Batzuetan, kontua ez dago mailakatua, aukera bakarra baiezkoa edo ezezkoa ematea da. Hau motion blur eta eremu sakontasunarekin gertatzen da batez ere… Eta aukera hauek komunitatea bitan zatitzeko joera dute. Zer diren ikusiko dugu jarraian!

Has gaitezen eremu sakontasuna edo Depth of Field (DoF) delakoarekin. Ulertzeko erraza den fenomeno batean oinarritzen den efektua da. Luzatu hatz bat lzure begien aurrean. Bai, benetan! Hatzari erreparatzen badiozu, atzean dagoen guztia lausoturik ikusiko duzu, baina haratago begiratuz gero, hatza izango da lausoturik ikusiko duzuna. Enfoke kontua da, beraz, eta hau simulatzea besterik ez da eremu sakontasuna. Hortaz, jokoko protagonista enfokaturik agertuko da eta sakonago dauden gauzak lausoturik oinez zoazenean, baina pistola atera eta etsai bat apuntatzean, zure pertsonaia agertuko da lausoturik.

Depth of Field

Batzuetan aukera honek eragin gehiago du beste batzuetan baino errendimenduan, baina komeni al da aktibatzea? Beno, bakoitzaren iritzia ezberdina da, baina nire ustez… Inondik ere ez. Batzuetan jokoei itxura zinematikoa ematen badie ere, efektu hau ez da batere komenigarria jokoetan nire ustez eta, beraz, hobe baliabideak beste efektu batzuetarako uztea. Baina zer beste efektu… Beharbada motion blur delakoa? Ikus dezagun zer den zehazki.

Motion blur (mugimendu lausotasuna) delakoa ulertzeko, auto joko bat irudikatzea besterik ez dago. Abiadura handiko uneetan, dena lausoturik agertzen da, ezta? Honek abiadura handia sentiarazten digu gizakioi, eta horixe da mugimendu lausotasuna, irudiak lausotzea mugimendu handiko uneetan. Auto lasterketa batean efektu zinematiko polita bada ere, shooter batean kamera mugimenduak ere lausotasun hau izatea oso kaltegarria izan daiteke, gauzak behar bezala ikustea zailtzen baitu. Hori dela eta, nik nahigo izaten dut hau ere desaktibaturik uztea. Zein da zuen iritzia?

Askotan PostFX multzo barruan egoten dira bi aukera hauek eta ezin dira banaka (des)aktibatu. PostProcessing Effects (prozesamentu ondoko efektu) hauen barruan beste hainbat ere egon ohi dira, Bloom eta HDR deiturikoak, kasu, eguzkiari begiratzean ikusten dugun argitasun itsukorra imitatzen dute.



Zer iritzi duzue zuek? Datorren asteartean atal mamitsuenetako bati ekingo diogu... Antialiasing-en munduan murgilduko baikara zerra ertzak ekiditeko asmoz! Ordurarte, eman zuen iritzia iruzkinetan :)

Xabi
// from Indie Totem