Bideojokoen garapen maratoi bat egingo dute azaroko bi asteburutan: DonostiTRON. Lehenbizikoan, 11-12, hitzaldi eta tailerrak izango dira. Bertan, sektoreko adituak ekarriko dituzte eta bideo-jokoak sortzeko ikastaro sorta antolatu dute: Hasiberrientzako batzuk eta espezializatuagoak besteak.

Hurrengo asteburuan, 18-20, Game Jam edo garapen maratoia egingo dute eta 48 orduz segidan bideojokuak sortuko dituzte taldeka. Tutore edo aditu talde bat ere bertan egongo da lehenbiziko aldia dutenei laguntza eskaini ahal izateko. Gainera, jaialdi honi hasiera emango dio Gari infernuren gure hitzaldiak :)

Parte hartzen duten guztiek jasoko dute kamiseta bat opari, beraiek garatutako jokoa kartutxo batean etxera eraman ahal izango dute eta, garrantzitsuena, jokoak arcade motako DonostiTRON makinan kargatuko dituzte, edonork jolas dezan.

Maratoian parte hartzeko ez da programatzen jakin behar, era guztietako perfilak behar dira: narrazio edo istorioa osatuko dutenak, diseinua landuko dutenak, musika... eta jokalariak noski!

Animatu bai zuek eta baita zuen inguruko jendean!

Eta non izango da guzti hau? Tabalakerako Hirikilabs laborategian. Hona hemen ekitaldi osoaren diptikoa:

Informazio guztia eta izen-emateak: www.donostitron.com