Jokalariak “zur eta lur” utziko dituen esperientzia izango dela adierazi dute arduradunek. Mugikorretarako proiektua ere garatzen ari dira.

Hiru urte pasa dira dagoeneko azken Battlefield jokotik. Battlefield Vek izandako harrera hotzaren ondoren, akziozko jokoen “belaunaldi berria” prestatzen hasita daude jadanik Criterion eta DICE, Electronic Artsen babespean.

Enpresaren webgunean eman dute berria. Bertan Oskar Gabrielson DICEko arduradunak adierazi duenez urte bukaerarako argitaratzea aurreikusten dute: gabonetarako prest egongo da, zehazki. Testuan garatzen ari diren teknologia berriak nabarmendu nahi izan dituzte. Horiekin lortuko duten atal teknikoak jokalariak “zur eta lur” utziko dituen esperientzia eratzeko balioko dute, Gabrielsonen hitzetan.

“Eskala epikoa” agindu dute garatzaileek: “Battlefieldengan maite dugun guztia dauka, eta hori beste maila batera eramaten du”. Bataila masiboak, jokoak aldatuko dituzten suntsipen mailak eta une zoroak batuko ditu EAren akziozko saga ezagunaren joko berriak.

Une honetan garapen prozesua nahiko aurreratuta daramatela dirudi. Eguneroko frogak egiten ari dira “ahalik eta Battlefield onena sortzeko”.

Jokoaren irudi edo bideorik erakutsi gabe geratu diren arren, zaleei pixkat gehiago itxaroteko eskaera egin die DICEko arduradunak: “egon prest laister egingo dugun iragarpenerako”.

Plataformak ere aipatu ditu, eta PS4 zein Xbox One kontsolak kanpoan utziko dituztela dirudi: jokoa sortzeko “PCaren eta belaunaldi berriko kontsolen boterea” erabili beharko dutela aipatuz amaitu dute iragarpena.

 

Battlefield pantaila txikietan

Battlefield handi hau ez da izan Gabrielsonek aipatutako joko berri bakarra. Enpresaren asmoa beti izan da “Battlefield ahalik eta plataforma gehienetara eramatea”, eta hortaz mugikorrak izango dira hurrengo helmuga. 2022rako smartphone zein tabletentzako jokoa prestatzen ari dira jada, “bereziki gailu mugikorretarako garatua”.

DICE eta Industrial Toys garatzaileak elkarlanean ari dira akziozko joko hau eratzen. “Abilezian oinarritutako” bideo-jokoa izango dela adierazi du garatzaileak, eta laster jostagarritasunaren frogekin hastea aurreikusten dute.