Espantsioen bigarren denboraldia aurkeztu du Bandai Namco-k. RPG abentura hobekuntzekin iritsiko da egungo kontsolen belaunaldira.

Bandai Namcoko japoniarrek Dragon Ball Z: Kakarotentzako berritasunak iragarri dituzte Tokyo Game Show azokaren aterpean. Esanguratsuena espantsio berria izango da. Son Goku eta bere lagunak alboratuz, saiya ezagunaren aita izango da protagonista: Bardock. Horrela, espazioko gerlari basatiaren animeko atal berezian ikusi genuena biziko dugu Bardock: Alone Against Fate eduki gehigarrian.

Nostalgiaz gainezka egiten duen trailerra aurkeztu dute akziozko RPGaren arduradunek. Son Goku jaioberria baino ez zenean bere aitaren abenturei ekingo diegu beraz DLC-an; egia esan, Bardock ez da semea bezalako bihotz garbiko gerlaria. Freezer tiranoaren aginduak jarraituz espazioan sakabanatutako planeta desberdinak konkistatuko ditugu gure eskuadroiarekin batera: horixe bera ikus daiteke bideoan.

Esan bezala, Bardocken lehen agerraldian ikusitako bertsioa dugu espantsio honetakoa: printzipioz, ahaztu Dragon Ball Minus —Broly filmean agertutako bertsioa— edo Episode of Bardock ataletan jazotakoak.

Zehaztu dutenez, 2023an merkaturatuko dituzte abenturok. Bardockena laugarren espantsioa izango da: aurretik, A New Power Awakens zein Trunks: The Warrior of Hope deitutakoak jaso dituzte jokalariek. TGSan aurkeztutakoa ez da azkena izango, hori bai: DLCen bigarren denboraldia iragarri dute japoniarrek. Gutxienez, beste bi eduki gehigarri kaleratuko dituzte Kakarotentzat.

Berritasun gehiago eskaini dituzte azoka japoniarrean; izan ere, Dragon Ball Z: Kakarot egungo kontsolen belaunaldira dator. PlayStation 5-eko eta Xbox Series-etako jokalariek eguneratutako bertsioa jasoko dute, hainbat hobekuntzekin. Nabarmenenak atal teknikoari dagokienak dira: grafikoak pixkat hobetu dituzte, kokaleku biziagoak eta ederragoak prestatuz. Horrez gain, errendimenduan ere aldaketak ikusiko ditugu, jokoa 60 fps-tara jokatuko baita.

Kakarot aurreko belaunaldiko kontsoletan erosita dutenek doan eguneratu ahalko dute jokoa egungo kontsoletan. Garatzaileek ez dute zehaztu PC-ko bertsioak aipatutako hobekuntzak jasoko dituen. Dena den, PS5eko eta Xbox Seriesetako bertsioak datorren urtean merkaturatuko dituzte.

Hori horrela, Bardock: Alone Against Fate zein egungo kontsoletako Kakaroten bertsioak 2023an argitaratuko dira. Bideojokoa PC-an zein PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One eta Switch kontsoletan eskura daiteke.