BallisticNG Neognosis-ek 2018an sortutako eta argitaratutako lana dugu. Anti-Grabitate ibilgailuen lasterketa bideojokoa da, ingelesez eta mundu mailan AG racer bezala ezagutzen den azpigenerokoaren zati da. Aipatutako arloak aitzindari nahikotxo eta desberdinak dauzkan arren, BallisticNGen sortzaileek lotsarik gabe aitortzen dute aspaldiko Rollcage eta Jet Moto bezalako jokoetan oinarritu zirela, eta, batez ere, Wipeout izenarekin argitaratu ziren lehen hiru jokoetan. AGL bezala laburtzen duten Anti-Grabitate Ligan parte hartzera gonbidatzen gaitu BallisticNGek. PC plataforman Windows-en, Mac-en eta GNU/Linux-en jolas daiteke. Egileak BallisticNG NX Edition izeneko bertsioa prestatzen ari dira Nintendo Switch-ean ere joka dadin.

 

Anti-Grabitate Liga

Beste lasterketa jokoetan bezala, garrantzitsuena abiadura ona mantentzea izango da, baina kasu honetan badaude zenbait arau desberdin. Orokorrean, lurreko ibilgailuen modura maneiatuko ditugu ibilgailuok, zenbait gauzetarako hegazkin txikiak bezala kontrolatzen badira ere.

Azeleragailua uneoro sakatuta izatea espero da, baina alderen batera mugitzean abiadura handiegia denean alboetako balaztak erabili beharko ditugu. Ezkerrera zein eskuinera biratzen laguntzen diguten balaztak dira, larregi ez erabiltzea zaindu beharko dugu, baina aldi berean oso zaila da hauek gabe lasterketak ondo burutzea. Abiadura handiak lortzen ditugunean berebiziko garrantzia bereganatuko dute balaztok, eta, biak batera erabiliz gero, ibilgailua oso azkar geldituko da.

Horrez gain, hegazkinaren muturra beherantz zein gorantz mugitzeko ahalmena daukagu. Batzuetan ibilgailuek jauzi handiak egiten dituzte eta denbora batez lurretik ohikoa dena baino urrunago egoten dira. Orduan, hegazkinaren muturra mugituz lurretik urrun ahalik eta gehien mantentzea edo epe hau zeharo laburtzea aukeratu dezakegu, lurrerantz arinago hurbilaraziz. Airean gabiltzala muturra altxatzeak zirkuitu atal batzuen gainetik pasatuz ibilbidea labur diezaguke.

Ibilgailuaren aurrekaldea igoaraztearen beste abantaila bat aldapa gora-beheratsuetan izaten da agerikoa, beherantz oso azkar joan eta bat-batean aldapa goranzkoa bilakatzen denean hegazkinaren behekaldeak lurra jo dezake, denbora baliotsua galduaraziz. Hori dela eta, oso arrunta da inguru malkartsuetan pilotuek ibilgailuen muturrak altxatuta joatea, abiadura optimoa betiko inklinazio arruntean hartzen bada ere, istripu txiki zein handiak saihestea garrantzitsuagoa delako.

Gure hegazkinaren energia sakrifikatuz, propultsoreak indar ditzakegu turboa pizteko, une jakin batzuetan abiada gehigarri erabakiorrak lortuz.

 

Bideojokoak ganorazko zirkuitu kopurua eskaintzen du, oinarrizko edukiaren jatorrizko hamabostak eta debalde eskaintzen den eduki gehigarriaren beste hamarrak batzerakoan ordu askotarako lasterketalekuak dauzkagula babes daiteke. Baina hori jolasteko modu gehienak estaltzen dituen lasterketa motetarako izango litzateke, jokatzeko beste modu bereziak ere kontutan hartzen badugu, DLC edo eduki gehigarririk erosi gabe 35 zirkuitu ezberdin eskainiko dizkigu.

Horrez gain, aldaera gehigarriak dauzkagu, zirkuitu bakoitza kontrako norantzan ere erabili daiteke eta horrek jokoaren kanpaina zeharo luzatzen du lasterketa mota ezberdinekin konbinatzen denean. Gainera, kanpainatik at jokoak aukera asko editatzea baimentzen du, eta zirkuituei ispilu aldaera ere aplika dakieke beste hainbeste aukeren artean.

BallisticNGek etorkizuneko errealitatea aurkezten digu, batzuetan gure planetako zenbait hiritan dauden zirkuituak aurkeztuz eta beste batzuetan, Lur planetaz haraindi dauden tokietara garamatza, grabitate maila baxuagoa profitatu dezakegularik. Bartzelona, Alpe italiarrak, Groenlandia, Mosku edo Ilargia bezalako tokietan ospatuko dira lasterketak eta kasu askotan ikusmira harrigarriak eskainiko dizkigu bideojokoak.

Zirkuitu sinpleak eta teknikoak aurkituko ditugu testuinguru oso desberdinetan oinarrituta. Hauetako batzuek etorkizuneko teknologia dute erakusgarri, eta beste batzuek paisaia natural paregabeak. Harresi hidroelektrikoak, itsasaldeko errepideak, Ilargian ezarritako kupula edo garaiera itzelezko etxe orratzen artean erakutsi beharko dugu gidatzerakoan dugun trebezia. Zirkuituen aurkezpen irudiak alde batera utzita, gidatzen gabiltzala, guztietan da zaila atzekaldeko ingurumariei erreparatzea abiadura maila oso nabarmenak lor daitezke eta. Halaere, zirkuitu bakoitzaren izaera argia da eta orokorrean oso erraz ezberdindu daitezke.

Zirkuitu guztiek, amaiera lerro inguruan, hegazkinek energia berreskuratzeko erabili dezaketen albo-bidea dago. Sarritan denbora galera suposatzen du bertatik abiatzeak, baina sarritan interesgarria edo beharrezkoa bilakatzen da, energiak turboa elikatzeko ere balio duelako edo askotan beste arerioek armen bidez geure bizia zeharo jaistarazten dutelako.

Anti-Grabitate Ligan elkarren aurka lehiatzen diren taldeetako bakoitzak orokorrean hegazkin bat dauka. Jokoak zenbait ezaugarri neurtzen ditu talde desberdinetako ibilgailuak alderatzeko: Azelerazioa, abiadura gorena, maneiakortasuna / liraintasuna, babesa eta eraso ahalmena. Ezaugarri bakoitzean 0tik 10erako puntuazioa izan dezakete ontziek, eta talde bakoitzak besteekiko ezberdina den puntuazio konbinazio bat eskaintzen digu.

Estetikoki ere elkarren arteko aldea erakusten dute talde desberdinek, ez soilik ibilgailuen forma eta diseinuan, hauek apaintzeko eta taldearen kolore zein izena erakusterakoan ere estilo oso ezberdinak ikus daitezke. Gainera, talde bakoitzeko hegazkin bakoitzarentzat apaingarri eredu desberdinak lor daitezke, honek aberastasun estetikoa ematen dio jokoari, ibilgailu berdina izan arren, zenbait kasutan itxura erabat desberdina izatea lortzen baita.

 

Etorkizuneko lasterketak imajinatzen

Ontzi arruntez gain, BallisticNGek beste ibilgailu mota bat ere eskaintzen digu. Anti-Grabitate teknologia erabiltzen duten motorrak, hain zuzen. Jokoaren aitzindari bezala aipatutako Jet Moto bideojokoari omenaldi edo keinu bezala hauek ere eskuragarri eskaintzen ditu.

BallisticNGek aberastasun handia erakusten du lasterketa moten gaia jorratzerakoan. Lasterketa arruntak dauzkagu, armak erabiliz zein armarik gabe, baina askoz gehiago daude: bira bakoitzean azken doan pilotua kanporatzen duena, erlojupekoa, armak erabiliz puntuazio handiena lortzera bultzatzen gaituena (bakarka zein binakako taldeetan)… Beste zenbait modu ere badaude: hauetako batek armen erabilera galazotzen du eta hormen aurka har daitezkeen kolpeen energia galera indargabetzen du, horren ordez hegazkin guztiek etengabeko indar galera pairatzen dute baina jariokortasun desberdinetan; lehen doanak oso geldoa sufritzen du, baina bera baino atzerago doazenak proportzionalki handiagoa. Modu honek lehen joatea saritzen du eta guztiek borrokatzen dute ahalik eta denbora gehien lehen postuan mantentzeagatik.

Bukatzeko beste modu berezi bat daukagu, zirkuituaren estetika modu minimalistago batean transformatzen du, arreta errepidean eta errepidean soilik jar dezagun. Hemen ibilgailua bere abiadura etengabe handitzen joango da eta jokalariak ahalik eta metro gehien egin beharko ditu hegazkina hormen aurka jasotako kolpeen ondorioz erabat suntsituta geratu arte, bere bakarkako zein besteen aurkako aldaeretan oso jolasteko modu berezia da.

Aipatutakoa oinarrizko kanpainan gozatu daiteke, halere, oraindik modu desberdin gehiago daude kanpaina arruntetik at (beste zirukuitu mota batzuekin lotuta daudenak), gidatzerakoan zehaztasun ia erabatekoa eskatzen duena estaerako.

Lau ikusmira nagusi dauzkagu aukeratzeko, eta edozein unetan alda ditzakegu: lehena atzeren kokatzen dena dugu eta kamera pixka bat mugitzen da ezker eskuin ibilgailuaren kokapenaren arabera. Bigarrena ere hirugarren pertsonan kokatzen da, baina finkoa da, eta hegazkinetik nahiko hurbilago dago. Hirugarrenak gailuaren kabinara eramaten gaitu, eta aukeratutako hegazkinaren arabera nahikotxo aldatzen da, forma ezberdinetakoak baitira. Laugarrenak, hirugarrenak bezala, lehen pertsonan erakusten digu mundua, baina kabina erakutsi gabe.

Mota honetako jokoetan nahiko arrunta den bezala, bost abiadura maila daude. Anti-Grabitate Ligaren abiadura klaseak bezala ezagutzen dira eta kanpainan zehar gradualki joango gara zailenak ezagutzen. Hauek dira beraien izenak geldoenetik azkarrenera: Toxic, Apex, Halberd, Spectre eta Zen. Geldoenetan ezker-eskuin biratzerakoan denbora gehiago izango dugu eta albo-balazten erabilera ez da hain beharrezkoa izango.

Gorantz goazen heinean albo-balazten erabilera ezinbestekoa izango da eta hormen kontra kolpeak hartuko baditugu hau ahalik eta angelu kamutsenak erabiliz egiten saiatu beharko gara, gure abiadura ahalik eta gutxien jaitsi dadin. Oso deigarria egiten da abiadura klase azkarrago batera ohitzean, abiadura klase txikiagora bueltatzean sortzen den sentimendua, gogoratu ohi duguna baino nahiko geldoagoa dela pentsa dezakegu maiz.

 

Hamaika aukera erabiltzailearen eskura

Bideojoko honek bi multijokalari mota dauzka, baina gaur egun ezin dira elkarrekin konbinatu. Gailu bakarrean joka daitekeen multijokalaria internetik gabe erabil daiteke, eta bi lagunek jokatu ahal izango dute pantaila bat partekatuz edo monitore desberdinak erabiliz. Internet bidez jokatzen denak zortzi jokalari baimentzen ditu eta gela ezartzen duen jokalariak ezarpenak kudeatzen dituen bitartean besteek txat bidez eska diezaiokete nahi dutena aldatzeko (zirkuitua, bira kopurua, abiadura klasea… ).

BallisticNGek errealitate birtualaren erabilera baimentzen du, oso esperientzia inmertsiboa eskainita. Zoritxarrez, ez dago errealitate birtualeko bisoreen aginteekin erabilia izateko prestatua, baina aginte arruntekin erabili daiteke aurpegian bisorea jarrita dugun bitartean. Hemen kabina barruko ikusmirak indar handia bereganatzen du eta oso esperientzia intentsua eskaintzen du.

Neognosis taldeko garatzaileak burubelarri ibili dira jokoaren azpiegitura lantzen eta fintzen. Zirkuituen egitura eta eraikuntzei buruz ikasitakoa agerikoa da argitaratu ditzuten azken DLC edo eduki gehigarrietan. Debalde eskaintzen duten Neon Nights izeneko DLCaren ondoren ordainpeko Outer Reaches izenekoa atera zuten, honek espazioko lasterketa zirkuituetara eramaten gaitu. Inoiz baino gehiago ikusten dira errepidea desagertu eta eta hegazkina espazioan zehar maneiatzea eskaintzen diguten lasterketa guneak. Izan ere, bere sei zirkuituetako batek ez dauka inolako errepiderik.

Orain dela oso gutxi Maceno Island izenekoa ere kaleratu du garatzaile taldeak eta hemen beste sei zirkuitu berri eskaintzen dira, beraiek asmatutako irla baten inguruan girotuak. Eduki gehigarriok oso prezio lehiakorra daukate hasieratik eta Steam dendako iruzkinetan ikus daitekeen moduan bezerogoa oso pozik dago eskatutako diru kopuruaren truke eskaintzen duten edukiagatik. Izan ere, hauetako bakoitzak bere kanpaina propioa du, eta hauen % 50 gaindituz gero, hegazkin bakoitzarentzako iruditeri alternatiboa lortuko da.

Horrez gain, ibilgailu bakoitzarentzako launa itxura alternatibo eskaintzen dituen DLCa ere dago salgai, lehen erosleei debalde eman zitzaiena, jokoaren hasieran bultzada eman izanagatik. Gaur egun, garatzaileei bultzada gehigarria emateko zein hegazkin itxura gehiago jasotzeko dago salgai. Aipagarria da garatzaileek beraien jokoa sasoi batez debalde eskaini zutela Steamen, eta honela jaso zuten hainbat jokalarik DLC hau erostea erabaki zuen, mesedea bueltatzeko asmotan.

Soinu banda ere eros daiteke, Wipeout izeneko jokoaren arima antzekoa erakutsi nahian, abesti batzuek bete-betean jotzen dute. Dena dela, gustukoa ez izatekotan, jolasten gabiltzala hori ere alda dezakegu nahi izatekotan.

Garatzaileek beti azpimarratu dute beraien jokoa DRM-Free saldu nahi izan dutela. Hori dela eta, Steam bezalako denda batean erosi arren, behin deskargatuta Interneten beharrizanik gabe erabiltzeko prest egongo dira fitxategiak. Beraiek diotenaren arabera, Steam soilik erabiliko da online bidezko multijokalaria erraztu nahi bada, ranking zerrendatzeetan eta modifikazioak Steam Workshop-en bidez egin nahi badira.

Jokoaren sortzaileek gehigarri asko sartu dituzte jokoaren ezarpenetan. Hauetariko asko kanpaina nagusian aurrera egin ahala askatuko dira eta jokalariak aktibatu ahalko ditu nahi izanez gero. Badaude aipagarriak diren batzuk eta hauen artean bi gidatze estilo daude. 2159k gidatze estiloak etorkizuneko fikziozko mundu honetan gidatze estilo “zaharrari” egiten dio erreferentzia eta 2280k gidatze estilo “berriari”. 2159 estiloa Wipeout bideojokoen hasierako trilogian oinarrizten da, batzuentzat maneiakortasun astunagoa dauka, gure ibilgalluaren energiaz elikatzen den turboa piztea baimentzen digu eta objektu edo itemen bat nahi ez dugunean hau botoi bat sakatuz arbuiatzeko aukera eskaintzen digu.

2280 estiloa, ordea, Wipeout HD, Pulse eta Fury bideojokoetan oinarritzen da, lirainagoa edo irristagarriagoa da. Hemen ezin dugu turboa aktibatu, item bezala agertu ohi da. Erabili nahi ez ditugun itemak “irenstea” baimentzen du, hauekin hegazkinak energia kopuru bat berreskuratuko duelarik. Gainera, albo-balaztak erabiliz alboetaranzko bultzadak ematea eta airean gaudela alboetaranzko itzulipurdiak egitea posible da modu honetan.

Jokoa estilo zaharrari begira izan zen sortua, bestea gehigarri bezala sartu zuten. Jendearen eskaeren ondorioz kanpainak bigarren estilora ere moldatzeko ahaleginetan dabiltza.

 

Esan bezala, ezarpenetan jokoaren hainbat atal alda daitezke: hegazkinaren muturra zaintzeaz ahaztea ahalbidetzen digun “Floor Hugger” aukera dago, esaterako. Horrez gain, hegan goazen bitartean laburbideak egitea gehiago errazten duen “Glide Cheat” ere eskuragai bilakatzen da esperientza maila batetik aurrera.

BallisticNGek bere gain modifikazioak aplikatzeko erraztasunak eskaintzen ditu. Komunitateak ia denetarik sortu du: zirkuituak, ibilgailuak, ibilgailuentzako itxurak, ahots desberdineko lasterketa esatariak… Garatzaileek ahalik eta errazen jarri nahi izan dute eta modifikazio berdinak ezarriz gero, internet bidezko multijokalarian beste batzuekin batera goza daitezke.