Azaroaren 12an estreinatuko da ordainpeko eduki gehigarria. Bioma, bolentzako nukleoak nahiz eboluzioak edo eraikinak dakartza.
Ball x Pit dibertigarriak lehen eduki gehigarri handia iragarri du: Risen Ballbylon espantsioa. Desafioak eta mailak gaineratuko dizkio iaz estreinatutako tituluari.
Ordainpeko espantsioa azaroaren 12an iritsiko dela aurreratu digute Kenny Sun garatzaileak gidatutako taldeak zein Devolver Digital indie argitaletxeak. Edukiz beteta iritsiko da: lau bioma guztiz berri aurkituko ditugu Ballbiloniarako bidean, beste lau bola nukleo, hogei eboluzio zein eraikin, eta, bukatzeko, 46 abilezia pasibo gehituta.
Originalean ordu luzez aritu direnei zuzendutako DLCa dela nabarmentzen dute egileek, zailtasunak ere gora egingo duela adierazita. Ez dira gutxi izango, iaz estreinatutako tituluak milaka jokalari harrapatu baititu bere proposamenarekin. Pinball erako partidak lehiatuko ditugu: arerioen armadak garaitzeari ekingo diogu gure bolekin, partidetan eraldatzaileak eta eboluzioak lortuta, are indar gehiago jasotzeko.
Lehia artean gure basea edo hiria sortzen eta kudeatzen ariko gara, denetarikoak desblokeatuta, partidetan are urrutiago heltzeko helburuarekin. Balorazio bikainak lortu ditu Ball x Pitek, estreinatu zenetik doako adabiak eta edukiak jasota —azkena, The Naturalist, abuztuan ikusi genuen—, baina Risen Ballbylon oinarrizko jokoaren ahuleziei erantzutera omen dator.
Azaroaren 12an PC, PS5, Switch 2, Switch, Xbox Series, Android eta iOS gailuetan estreinatuko da Ball x Pit: Risen Ballbylon.
Lander Unzueta
Iruzkinak