Jokoa argitaratu aurretik “oinarririk onenak” ziurtatzeko helburua dauka frogak. Kerbal Space Program simulagailuaren diseinatzailearen azken jokoa da.

Askok ez dute ezagutuko Felipe “HarvesteR” Falanghe-ren izena, baina ziurrenik bere lan ospetsuenean egindako espazio ontzi zoroak behin baino gehiagotan ikusiko zituzten. Izan ere, Kerbal Space Program ezagunaren diseinatzailea izan zen HarvesteR, eta orain beta irekia hasi duen Balsa Model Flight Simulator prestatzen ari da garatzailea.

Beste bi lankiderekin batera osatutako Floating Origin Interactive estudioaren baitan dabil diseinatzailea Balsa sortzeko. Hegazkinen simulagailua laster sarbide goiztiarrean kaleratzeko asmoa dute, baina aurretik aipatutako beta irekiarekin jokoak “oinarririk onenak” dituela ziurtatu nahi dute jokalariaren laguntzarekin.

Kerbalekin antzekotasun handiak edukiko ditu Balsak, oinarrizko funtsetatik hasita. Espazio ontziak alboratuta, jokalarien helburua hegazkinak diseinatu, eta ondoren hegan egiteko balio duten frogatzea izango da. Diseinu fasean laguntzeko askotariko tutorialak eta laguntzak eskaintzen ditu jokoak, hegazkinak sortzerakoan ehundaka aukera baitaude.

Bestelako joko motak ere eskainiko ditu jokoak. Jokalariak elkarren kontra tiroka aritzeko aukera dago, adibidez, baina etorkizunean are gehiago gaineratzeko asmoa agertu dute Floating Originekoek.

Beta irekirako Steam-ek joan den apirilean estreinatutako Steam Playtest ezaugarriaz baliatu dira arduradunak. Izena ematea erraza da: jokoaren Steameko orrialdean betara sarbidea eskatzeko aukera dago.

Balsa Model Flight Simulatorrek ez dauka argitaratze datarik ez sarbide goiztiarrerako, ezta behin betiko bertsiorako ere. Garatzaileen asmoa obra pixkanaka hobetzen eta handitzen joatea da, beraz garapen prozesu luzea, baina aldi berean jokalariekin parte hartzearekin eta iradokizunekin batera egindakoa edukiko duela dirudi.