PC, PS4, Xbox One eta Switch plataformetarako prestatzen ari dira Naps Teameko italiarrak. Oraindik ez du jaso argitaratze datarik.

Orain bi urte baino gehiago aurkeztutako Baldo RPGak hamahiru minutuko jostagarritasun bideoa aurkeztu du abenturako lehen pausoak erakusteko.

Hayao Miyazaki zinemagilearen Studio Ghibliren estetika bereganatzen du Baldok, Nintendoren The Legend of Zelda abenturetako mekanikekin eta jostagarritasunarekin batzeko. Esplorazioa eta puzzleak izango dira ardatz nagusia, baina Linken jokoetan ikus bezala borrokentzako tokia ere egongo da.

Jostagarritasun bideoan abenturaren hasiera ikus daiteke; herrixkatxoak, ziegak eta gehiago azaltzen dira bertan. Istorio klasikoen bidea jarraituko du Naps Team estudio italiarraren lanak: bihotz garbiko mutiko batek mundua salbatu beharko du etsai maltzur baten atzaparretatik.

Hasiera batean Switcherako esklusiboa zen Baldo; iragarpena japoniarren Indie World ekimenaren baitan egin zuten 2019an. Azkenean Nintendoren kontsola hibridoan ez ezik PC, PS4 eta Xbox Onean ere jokatu ahalko da RPG honetara, azpititulua gehituta: Baldo The Guardian Owls da obraren izen osoa.

Iaz argitaratuko zutela adierazi zuten garatzaileek jokoa aurkezterakoan, baina azkenean atzeratu eta argitaratze datarik zehaztu gabe gelditu dira.