  • Generoa: Tiro jokoa
  • Plataformak: PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One

Ia urtero bezala, CoD berria merkaturatzeko garaia da dagoeneko. Aurten Modern Warfaren berregiteekin jarraituko dute Activisionekoek; zehazki, azpisagaren hirugarren atalaren remakearekin. Ez dugu ezusteko handirik aurkituko: Price kapitainarekin mundua salbatzeari ekingo diogu berriz.

Multijokalaria izango da, zelan ez, bideojokoaren izar nagusia. MW2 originaleko guneak berregin dituzte orain mapen zerrenda osatzeko, eta zonbien modalitatea ere itzuliko da mundu ireki erraldoiarekin.

 

Hogwarts Legacy

  • Argitaratze data: 2023-11-14
  • Garatzailea: Warner Bros. Games / Avalanche Software
  • Generoa: Puzzleak
  • Plataformak: Switch

PCtik zein PlayStation eta Xbox kontsoletatik igaro ondoren, Switchera iristeko txanda da Hogwarts Legacyrentzat. Harry Potter aztiak ikasitako gazteluan eta bere inguruetan girotzen den abentura ederrak sekulako arrakasta lortu du urte hasieran estreinatu zenetik.

Errendimendua zer nolakoa izango den ikustea geratzen zaigu, baina: duela egun batzuk Switcheko bertsioaren lehen irudiak erakutsi zituzten, baina oraindik ez dute bideorik argitaratu.

 

Super Mario RPG

  • Argitaratze data: 2023-11-17
  • Garatzailea: Nintendo
  • Generoa: Abentura, JRPG
  • Plataformak: Switch

Azaroko azken estreinaldi handia Mariori dagokio. Urrian Super Mario Bros. Wonder bikainarekin etorri ondoren, SNES kontsolako bideojokorik mitikoenetakoaren berregitearekin itzuliko da iturgina: Nintendok Square-kin garatutako Super Mario RPG: Legend of the Seven Stars-ekin, hain zuzen ere.

Txandakako borrokak eta istorio ederra aurkituko ditugu. Remakerako atal grafikoa osorik zaharberritu dute, originalaren estetika mantenduz: Peach, Bowser, Geno eta Mallow itzuliko dira Mariorekin batera arrisku handiagoari aurre egiteko.