RPG saga klasikoaren azken jokoaren lehen atalera jokatu ahalko da garatzaileek lanean diharduten bitartean.

Larian Studios garatzen ari den Baldur’s Gate 3 sarbide goiztiarrean edo early access fasean kaleratu da jada. Steam, GOG zein Google Stadian eskuratu daitekeela jakinarazi dute garatzaileek.

Dungeons and Dragonsen bosgarren edizioko arauak jarraitzen dituen RPGaren sarbide goiztiarrak bideojokoak bere azken bertsioan izango dituen hiru ataletatik lehenengoa soilik ahalbidetuko du. Larianekoen arabera “25 bat orduko iraupena” du lehen atalak.

Bigarren eta hirugarren atalak urtebetean bukatuta izatea aurreikusten dute, baina garapenaren araberakoa izango dela adierazi dute. “Aurretik daukagun bidea zirraragarria da, eta zuekin batera partekatzeko gogoak ditugu”, azaldu dute prentsa oharrean.

Sarbide goiztiarrean akatsak egotea aurreikusten da, baina “behin eta berriz joka daitekeen RPG zinematikoa” eratzeko gogor lan egin dutela azpimarratzen dute garatzaileek. Sarbide goiztiarrarekin partida bat hasi eta azken bertsioan hori jarraitzea nahi dutenek, baina, ezingo dute hori egin. Larianekoek jakitera eman dutenez lehen bertsio honetako gordetako partidek ez dute balioko azken bertsiorako. Egiteko dituzten aldaketa kopurua ikusita ezinezkoa deritzote oraingo bertsioko partidak mantendu ahal izatea. Galderak dituzten zaleei jokoaren Steameko foroetatik aritzeko eskatu diete.

Jokoa estreinatu zenetik izugarrizko arrakasta lortu dutela jakinarazi dute garatzaileek. Saldutako aleen kopurua zehaztu gabe, ia 50.000 jokalari aritu dira jokatzen aldi berean. Sarbide goiztiarra estrenatzeko unean Steam erori egin zen jokoa erostera sartutako erabiltzaileen kopuru handiagatik. Esan bezala, Baldur’s Gate 3ren azken bertsioa datorren urtean estreinatuko dela agindu dute Larianekoek.