Euskaraz kaleratutako Pile Up! Box by box plataforma jokoa sortu zuen Seed by Seed estudioaren proiektu berria da. Doako demoa kaleratu du.

Angulemako Seed by Seed estudio frantsesak bere proiektu berria ekoizteko finantzaketa kanpaina abian jarri du Kickstarter bidez. Baladins deitutako abentura da: rol eta mahai gaineko jokoetan oinarritutako “online multijokalari narratiboa” da.

Pile Up! Box by box interesgarria eratu zuen estudioak genero guztiz berri batera jauzi egingo du modu horretara. Jokalari bakarrak zein bi, hiru edo lau pertsonez osatutako taldeek ordubete inguruko saioetan parte hartzea proposatzen dute Baladinsekin: partidak “jokatzeko errazak, lagunekin bikainak eta kanpaina oso baten sentipena dakartenak” izango dira.

Modu horretara, Gatherac-eko fantasiazko mundua esploratuko dugu. Artista ibiltarien talde batean ariko den pertsonaia hautatu eta “dragoi bat entretenitzeko zeregin erraldoia” bete beharko da. Protagonista bakoitzak abilezia bereziak izango ditu: indarra, jakinduria, su artifizialak eta bestelakoak aipatzen dituzte garatzaileek.

Gatherac esploratzeko orduan txandaka ibiliko dira protagonistak. Toki desberdinak bisitatzea eta horietako misterioak argitzea izango da xeedetako bat. Atal estetikorako Paper Mario saga ezaguna gogora ekarriko duten paperezko eta kartoizko kokaguneak ikusiko ditugu; era batean, frantsesek Pile Upekin hasitakoarekin jarraitu nahi dutela pentsa daiteke.

Helburu nagusia burutzeko erabakiak hartzen ariko gara: misioak aukeratu ahalko dira, besteak beste. Huts egiten badugu, denboran atzera bidaiatu eta berriz saiatzeko aukera izango du gure taldeak. Bideojokalaria izan ala ez, publiko zabalarentzako aproposa izango den abentura eratu nahi dute Seed by seedekoek: “edozeinek jokatu dezake”.

Garatzaile taldearen artean sortzaile euskalduna ere badagoela nabarmendu beharra dago: Anize Amestoy musikagilea berriz arduratuko da Seed by Seeden tituluaren soinu banda sortzen; oraingoan Jose Pavli-rekin elkarlanean ariko da.

Finantzaketa kanpainarekin lortu gura duten helburua 18.000 euro biltzea da; 24 ordu baino gutxiagotan 6.700 batu dituzte, beraz bide onetik doazela dirudi —oraindik 29 egun falta dira Kickstarterra ixteko—. 16 euroko laguntza jarrita jokoaren kode digitala eskuratzeko aukera dago, baina diru gehiago jartzen dutenentzat opari bereziak eskaintzen dabiltza: arte liburu zein soinu banda digitalak, sarbide goiztiarrean jokatzeko aukera eta gehiago aipatzen dituzte.

Finantzazio helburuak lortuz gero, Baladins urte amaieran kaleratzea aurreikusten dute arduradunek. Ondoren, 2023an are eduki gehiago kaleratzen jarraituko lukete. Printzipioz PC eta Mac plataformetarako garatzeko asmoa dute; hala eta guztiz ere, beharrezko aurrekontua lortzen badute kontsoletarako port-ak sortu nahi dituzte.

Estudioaren aurreko lana, Pile Up, euskaraz argitaratu zen PCan zein kontsoletan. Baladins oraindik finantzaketa fasean dagoen arren, abentura berria ere euskaraz egoteko aukerari buruz hitz egin du Ameztoyk: “Dudarik gabe gustatuko litzaidake euskarazko bertsio bat izatea”.

Proposatutako abenturak zure arreta erakartzea lortu badu, Steam plataforman argitaratu duten demora jokatzeko aukera duzu, gainera.