Baba Make Level eguneraketak puzzleak partekatzeko aukera eskainiko du, onenak zerrendatuta. Garatzaileek sortutako 150 puzzle gehituko dituzte gainera.

Azaroaren 17an kaleratuko du Hempuli garatzaile finlandiarrak bere Baba is You arrakastatsuaren eguneraketa desiratua: Baba Make Levelek mailen editorea gaineratuko dio puzzle joko bikainari PC-an eta Switch-ean.

Doako ezaugarria izango da, eta prestatu duten trailerrean ikus daitekeenez askotariko edukiak eta berritasunak izango ditu editoreak. Puzzleak nahi bezala eratzeaz gain, sarean partekatzeko aukera eskainiko dute: plataforma guztien arteko bateragarritasuna ziurtatu dute garatzaileek, eta komunitateak sortutakoak modu errazean esploratu ahalko dira.

Objektu, arte, musika eta bestelako eduki berriak ere agindu dituzte. Nola ez, eguneraketak akatsak zuzentzeko ere balioko du: zuzenketak zein hobekuntzak prestatu dituzte Hempulikoek jokoa biribiltzeko.

Editorearekin batera 150 bat puzzle jasoko ditu 2019an argitaratutako bideo-jokoak garatzaileen eskutik; jatorrizko lanean 200 zeudela ikusita, benetan eguneraketa handia izango da datorrena. Hauek bi sorta desberdinetan iritsiko dira, eta trailerrean era guztietako zorakeriak ikus daitezke.

Ez da harritzekoa, jokoa bera oso berezia da eta: Baba is Youren puzzleetan arauak aldatu beharko dira blokeak mugituta helburu desberdinak betetzeko. Arauak aldatzen joan ahala puzzleak zein giroa trukatzen joango dira jokalariak, huts eginez edo batzuetan, xedea nahi gabe beteta.

Baba is You PC, Nintendo Switch, Android eta iOS plataformetan jokatu daiteke.