Gaurtik hasita uztailaren 28ra arte Twitter bidez egingo dugun ekimena bideo-jokozale guztiei zuzenduta dago.

Super Mario 64, Metal Gear Solid, Deus Ex… bideo-jokoen munduko hedabideak jarraitzen dituztenek hainbatetan irakurriko zituzten bere bideo-joko faboritoen analisiak. Gauza bera gertatzen da azken AAA edota indie obra desiratuenekin: argitaratzear daudela jarraitzaileak aldizkarien webguneetara behin eta berriz sartzen ibiltzen dira azken nota hori ezagutzeko.

Hortik abiatuta, Game Erauntsiatik euskal bideo-jokozaleen komunitatea osatzen duten kideei analisiak idazteari ekiteko aitzakia aproposa eratzea erabaki dugu: #BaloratxioakGE txapelketa.

Twitter sare sozialaren bitartez zure bideo-jokorik gustukoenetakoa, azkenaldian jokatzen ibili zaren lan hori edota orokorrean, nahi duzun abentura hartuta bost edo sei txiotan balorazio laburra egitea proposatzen dugu.

Parte hartzaileek gaurtik hasita uztailaren 28ra arte izango dute beraien baloratxioak idazteko tartea. Game Erauntsia osatzen dugunon artean txioen hariak irakurri eta gure gogokoenak hautatuko ditugu, ondoren onena izendatzeko.

Jarraian dituzue txapelketaren oinarriak:

  1. Bideo-joko bati buruzko balorazioa Twitter sare sozialaren bitartez, 5 edo 6 txiotan gehienez
  2. Estilo librekoak. Nahi duzun bezala egituratu: atalkako analisiak, umore kutsuarekin, mekanika edo jostagarritasun gai bat ardatz hartuta…
  3. Hariko lehen txioan @Gamerauntsia eta #BaloratxioakGE aipatu beharko dira
  4. Irudiak, GIF-ak, bideoak eta bestelako edukiak gaineratu daitezke txioetan, baina epaimahaiak txioetako testuak soilik baloratuko ditu
  5. Txioak uztailaren 20tik hasita uztailaren 28ra arte argitaratu daitezke, bi egunak barne

Nola ez, txapelketari gatza eta piperra jartzeko parte hartzaileen artean txiorik interesgarrienak prestatu dituenarentzat sari berezia egongo da: nahi duen plataforman bideo-jokoak erosteko opari txartela. Ez da sari bakarra izango, baina: lehiatzen aritu direnen artean PC-rako hainbat joko zozketatuko ditugu.

Parte hartu beraz, eta irakurri itzazu beste partaideen analisiak #BaloratxioakGE traola jarraituta!