Larian Studios-ekoen RPG abentura abuztu bukaerarako aurreikusita zegoen. PlayStation 5-eko bertsioa astebete berandutu dute, eta azkenik irailaren 6an merkaturatuko da.

Albiste onak Baldur’s Gaten PC-ko zaleentzat. Larian Studios garatzaileak aditzera eman duenez, aurreikusita zegoena baino lehenago argitaratuko dute hirugarren atalaren ordenagailuko bertsioaabuztuaren 3an kaleratuko dute 1.0 eguneraketa, sarbide goiztiarra atzean utzita.

Swen Vincke Larian Studioseko arduradunak erabakiaren zergatia arrazoitu gura izan du. Abuztua Baldur’s Gate 3 PCko jokalariei eskaintzeko hilabete aproposa dela azaldu du, kontsolako bertsioa prest egon arte itxaron beharrean.

Atzean beste arrazoi bat dago, gainera: ez dute irail hasieran merkaturatuko den Starfield-en aurka ibili nahi. PlayStation 5eko zein PCko bertsioak “elkarrekin kaleratu” nahi zituztela dio Vinckek, eta horretarako unerik aproposena abuztu bukaera iruditu zitzaien. Halere, bideojokoentzat “urte benetan indartsua” zela ikusi zuten: “Zelda, Diablo, Starfield, gero Cyberpunk edo Final Fantasy”, nabarmentzen ditu sortzaileak.

Ordenagailuko bertsioa “bukatuta” egonda, argitalpena pixkat aurreratzea erabaki dute, abuztu hasiera hutsik dagoela aprobetxatuz. Horrela, RPG generoen zaleek zer jokatu izango dute, bai abuztuan, bai irailean —ordurako BG3 bukatuta badute, behintzat—.

PlayStationeko erabiltzaileentzat ez dago albiste onik, zoritxarrez: Baldur’s Gate 3ren port-a pixkat atzeratzea erabaki dute Lariangoek. Hori horrela, irailaren 6an estreinatuko dute PS5ean. Erabakia segundoko 60 irudien tasa lortzeko hartu dutela dio Vinckek: horra iristeko “gutxi” falta zaie.

Xbox Series X eta S kontsoletako bertsioa ere aipatu du, gainera. Abian dagoela dio arduradunak, baina baldintzak “desberdinak” direla bi modelo desberdin edukitzerakoan; halere, gutxieneko horiek betetzeko asmoa daukate. Xboxeko bertsioak ez dauka argitaratze datarik oraindik.

2020an abiatu zuen sarbide goiztiarra Baldur’s Gate 3k. Ordutik hona komunitatearekin elkarlanean aritu dira Lariangoak. Garapeneko bertsioak sekulako iritziak jaso ditu jokalarien aldetik; hori horrela, RPG zaleak behin betiko bertsioa probatzeko desiratzen dabiltza.

Aipatu modura, Baldur’s Gate 3 abuztuaren 3an estreinatuko da PCan, eta irailaren 6an PS5ean.