Umetatik jarraitu izan ditut zaldun ilunaren abenturak: 90eko hamarkadako haurra izanik, Batman Bruce Timm animatzailearen The Animated Series telesailarekin ezagutu nuen, garaiko beste hainbat gazteren modura. Gaur egun Bruce Wayne aberatsaren alter ego-a leku guztietan ikusten gabiltza, baina ordu hartan film eta telesail gutxi batzuren bidez baino ez genuen ezagutzen.

Dena den, nire NES-era 1989ko Batman filmean oinarritutako bideojokoa iritsi zela ere aipatu beharra daukat: herriko bideoklubean Mega Man 2-rekin batera oparitu zidatela gogoratzen dut —oraindik bideojokoak alkilatzen jarraitzen zuten gutxietako bat izango nintzen, edo—. Ez zen opari txarra izan, Nintendo-ren lehen kontsolako bi titulurik maitatuenetakoak baitira. Horrekin eta aipatutako telesailarekin maitemindu nintzen txikitan zaldun ilunaz; hala eta guztiz ere, horren ostean hainbat urtez alboratuta utzi nuen.

Batmanekin berriz topatzeko aukera 2009an bizi nuen. Rocksteady Studios-eko britainiarrek Arkham Asylum deitutako abentura argitaratu zuten; esan bezala, ez zen DC argitaletxeko superheroiaren lehen bideojokoa —ezta gutxiago ere—, baina hala ere prentsak zein bidejokozaleek Batmanen nahiz superheroien behin betiko jokotzat izendatu zuten. Ez zen harritzekoa: zaldun ilunaren unibertsoko era guztietako elementuak batu, eta Batmanen abileziak zein ezaugarriak aprobetxatzen zituen abentura konpaktua, dibertigarria eta berezia eratu zuten Rocksteadykoek.

Marka handi bateko pertsonaia hartuta garatutako obra pertsonala eta bereizgarria izan zen Arkham Asylum hura: pertsonaia ezagutzen ez zutenek honen testuinguruan murgiltzeko aukera aproposa zuten jokoarekin, eta komiki guztiak irakurritakoentzat zaldun ilunean bilakatzeko modu ezin hobea zen, bere munduarekin beste modu batera elkarreragiteko bideak jasota.

Esplorazioa, akzioa eta isilpean aritzeko guneak batzen zituen 2009ko tituluak. Hiru ezaugarri hauek Batmanen unibertsoko superbilauekin, bitxikeriekin eta girotzearekin bikaintasunez nahastuta lortu zuen maisulanaren estatus hori. Hurrengo atalak, Arkham City-k, lehenengo jokoak egindako guztia beste maila batera eraman zuen: esploratzeko kokaleku handiagoa, arerio gehiago, bat-tresna sorta zabalagoa eta borrokan zein isilpean aritzeko aukera anitzagoak eskaini zituen. Bigarren tituluak ere sekulako kritikak jaso zituen arren, asko izan ziren lehen jokoaren konpaktutasun hori faltan bota zutenak: Mies van der Rohe arkitektoan esan zuen bezala, “gutxiago gehiago da”, eta horixe bera gertatu zen Cityrekin. Bideojoko aparta eratu zuten arren, Rocksteadykoak Asylum horren berezia egiten zuen egituratik urruntzen hasi ziren.

Arkham sagako azken jokoa estreinatu aurretik, Warner Bros-ekoen beste bi estudiok garatutako lanak ikusi genituen. Asmoa Rocksteadyri trilogia bukatuko zuen titulu handi hura garatzeko denbora eskaintzea zen, Batmanekin hasitako arrakasta horri zukua ateratzen jarraitzen zioten bitartean. Alde batetik, Warner Bros Games Montreal-ek sortutako Arkham Origins daukagu: Cityren eskeletoa erabilita —honen espantsioa dela esan daiteke, joko osoa izan arren— zaldun ilunaren lehen urteak ezagutzera emateko prestatutako lana zen.

Bestetik, Armature Studios-en Arkham Origins Blackgate jaso genuen: Nintendo 3DS eta PlayStation Vita kontsola eramangarrietarako garatutako joko honek Castlevania: Lords of Shadow – Mirror of Fate bezalako bi dimentsioko —atal grafikoa 3D bazen ere— metroidvania abenturen estiloa zeukan. Arkham jokoen ohiko ezaugarriak mantentzen zituen —borroka eta isilpe mekanikak bere anai nagusienen berberak ziren—, baina 2D jokagarritasunarekin.

 

Arazoekin hasieratik

2015. urtean ikusi genuen azkenik Batman Arkham istorioko azken atala. Hori bai, Arkham Knight era guztietako arazoekin argitaratu zuten Rocksteadykoek, batez ere PC-an: Iron Galaxy estudioak garatutako port-a korrika eta presaka egin behar izan zen, baldintza eskasetan. Horren ondorioz, errendimendu aldetik deskalabru hutsa zen bertsioa merkaturatu zuten, zaleen artean egonezina sortuta. Hilabeteetako lana, saltokietatik erretiratzeko beharra eta zenbait eguneraketa behar izan zituzten akatsok zuzentzeko. Hori horrela, jokalarien aldetik sentipen gazi-gozoarekin estreinatu zen.

Zaldun ilunaren unibertsoko era guztietako elementuak batu, eta Batmanen abileziak zein ezaugarriak aprobetxatzen zituen abentura konpaktua, dibertigarria eta berezia eratu zuten Rocksteadykoek.

Gazi-gozoarekin diot, kritika aldetik balorazio bikainak jaso zituelako. Arkham Cityn hartutako bidea jarraitu zuten Knighten: lehen jokoan aurkeztutakoa maila gorenera eraman nahi zuten. Arkham asiloa zein hiria —edo presondegia— alboratu, eta lehen aldiz Gotham zapaldu genuen trilogiaren bukaeran. Sentipen bitxia da; izan ere, Rocksteadyren aurreko jokoetan urrunean ikusten genuen hiria. Nola ez, bertako kaleak zeharkatzeko gogoak baino ez zituen pizten hor ondoan ikusteak. Originsen Gothamen geunden, bai, baina teknikoki Arkham Cityko gune ia berberak bisitatzen genituen —hiria oraindik kartzelan bihurtu gabe zegoela, hori bai—.

 

Mundu ireki konpaktua

Hortaz, Gotham da zalantzarik gabe Knighteko protagonistetako eta berritasun nagusietako bat. Hiri bezala izendatzen dugun arren, bere erdigunetik baino ez gara ibiliko: hiru irla nagusitan banatutako auzoak ezagutuko ditugu. Oraingoan, ordea, girotze lan aparta egin dute; bada, gune bakoitzak diseinu propioa duten eraikinak eta kaleak ditu. Horrela, auzo bakoitza erraz batean ezagutuko dugu: etxe orratzak, kalezulo txiroak, Chinatown, obrekin eraberritzen dabiltzan auzo industriala eta askoz gehiago ikusiko ditugu Knighten Gothamen. “Mundu ireki” honetaz gain, linealagoak diren istorioko kokalekuak ere bisitatuko ditu Batmanek; esan bezala, Cityn ikusitako eskemarekin jarraitzen du azken joko honek, baina dimentsioz areagotuta.

Alde batetik bestera ibiltzeko baliabide ugari izango ditugu eskura. Aurreko jokoan egin bezala, batgantxoa erabilita eraikinetatik gora ibiliko gara ziztu bizian, ondoren katapultatuta hegan ateratzeko. Hori bai, ahaztu geldo ibiltzeaz: turbo berriarekin mugimendua zeharo bizkortu da, eta teilatuz teilatu ariko gara segundo gutxi batzuetan. Planeatzearen mekanikak ere hobetu egin dituztela nabari da; inoiz baino errazagoa da lurra ukitu gabe hegan egitea, eta ez dago morroiengana ilargipean airetik iristea bezalakorik.

 

“Aukerak parekatzen”

Hiria zeharkatzeko baliabide nagusia, ordea, Arkham Knighten erabateko izarra da: Batmobila. Zaldun ilunaren autoa erabiliko dugun lehen aldia da Rocksteadyren jokoetan, lehenengo ataletik ikusi izan dugun arren. Bere garaian marketing kanpaina jarraitu bazenute, Batmobilaren garrantzia gogoan izango duzue, ia trailer guztietan agertzen baitzen. Ibilgailura igota kaleetatik zehar ibiliko gara aurrean jartzen zaigun edozer suntsitzen: tanke batean gabiltzala sentituko dugu… eta sekulako sentipena da. Pisua daukan tramankulua dela nabariko dugu uneoro, kale mailan dagoen ia edozer behera botako baitugu: hormak, estatuak, hesiak… baita Gothameko kriminalek gidatzen dituzten autoak ere.

Jokoaren atal grafiko ikusgarriak asko laguntzen du zaldun ilunaren ibilgailua gidatzen ari garenaren sentipena altxatzen. Gozamen hutsa da, ez dago besterik. Derrapatzea ikaragarria da, eta horrekin Batmobilaren turboa beteko dugu: kurba batetik derrapatzen irtetzea eta ondoren beste auto bati turboarekin kolpatzeak sekula gogaituko ez zaituen zerbait da.

Tanke batean gabiltzala sentituko dugula aipatu dut lehen, eta ez nenbilen handikeriekin. Gehienbat ziztu bizian mugitzeko erabiliko dugun arren, Batmobilak bigarren funtzionamendu bat dauka: borrokatzen aritzeko tankearena. Ezkerreko kolpekaria sakatuta itxuraldatu, eta gidatzeko era guztiz aldatuko da: kanoia aterako du Batmanek, eta zehaztasunez edozein norabidetan mugitzeko ahalmena irabaziko du autoak. Diseinu aldetik lortutakoa azpimarratzekoa da: ziurrenik, inoiz sortutako Batmobilik ikusgarriena da Rocksteadyrena —eta kontuan hartzekoa da, ibilgailu hauek ikono hutsak baitira—.

“Batmanek ez badu inor hiltzen, nola egingo du tiro tanke baten kanoiarekin?”. Bai, tira: oinezko arerioei deskarga elektrikoarekin nokeatuko ditugu —askotan hartuko duten kolpea hauek akatzeko bestekoa izan beharko litzateke baina…—, eta kanoiarekin suntsituko ditugun tankeak drone-ak izango dira: gidaririk ez duten aitzakiarekin, tiro festa ugaritan parte hartuko dugu.

Jokalarien aldetik asko kritikatu den arren, estilo honetako dueluak ikaragarri gustatzen zaizkidala aitortu behar dut. Bals dantza modukoak dira: Batmobilaren ordenagailuak arerioen tiroen ibilbidea kalkulatzen du, gezi batzuen bidez guri helarazteko. Geziek kolore gorria badute, mugi zaitez, erasoak joko zaitu-eta. Azkenean, gakoa behar bezainbeste mugitzean datza: dozena erdi tiro saihesteko pixkat baino ez gara mugitu beharko gehienetan, ondoren guk tiro eginda kontraerasotzeko. Gainera, drone arerioek dituzte argi txiki batzuetara tiro eginda hauek kolpe bakarraz suntsituko ditugu; modu horretara, pazientzia eta zehaztasuna saritzen du bideojokoak. Are gehiago, erasorik jasan gabe irauten badugu mugimendu berezi erabilgarriak jaurti ditzakegu.

Benetan dibertigarriak direla pentsatzen dudan arren, egia da abentura bere bukaerara iristen doala mota honetako borroken kopurua gehiegizkoa suerta daitekeela. Etsai nagusi asko eta askoz Batmobil gainean gaindituko ditugu, eta arerio arrunten aurkako azken norgehiagoka gehienak ere modu horretara biziko ditu Batmanek. Esan bezala, nahiz eta autoaz gehiegi baliatu diren, zerbait berezia eta aproposa eratu dutela ere nabarmendu behar da bai ala bai: ez dago antzekorik beste bideojokoetan.

 

Bihur zaitez Batmanen

Baina auto gaineko dueluek baino askoz gehiagok osatzen dute Arkham Knight. Rocksteadyren obrak Batmanekin bizitako borrokengatik, isilpean aritzeko kokaleku anitzengatik eta DCko komikietan girotutako istorio bikainengatik dira ezagunak; arlo horietan guztietan titulurik borobilena da azkena.

Has gaitezen horrenbeste bideojokoren borroka mekanikak sortzera eraman dituen atalarekin. Aurreko Arkham tituluetako izarrak ziren, inolako zalantzarik gabe, Batmanekin egurra ematen ibiltzeko uneak. Oinarrian, Knightekoak berberak dira: ez bagara aurreko jokoetara itzultzen ez dugu desberdintasun handirik nabariko. Hala eta guztiz ere, zuzenketa eta mekanika txiki berri mordoarekin, saga osoko borrokarik ikaragarrienetan parte hartuko dugu Knighten.

Kolpeka, kontraerasoka, tresnak erabiltzen, saltoka, eta, orokorrean, etsaien gorputzetan sekulako triskantzak eragiten ariko gara. Batman inoiz baino bizkorragoa, hilgarriagoa, zehatzagoa eta ikusgarriagoa da: Batmobil gaineko dueluak tangoak direla esan badut, hauek swing estiloko dantzak dira. Gaizkile batetik bestera hegan ibiliko gara hauen erasoak saihesten ditugun bitartean.

Hasteko, erasoaldi sinpleentzat kontraeraso botoia sakatzea nahikoa izango da: jotzera doazen unean sakatuta, kontraeraso bortitzagoa egingo dugu, arerioa hegan jaurtita. Bigarrenik, ezpatekin edo labanekin adi ibili beharko gara, kontraeraso desberdina eskatuko baitute. Azkenik, gelditu ezin daitezkeen kolpeak daude: saihestea izango da gure aukera bakarra.

Askotan, ordea, gadget edo erreminta desberdinak erabilita etsai mota desberdinei aurre egiteko bidea izango dugu. Gantxoarekin armak dituzten gaizkileei hauek eskuetatik kenduko dizkiegu; batarangekin gure aurka oldartzera datozenak geldiaraziko ditugu; kapa erabilita aurkari handienak zorabiatuko ditugu; babes elektrikoa daukatenentzat, pistola elektrikoa izan daiteke aproposena; azkenik, ezkutuak kentzeko hauen gainera salto egin beharko dugu. Horiez gain, borrokalekuetako hainbat elementu erabilita etsaiak kolpe bakarraz akaba ditzakegu.

Ibilgailura igota kaleetatik zehar ibiliko gara aurrean jartzen zaigun edozer suntsitzen: tanke batean gabiltzala sentituko dugu… eta sekulako sentipena da.

Agerikoa denez, joko amaierarako elementu hauek guztiak batzen dira, borroka dinamikoak eta zirraragarriak eratuta. Mekanika guztiak menperatzen ditugunean ikaragarrizko dueluetan parte hartzen ibiliko gara; esan bezala, joko asko saiatu dira borroka mota hauek bereganatzen, baina Batmanek ez dauka parekorik alor honetan.

Arestian Batmobilean etsai nagusi askoren aurka ariko garela aipatu dut. Zoritxarrez, ezin da gauza bera esan oinezko aurkari handiengandik: aurreko Arkham jokoetako gatza eta piperra borroka hauek ziren bitartean, Knighten faltan botako ditugu. Askotan, gainera, superbilau baten aurka egiterakoan ez dugu duelu berezirik ikusiko: bigarren mailako misioetako bukaera gehienei bizitasuna kentzen die honek.

Isilpean ibiltzeko trikimailu berriak eskuratuko ditu Gothameko superheroiak. Kokalekuak handiagoak direnez, errazagoa izango da nahi dugun tokitik etsaiak akatzen hastea; dena den, Fear Takedown bezalako berritasunekin aurkari talde handiak deusestatzea benetan erraza eta ikusgarria egingo zaigu. Hackeatzeko tresnarekin kokalekuetako elementuak erabiliko ditugu arreta erakartzeko zein arerioak nokeatzeko; mikrofonoarekin, berriz, hauek nahi ditugun lekura eramango ditugu. Amaigabeko aukerak eskaintzen ditu abenturak, eta isilpean aritzeko atal bakoitzean hauek gainditzeko bide berriak asmatuko ditugu.

Oraingo honetan lekaio gehienak militar prestatuak izango dira, baina halere Batmanen indarrarekin eta konfidantzarekin zaldun ilunean bilakatu garela sentituko dugu. Etsaiak banaka akatzen joateak ikaragarria da; are hobea, oraindik, hauek pixkanaka ikaratzen doazela ikustea. Isilpeko ataletan kontu handiz hasi beharko garen arren, arerioak akabatu ahala geroz eta errazagoak izango direla ikusiko dugu: adiskideak galdu dituztela ikusten dutenek geroz eta akats gehiago egingo dituzte, gure lana erraztuta.

Borroketan nahiz isilpean ibiltzeko, gainera, ez gara Batmanera mugatuko: istorioko protagonista nagusia den arren, batfamiliako zein kanpoko beste zenbait pertsonairen artean hautatu ahalko dugu erronkak betetzerakoan. Robin, Catwoman, Batgirl, Nightwing, Red Hood, Harley Quinn… bakoitzak bere itxura, animazio, tresna eta mugimendu propioak dauzka. Aipatutako guztia zaldun ilunaren zale amorratuentzat zein hasiberrientzat gozamen hutsa da: egiten duen guztia bikain egiten du Arkham Knightek, eta gustoko baduzu, gozatzeko aukera eta baliabide desberdin mordoa eskaintzen dizkizu.

 

Arkham saga ixteko modurik onena

Bukatzeko, gidoiari buruz hitz egitea ezinbestekoa da. Komiki batean oinarritutako bideojokoa izaten jarraitzen du azken Arkham tituluak, baina beste kutsua zein giroa aurkezten ditu oraingo honetan. Txorimalo (Scarecrow) eta jokoari izena ematen dio Arkham Knight ezezaguna izango dira obrako arerio nagusiak. Jonathan Crane-n diseinu eraberritua ikustea besterik ez dago giro aldaketaz jabetzeko: lehenengo atalean diseinu irrigarria zeukala esan dezakegu, baina oraingoan zerbait beldurgarria eta ikaragarria prestatu dute Rocksteadykoek.

Tentsioa da abenturako ardatza: inguruko guztia galtzen eta suntsitzen ari dela ikusiko du Batmanek uneoro, bere burua barne. Gidoiaren barrenak ateratzen hasiko gara orain, beraz ezer jakin gabe gozatu nahi baduzu, adi —jokoak zazpi urte ditu, zeren zain zaude?—: Arkham Cityren bukaeran Joker hil egin zen arren, Titan drogarekin kutsatutako bere odola Gothameko bizilagunen artean zabaldu da… baita Batmanengan ere. Horren eta Txorimaloren beldurraren gasaren ondorioz, zaldun ilunak krimenaren printze pailazoa ikusiko du behin eta berriro…

Dudarik gabe, jokoak duen ideiarik onenetakoa da: istorioko hainbat unetan Joker azalduko zaigu jazotakoei buruz bere iritzia emateko eta presioa egiteko. Ez hori bakarrik: Batman pixkanaka erotzen joango da, eta Gothamgo kaleak itxuraldatzen ikusiko ditugu. Efektu hau modu bikainean burututa dago: aldaketak ez dira behin betikoak, segundo gutxi batzuetakoak baino. Askotan, kamera mugitzerakoan iragarki edo estatua batek Jokerren itxura duela ikusiko dugu… eta berriz begiratzerakoan, jatorrizko itxurarekin agertuko zaigu. Eromen kutsu hori guregana eramateko bide aproposa da, eta halako une desberdin mordoa prestatu dituzte Rocksteadykoek: ia ezinezkoa da guztiak partida bakarrean ikustea.

Modu horretara, Jokerrekin gogaituta zeudenak ere pozik geratzeko bidea asmatu zuten garatzaileek: pailazoa Arkham guztietako arerio nagusia izanik, asko ziren beste bati protagonismoa ematea nahi zutenak. Rocksteadykoek zale guztiak gogobetetzea lortu zuten. Alde batetik, Txorimalorekin eta Arkham Knightekin berritasun esanguratsuak sartu zituzten; bestetik, Joker beste modu batera ikusteko aukera eduki genuen, beti bezala Mark Hamill ikaragarriaren bikoizketarekin.

 

… baina ez perfektua

Gaitzetsi beharreko zerbait badago, erritmoa da. Esan bezala, tentsioa da nagusi istorioan… baina askotan bigarren mailako misioak egiterakoan hori guztiz galduko da. Ezin didazu gau bateko hil ala biziko erronka jarri… ondoren suhiltzaileak salbatzera edo beste edozein betebehar burutzera bidaltzeko. Arkham guztietan gertatzen zen zerbait da, baina hemen are nabarmenagoa egiten da: beste pertsonaiek askotan gomendatzen digute bigarren mailako egiteko horiek gainditzea, eta menu nagusian betetzeko ehunekoak eta bestelako datuak ikusiko ditugu. Distrazio horiekin nahigabetutako Batman, suntsitzear dagoen Gotham eta hiltzear dauden lagunen testuinguru indartsuak zeharo galtzen dira.

Bigarren mailako misioak kritikatu ditut, baina horietan sakondu nahiko nuke. Abenturako atal garrantzitsua dira, baina gutxi batzuek soilik merezi dute: kasu gehienetan ekintza errepikakorrak egiten ibiliko gara, azken pausoa zirrararik gabe misioa izateko. Gehienbat merezi ez dutela uste dut, eta esan bezala, erritmoa hausteko baino ez dute balio. Jokatu dudan azken partidan alboratu egin ditut, eta orokorrean gehiago gozatu dudala uste dut.

Atal grafikoaren amaituko dut testua, aipatzekoa dela uste dut-eta. Nahiz eta Batman Arkham Knight 2015eko bideojokoa izan, gaur egungo titulurik ikusgarrienen parera iristen da atal teknikoan —belaunaldi berriko esklusiboak alboratuta, behintzat—. Egundoko lana egin zuten Rocksteadykoek alor honetan: estetika errealista zein estilizatua bateratuta itxura atenporala sortu dutela esan daiteke. Pertsonaien modeloak, ibilgailuak, Gotham bera, efektuak… dena maila paregabera heltzen da. Argitaratzerakoan errendimendu arazo nabarmenak eduki bazituen ere, gaur egun horiek konponduta daude; ia edozein gailu modernok mugi dezake bideojokoa grafiko ikusgarriekin.

Laburbiltzeko, Rocksteadyk argitaratutako azken lanak akats nabarmenak ditu, baina ondo egiten duen guztiak hauek ahaztera eramaten gaitu. Batman Arkham Knight saga ixteko atal ezin hobea izan da: aurreko jokoetako elementu guztiak hobetu, eta mekanika berri interesgarriak gehitzen dizkio. Guztia gidoi ikaragarriarekin eta atal grafiko ikusgarriarekin apaintzen du. “Batmanen bihur zaitez”, esaten zuten iragarkiek, eta adierazpen hori bete dute.