128 jokalari batuko ditu zazpi mapa erraldoietan. Tornadoak, gantxoak eta txakur robotak gehituko ditu PC eta kontsoletan.

Electronic Artsek erakutsi du azkenik bere Battlefield sagako atal berria. Battlefield 2042 urriaren 22an estreinatuko da PC, PS5, PS4, Xbox Series eta Xbox One plataformetan.

Iragarpen handia jarraitzaileen kexen artean egin du: 16:00etarako iragarrita zegoen aurkezpenak ordubeteko atzera kontaketa baino ez zuen hasi. Ordua iritsita, jokoaren motor grafikoarekin sortutako trailer zinematiko batekin hasi dute iragarpena. Bertan sagako ohiko elementuak ikus daitezke. Dozenaka soldaduz betetako mapa erraldoiak egongo dira jokoan eta horietan autoak, tankeak hegazkinak, helikopteroak eta gehiago erabili ahalko dira.

Berritasunen artean wingsuit edo planeatzeko jantzia daude. Boston Dynamics enpresak egiten dituen antzeko txakur robotak ere ikus daitezke trailerrean. Mapei dagokienez mundu osoan zehar banatuta egongo dira zazpi kokaleku desberdinetan: Egipto, Hego Korea, Antartika eta gehiago bisitatuko dituzte jokalariek.

Belaunaldi berriko kontsoletan eta PCan partida bakoitzean batu daitezkeen jokalarien kopurua areagotu egingo dutela da berritasun esanguratsuenetako bat: 2042. urtean 128 jokalari ariko dira batera. PS4 eta Xbox One kontsolen kasuan, baina, jokalari kopurua aurreko jokoetan bezala mantenduko da, eta 64 soldadutara mugatuta egongo da.

Soldaduak maila desberdinetan banatuta egon beharrean, “heroien” antzeko egitura izango du Battlefield honek. Pertsonaia bakoitzak abilezia propioak edukiko ditu: gantxoak erabili, metraileta automatikoak instalatu edota mediku lanak egingo dituzte heroi desberdinek. Mapetan partidak eraldatuko dituzten gertakizunak egongo dira: bideoan tornado ikaragarria azaltzen da, besteak beste.

Jokalari bakarrarentzako kanpaina alboratu egingo dute oraingoan DICE eta Criterion garatzaileek. Hori horrela, multijokalarian zentratutako bideo-jokoa garatzen ari dira, modu horretara “onenak diren atalean ardazteko”.

Trailer zinematikoa baino gehiago ikusteko gogoekin geratu direnak laster izango dute gameplay bideoa. Izan ere, E3an bertan ikusiko dute berriz Battlefield 2042: igande honetan, ekainaren 13an, egingo dute berriz aurkezpena. Ez dute zehaztu ze ordutan edo ekimenetan ikusi ahalko jostagarritasun trailerra.