Mailak nahi bezala sortzeko aukera eskaintzea da BG3 Toolkit Unlocked erremintaren helburua, besteak beste.
Larian Studios taldearen Baldur’s Gate 3k mod sortzailea jaso du. Aukera interesgarriak eskaintzen dituen arren, muga nabarmenekin iritsi da, baina lasai: komunitateak horiek gainditzeko tresna argitaratu du.
BG3ren egileek ekainean mod sortzailea iragarri zutenean, tresna ofizialak ez zigula “jokoaren nukleoko edukiak aldatzeko aukera emango” adierazi zuten. Alabaina, eduki estetikoak aldatzea edo eratzea da joan den astetik jaitsi daitekeen tresna sortaren xedea.
Hori baino askoz gehiago ahalbidetu dezake, ordea, eta hori erakutsi digu Siegfre zaleak Nexus Mods webgunean zabaldutako BG3 Toolkit Unlocked izeneko erremintarekin. Deskribapena argia da: “BG3ren mod sortzailearen ezaugarri guztiak eta idazteko baimenak desblokatzen ditu, mailen editorea, gordetako partiden editorea eta askoz gehiago barne”.
Une honetan 0.1.4 bertsioa erabil dezakegu; argi dagoenez, prototipoa baino ez da, baina RPG abentura arrakastatsuan hainbat aldaketa egiteko bideak emango dizkigu. Adibide gisa erabilitako irudietan ageri denez, mailak sortzeko eraikinak, harresiak eta bestelakoak nahi bezala jar ditzakegu.
Toolkita handitzen eta hobetzen joatea da asmoa: mapak osorik sortzea, testuak nahi bezala aldatzea, modelo eta testura berriak txertatzea… eta kanpaina osoak sortzeko aukera eskaintzea, noski. Baldursen zein Larianen aurreko jokoetako ezaugarri maiteenetakoa da norbere istorioak eratzea nahiz partekatzea; mod sortzaileen komunitatearen esku dago orain BG3n ezaugarria inplementetzea.
Mod sortzaile ofizialari dagokionez, ez da harritzekoa halako mugekin estreinatu izana. Alde batetik, editorea PCan bakarrik erabili ahal bada ere, sortutakoak kontsoletara zein MacOS gailuetara eramatea erraza izatea nahi zuten egileek; bestetik, Baldur’s Gaten atzean, hau da, Dungeon’s & Dragons markaren atzean dagoen Wizards of the Coast enpresaren muga zurrunei lotuta daude.
Arrakasta hutsa, eta ez dute bukatu
Baldur’s Gate 3 joan den urteko bideojokorik arrakastatsuena izan zen. Sekulako balorazioak lortuta, RPG tituluaren salmentak ikaragarriak izan dira. Ez daukagu datu ofizialik, bain Swen Vincke Lariango arduradun nagusiak Divinity: Original Sin 2ren salmenta ia bikoiztu zituztela adierazi zuen martxoan; hau da, 15 milioi ale inguru saldu zituzten ordu hartan.
Bideojokoa hobetzen jarraitzeko lanean dihardute egileek: plataformen arteko joko gurutzatuan (crossplay) eta argazki modalitatean lan egiten dabiltza, besteak beste. Mod sortzailearekin batera heldu den zazpigarren adabaki erraldoiak, gainera, gaiztoenentzako amaiera berriak eta tokiko multijokalariarentzako zatitutako pantailaren birdiseinua ekarri ditu.
Halere, hurrengo jokoetara begira jarri dira jadanik, eta ez da Baldur’s Gate 4 izango: ziegak eta herensugeak alboratuko dituzte datozen proiektuetan.
Ez dirudi horrenbesterako izango denik, Siegfreren BG3 Toolkit Unlocked tresnak agindutakoak betetzen baditu behintzat.
Iruzkinak