Project Bloom izenarekin ezagutzen genuen Game Freak estudioaren lana. Apokalipsi osteko Japonian landare munstroen nahiz roboten aurka ariko gara.

Game Freak estudio japoniarrak Beast of Reincarnation ofizialki aurkeztu du. Pokémon sagaren arduradunak Xbox Games Showcase zuzenekotik igaro dira 2026an merkaturatuko duten ARPG ikusgarria erakustera.

Apokalipsi osteko Japonian kokatuko da istorioa. Emma kontrolatuko dugu, madarikazio misteriotsuaren ondorioz erbesteratutako emakumea. Berarekin batera izango da Koo otsoa.

Etorkizuneko mundu honetan robotak ikusiko ditugu, baina basoak dira nagusi; izan ere, madarikazioak landare munstroen jaiotza ekarri du. Katana eskuan hartuta hauen kontra egingo dugu Sekiro: Shadows Die Twice zoragarria gogora ekartzen duten borroketan parte hartzeko. “Duelu teknikoak” agintzen dituzte egileek, kontraerasoz betetakoak.

Berragiztatzearen piztia akabatzea izango da gure helburua atal grafiko ikusgarria erakusten duen titulu honetan. Game Freaki buruz gabiltzanez, bideoan dagoeneko segundoko fotogramen tasaren jaitsiera nabarmenak ikusi ditugu, hori bai.

Pokémonen egileak Fictions argitaletxearekin elkartu dira Beast of Reincarnation kaleratzeko. Orain bi urte ezagutu genuen titulua Project Bloom izenpean. Harritzekoa dirudien arren, ez da Game Freaks beste IP batzuekin ikusten dugun lehen aldia: azken urteotan Little Town Hero, Tembo The Badass Elephant edo Giga Wrecker argitaratu dituzte japoniarrek.

PlayStation 5, Xbox Series eta PC plataformetan ikusiko dugu, datorren urtean, Beast of Reincarnation.