Sagaren joko guztietako elementuak batu eta horiek edozein modutara erabiltzeko aukera emango du, ondoren komunitatearekin partekatzeko.

Argi zegoen EA Play Live ekimenaren baitan hurrengo Battlefield jokoaren berritasunak ikusteko aukera egongo zela, eta horrela egin zuen Electronic Arts-ek. Joko mota berria ezagutzera eman zuen bertan, sagaren jarraitzaile beteranoentzat zuzendutako ezaugarriekin. Battlefield Portal joko motak erabiltzaileen esku utziko du partidak sortzearen lana, inolako mugarik gabe.

Ripple Effect Studios garatzailea da Portal prestatzeko lana hartu duena, joko nagusia DICE eta Criterion estudioen esku dagoen bitartean. “Zaleentzako maitasun gutuna” izango da, eta ezaugarri esanguratsuenen artean mapen editorea aurkitzen da.

Editore hau berezia izango da, ez baititu Battlefield 2042ko ezaugarriak soilik batuko. Battlefield 1942, Battlefield 3 eta Battlefield Bad Company 2 jokoetako mapak, armak, fakizoak eta gehiago erabili ahalko dira Portalen baitan, edozein motatako partidak sortzea ahalbidetuta. Adibidez, Bigarren Mundu Gerrako soldaduak egungo ejerzitoen aurka jarri ahalko dira, trailerrean ikusten den bezala. Are gehiago, alderdi bat labanekin soilik aritzeko araua jarri ahalko da, bestea desfibriladoreak eskuan hartuta dabiltzala.

Oinarrizko mekanikak eraldatzeko aukera ere egongo da: minimapak desaktibatzea, mira erabiltzeko debekua, jokalarien kopurua eta beste hainbat muga aipatu dituzte arduradunek, nahi bezalako partidak antolatzeko. Sortutako partida berezi horiek komunitatearen artean partekatu ahalko dira gainera.

Battlefield Portal urriaren 22an estreinatuko da Battlefield 2042 jokoaren baitan. Eguneraketak edukiko dituela nabarmendu dute EAkoek, ezaugarri gehiago gaineratuta. PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series eta Xbox One plataformetarako kaleratuko dute.

Gainera, irailean beta irekia izango du bideo-jokoak. Horrela aurkeztu dute arren, BF 2042 erreserbatu dutenentzat edo EA Access zerbitzuko harpidedunentzat soilik zuzendutako froga izango da. Eguna zehaztu ez duten arren plataforma arteko jokoa ahalbidetuko dute beta honetan.