Mario & Luigi: Brothership, Dragon Quest III HD-2D Remake, S.T.A.L.K.E.R. 2: Heart of Chornobyl edo Microsoft Flight Simulator 2024 datoz, besteak beste, egunotan.

Azaroa ez da hilabeterik erakargarrienetakoa izango askorentzat. Ez da bideojokalarien kasua: eguberrietako kanpaina bultzatu aldera, estreinaldiz betetako egunak dira hauek, urteko argitalpenik handienak bilduta. Aurtengoan denbora luzez esperotako tituluak jasoko ditugu, hain zuzen ere.

Zeintzuk? Tira, Nintendo-ren JRPG saga maitatuaren itzulera ikusiko dugu, hasteko, Mario & Luigi: Brothership alaiarekin; JRPGekin jarraituz, japoniarrentzat sakratua den Dragon Quest III berreginda dator HD-2D Remakearekin; hegazkintza berpiztera datoz Microsoftekoak beren Flight Simulatorren atal berriarekin; bukatzeko, hau bai hau, S.T.A.L.K.E.R. 2 azkenik, eta oraingoan benetan, estreinatuko da laster.

Ez dira, baina, hilabeteko joko bakarrak izango: errealitate birtuala, LEGOren orain arteko jokorik handiena zein indie interesgarriak ere etorriko zaizkigu.

Kontsola berria dator, gainera! Tira, ez guztiz berria, baina bai zenbait polemika piztu dituena: PlayStation 5 Pro modeloa merkaturatuko du Sony-k azaro honetan.

 

Metal Slug Tactics

  • Argitaratze data: 2024-11-05
  • Garatzailea: Ballistic Moon / PlayStation
  • Generoa: Estrategia
  • Plataformak: PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One eta Nintendo Switch

Arkade aretoetako klasiko bat biziberritu nahian dabiltza Leikir estudioa eta DotEmu argitaletxea. SNK etxearen Metal Slug run and gun saga hartu, eta txandakako borrokak zein estrategia ardatz dituen Tactics eratu dute.

Hori bai: originalen estetika eta pixel art ederrak mantentzen dira. Marco, Tarma eta gainerakoak kontrolatuta, lauki sareek osatutako dueluetan barneratuko gara.

 

Mario & Luigi: Brothership

  • Argitaratze data: 2024-11-07
  • Garatzailea: Nintendo
  • Generoa: JRPG
  • Plataformak: Switch

Mario & Luigi azpisaga Nintendoren kontsola eramangarrietako ikurretako bat da Game Boy Advance-n garaietatik. Laster iritsiko zaigun Brothership da, halere, mahaigaineko gailuan —tira, hibrido— estreinatzen den lehena, baina gainerakoen mekanikak eta oinarriak mantenduko ditu.

Horrela, iturginak kontrolatuko ditugu mundu zoroa esploratzeko, egoera dibertigarriak bizitzeko, eta txandakako JRPG borroketan parte hartzeko. Paper Mario sagan jazo modura, dueluetan QTE ekintzek eta une egokian zanpatutako botoiek dute garrantzia.

 

Metro Awakening

  • Argitaratze data: 2024-11-07
  • Garatzailea: Vertigo Games
  • Generoa: Akzioa, VR
  • Plataformak: PC, PS5

4A Games taldearen tiro joko sarituak hartu ditu Vertigo Games taldeak, girotzea bereganatuta errealitate birtualeko abentura ikusgarria eratzeko. Metro Awakeningek Moskun barneratzera eramango gaitu berriro, baina VR kaskoak jantzita oraingoan.

Artyom protagonista alboratu, eta istorio guztiz berria biziko dugu. Erradiazioari aurre egiteko tresnak jantzi beharko ditugu, baita munstroen aurkako tiroketak bizi ere. Tentsioa nagusi izango dela ikus daiteke… eta sekulakoa dirudi.

Plataformak PC eta PS5 dira, baina are garrantzitsuagoak dira, ziurrenik, onartutako VR gailuak: ordenagailuetan Meta Quest 2 zein 3 gailuekin joka dezakegu, baita Steam VR onartzen dutenekin ere. Kontsolan, zelan ez, PS VR2ak nahitaezkoak dira.

 

PlayStation 5 Pro

  • Argitaratze data: 2024-11-07
  • Garatzailea: PlayStation

Jokoekin batera, kontsola ere jasoko dugu azaroan. PlayStation 5aren hobetutako bertsioari buruz gabiltza: PS5 Proak jatorrizko gailua baino indartsuagoa izango da, jokoei era guztietako hobekuntzak ekarrita.

Errenderizazio abiadura % 45 bizkortuko da zaharberritutako txartel grafikoari esker; izpien trazadura (ray tracing) aurreratua ekarriko du, gainera; nabarmentzeko hirugarren ezaugarria PlayStation Spectral Super Resolution (PSSR) teknologia da.

799 eurotan merkaturatuko dute, disko irakurgailurik gabe. Hemen irakur dezakezue kontsolari buruzko informazio guztia.

 

Dragon Quest III HD-2D Remake

  • Argitaratze data: 2024-11-14
  • Garatzailea: Square Enix
  • Generoa: JRPG
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series eta Nintendo Switch

Dragon Quest III. Kondaira hutsa JRPGen artean. 1992. urtean estreinatutako abentura hartu, eta osorik berregin du Square Enixek: HD-2D atal grafikoarekin, sprite ederrak eta 3D inguruneak aurkeztuko dizkigu.

Jokagarritasunari dagokionez, ez dugu aldaketa handirik ikusiko: esploratzeko mundu zabala, zeharkatzeko ziega ilunak, askotariko pertsonaiak eta txandakako borrokak dira nagusi, ohi bezala. Berritasunen bat edo beste prestatu dute, baina: protagonistentzako lan berriak zein erronkak datoz askok espero duten abenturarako.

 

Skydance’s Behemoth

  • Argitaratze data: 2024-11-14
  • Garatzailea: Skydance Games
  • Generoa: Akzioa, VR
  • Plataformak: PC, PS5

Errealitate birtualarekin jarraitzen dugu, generoaren errege berrian bilakatu daitekeen Behemoth interesgarriarekin. Fantasiazko munduan bizitako abenturak proposatzen dizkigu Skydance Games taldeak: Skyrim-ekin antzekotasun handiak dituen lurraldea zeharkatuko dugu.

Nola? Ezpatakadaka eta kolpeka, noski. Duelu dinamikoak eta biziak ageri dira bideotan, aukera mordoa eskainita. Adi gantxoari, joko asko emango duela dirudi-eta. Meta Quest gailuetan zein PS VR2an jokatuko dugu, baina etorkizunean Steam plataforman argitaratzeko asmoa dago.

 

LEGO Horizon Adventures

  • Argitaratze data: 2024-11-14
  • Garatzailea: Guerrila / Studio Gobo / PlayStation
  • Generoa: Abentura, akzioa
  • Plataformak: PC, PS5, Switch

PlayStation Horizon saga maitatuak LEGOren munduarekin bat egingo du Horizon Adventuresen. Abentura eta esplorazioa ikusiko ditugu, puzzleekin eta borrokekin batera, betiko LEGO jokoen eboluzioa izango den lan dibertigarri honetan.

Aloy protagonistarekin eta bere lagunekin lurralde zabaletan murgilduko gara, dinosauro robotikoei aurre eginez. Guztia, noski, LEGOren estetika koloretsu bezain ikusgarriarekin. Multijokalaria izango da tituluaren ezaugarri esanguratsuenetakoa: sarean zein pantaila berean aritu gaitezke lagunekin.

 

Voodoo Strikers

  • Argitaratze data: 2024-11-14
  • Garatzailea: Cokoon Games Lab
  • Generoa: Kirola
  • Plataformak: PC, Switch

Bideojokoen zaparradaren artean euskal obra bat ere iritsiko zaigu. Cokoon Games Lab estudio iruindarrak Voodoo Strikers kirol jokoa kaleratuko du PCan eta Switchean: aldez aurretik Narona Sports Supernatural izenez ezagutzen genuen.

Futbolean, saskibaloian, boleibolean, ulaman, eskupilotan, tenisean eta futbol amerikarrean jarriko gaitu lagunekin batera... eta euskaraz estreinatuko da!

 

Microsoft Flight Simulator 2024

  • Argitaratze data: 2024-11-19
  • Garatzailea: Asobo Studio / Xbox Game Studios
  • Generoa: Simulazioa
  • Plataformak: PC, Xbox Series

2024ko MSF ez da eguneraketa bat izango, joko guztiz berria baizik; are gehiago, “orain arteko anbiziorik handieneko hegazkinen simulagailua sortzea” da Asobokoen helburua.

Hori lortzeko, karrera joko mota sakona prestatu dute oraingoan, mundu birtuala nabarmen hobetuta. Planeta osotik ibiliko gara, eta toki bakoitzak sekulako xehetasun maila edukiko du. 2020ko jokoa gustuko baduzu, jakin hau hartuta mekanikak gehitzen eta atal grafikoa hobetzen ibili direla, behin betiko jokoa sortu nahian. 

 

Genshin Impact

  • Argitaratze data: 2024-11-20
  • Garatzailea: HoYoVerse
  • Generoa: Akzioa, abentura
  • Plataformak: Xbox Series

Ia plataforma guztietatik igaro ondoren, Genshin Impact arrakastatsua Xboxera dator azkenean. HoYoVerse taldeak Xbox Seriesetan estreinatuko du bere doako titulua. Guztiz doakoa, gainera: ez dugu Xbox Game Pass Core edo antzekorik beharko jokatzeko.

Mundu ireki zabala, gacha mekaniken bidez desblokeatzeko heroi mordoa eta Breath of the Wild oinarri hartutako mekanikak ikusiko ditugu.

 

S.T.A.L.K.E.R. 2: Heart of Chornobyl

  • Argitaratze data: 2024-11-20
  • Garatzailea: GSC Game World
  • Generoa: Akzioa, abentura, tiro jokoa
  • Plataformak: PC, Xbox Series

Hemen da, azkenik. S.T.A.L.K.E.R. 2 desiratua jasotzeko zain ibili gara, baina ukrainarrek bukatu dute. Txornobylko lurretan barneratuko gara berriz bertako misterioak argitu nahian: tiroak, ezustekoak eta mundu latza dira protagonista.

Atal grafiko ikusgarriarekin, jokalari guztien begiradak harrapatu ditu. Lotu hori mundu zabalarekin eta biziraupen mekanikekin: urteko jokorik handienetakoaren aurrean gaudela dirudi.

 

Nine Sols

  • Argitaratze data: 2024-11-26
  • Garatzailea: Red Candle Games
  • Generoa: Akzioa, metroidvania
  • Plataformak: PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One etaSwitch

Maiatzean ordenagailuetan argitaratu ondoren dator Nine Sols kontsoletara. Red Candle Games taiwandarraren metroidvania tituluak sekulako balorazioak lortu ditu, urteko indie lanik onenetakoan bilakatuz.

Akzioa, kontraerasoak, taopunk mundu ikusgarri bezain berezia eta istorio sakona agintzen ditu jokoak. Hollow Knight eta Sekiro dira inspirazio iturriak, pentsa!