The Last of Us: Part IIk eraman du publikoaren saria, Animaziorik Onenaren eta Protagonistaren Interpretazio Lanik Onenaren Sariekin batera.
British Academy Film Awards instituzioak zinemari lotutako sariak antolatzeaz gain bideo-jokoen industriako lana agerian jartzeko sortutako sariak ere prestatu ohi ditu. BAFTA Games izenpean, joan den astean egin zuten 2021eko sarien gala.
Bertan pasa den urtean kaleratutako Hades roguelike jokoak eraman zuen saririk esanguratsuena: Bideo-jokorik Onenaren Saria eskaini zioten Supergiant Gamesek garatutako lanari. Borrokak eta roguelike elementuak narrazio interesgarriarekin lotzen dituen abentura berezia da Hades; kritika zein zaleak maitemintzea lortu dute Zagreoren inpernutik ihes egiteko ahaleginek.
Hadesek sari nagusia eskuratzea benetan nabarmena da, ondoan izan dituen aurkariak apartak izan baitira. Horien artean aipatzekoa da Naughty Dogen eta Sonyren The Last of Us: Part II. Ez da gutxiagorako, obra honek BAFTA Gamesen izendapen kopuruaren marka hautsi baitu: hamahiru izendapen eduki ditu guztira, horien artean Supergiant Gamesek lortutakoa izanik.
Epaimahaiaren sari nagusia lortu gabe geratu da, baina jokalariek The Last of Usi eman diote Publikoaren Bideo-jokorik Onenaren saria. Horrez gain Animaziorik onenaren eta Protagonistaren Interpretazio Lanik Onenaren Sariak ere jaso ditu; azken hau Laura Baileyk eraman du Abbyri bizia eman ondoren.
Bi joko horiez gain nabarmentzekoak dira Ghost of Tsushima, Sackboy: A Big Adventure edota Animal Crossing: New Horizons jokoek lortutako sariak. Hemen irabazleen zerrenda osoa:
- Bideo-jokorik Onena: Hades
- Bideo-joko britainiarrik Onena: Sackboy: A Big Adventure
- Animaziorik Onena: The Last of Us: Part II
- Atal Artistikoan aipamena: Hades
- Soinu Atalik Onena: Ghost of Tsushima
- Estreinaldi Onena: Carrion
- Familientzako Jokorik Onena: Sackboy: A Big Adventure
- Eboluzionatzen jarraitzen duen jokorik onena: Sea of Thieves
- “Entretenimendutik harago” Saria: Animal Crossing: New Horizons
- Diseinurik Onena: Hades
- Multijokalari Onena: Animal Crossing: New Horizons
- Soinu Banda Onena: Marvel’s Spider-Man: Miles Morales
- Narratiba Onena: Hades
- IP Berririk Onena: Kentucky Route Zero: TV Edition
- Protagonistaren Interpretazio Lanik Onena: Laura Bailey Abbyrengatik; The Last of Us: Part II
- Aktoreen zerrendako Interpretazio Lanik Onena: Logan Cunningham Hades, Akiles, Poseidon, Asterio, Karon eta narraitzailea; Hades.
- Publikoaren Bideo-Jokorik Onena: The Last of Us: Part II
Hadesek “atal guztiak landu eta perfekzionatzen” dituela esan genuen Game Erauntsian, eta “dibertigarriak izateko aparteko ahalegina egiten duela era guztietako gehigarriak gehituta”. Irakurri BATFA Gamesen urteko jokoaren analisia hemen.
Iruzkinak