Ezaugarria frogatu egingo dute uda bukaeran. Tiro jokoa urriaren 22an estreinatuko da PC-rako eta kontsoletarako.

Inoizko Battlefield handiena prestatzen ari dira Electronic Arts eta DICE. Jarraitzaileek dituzten galderei erantzuna emateko artikulua prestatu dute EA-ren webgunean, eta bertan ziurtatu dutenez Battlefield 2042k plataforma arteko jokoa ahalbidetuko du argitaratutakoan.

Modu horretara plataforma desberdinetako jokalariei elkarrekin jokatzeko aukera eskainiko diete arduradunek. Ezaugarri honen froga teknikoak egingo dituztela baieztatu dute uda bukatu baino lehenago.

Hori bai, muga batzuk aurreikusten dituzte: PCko eta PlayStation 5 zein Xbox Series kontsoletako erabiltzaileek batera aritu ahalko dira alde batetik, eta bestetik PlayStation 4-ko eta Xbox One-ko jokalariak egongo dira; azken hauek ezingo dira belaunaldi berriko bertsioetako partidetara sartu beraz.

Erabaki honen zergatia argi dago. PCan zein PS5 eta Xbox Series kontsoletan 128 jokalari batu daitezke partida berberan; ez da gauza bera gertatzen aurreko belaunaldiko kontsolekin, jokalari kopurua 64ra mugatuta egongo baita.

Bestalde, kontsoletako erabiltzaileek PCko jokalariekin elkartu gabe geratzeko hautatu ahalko dutela diote DICEkoek. Modu horretara aginte mota desberdinen artean dauden eztabaidak alboratu nahi dituzte.

Akziozko jokoan egindako aurrerapen guztiak plataformen artean partekatuko dira gainera; gauza bera gertatuko da egindako erosketekin. Hau da, lortutako arma, eduki estetiko eta maila guztiak plataforma desberdinen artean igaroko dira, mugarik gabe.

Battlefield 2042 urriaren 22an merkaturatuko dute PC, PS5, PS4, Xbox Series eta Xbox One plataformetarako.