RPGak jasan duen bigarren atzerapena da. Bideojokoa “bukatuta” dagoen arren “akatsak zuzentzeko eta mekanikak doitzeko” denbora behar dute garatzaileek.
CD Projekt Redek sare sozialen bitartez adierazi duenez, Cyberpunk 2077 akziozko RPGa bigarrenez atzeratzea erabaki dute. Azaroaren 19a da garatzaile poloniarrak jokoa kaleratzeko hautatutako eguna.
“Jokoak egiteko daukagun modua ezagutzen duzuenok badakizue ez dugula bukatu gabe dagoen lan bat argitaratuko”, azaldu dute poloniarrek. “Badakigu halako erabakiak hartzeak guregan izandako konfiantzan eragina dutela, eta konfiantza garatzeko denbora gehigarri horrengatik trukatzea bideojoko garatzaile batek har dezakeen erabakirik zailenetakoa da”.
Hori horrela, CD Projekt Redek barkamena eskatu die zaleei: “hartu dugun erabakia zuzena dela uste dugun arren, gehiago itxaron behar izateagatik barkamena eskatu nahi dizuegu”.
Garatzaileek zehaztu dutenez Cyberpunk 2077 “bukatuta” dago, bai gameplay zein eduki aldetik. “Misioak, bideoak, ahalmenak eta objektuak; Night Cityk eskaintzeko dituen abentura guztiak – dena eginda dago”. Halere, poloniarrek denbora gehiago behar dutela uste dute; bideojokoak duen “eduki kopuru erraldoia” eta guzti hori batzen duen “sistema konplexua” ikusita, guztia ondo dagoen baieztatzeko, akatsak zuzentzeko eta mekanikak doitzeko denbora behar dutela diote.
Cyberpunk 2077 atzeratu duten arren, ekainaren 25ean egingo duten Night City Wire aurkezpenak bere horretan jarraitzen duela nabarmendu dute.
Iruzkinak