Analisia: The Legend of Zelda – Breath of the Wild
Haurra banintz, beti esperientzia berriak bilatzen egongo nintzateke. Mundu osoa izango nuke ezagutzeko, aurkikuntzaz betea; eta nortasuna erabat garatzeke. Istorio gehienek dituzten topikoak ez nituzke ezagutuko, beraz, eta ziur asko edozer gauza interesante irudituko litzaidake.
Irudimen-haztegi egoera honetan, haurra banintz seguruenik izeba nagusiari entzungo nioke berak txikitan jokatzen zuen bideo-joko bati buruz. Oso berezia zen berarentzat, urre koloreko kartutxo batean zetorren eta, antza, bere belaunaldikoek oso oroitzapen onak dituzte horren gainean. Bestalde, garaiko teknologiaren mugak muga, horrenbeste maite ditudan aurkikuntza sentsazio eta askatasuna jokoaren leitmotivak omen ziren.
NES kontsolako The Legend of Zelda-ri buruz ari naiz, noski. Eta aurreko guztia esanda, ez daukat zalantzarik haurra banintz gurasoei sagaren atal berria erosteko eskatuko niekeela.
Basatiaren arnasa
Nire bertsioa Wii U kontsolarena litzateke, Switch berria eskatzera ausartuko ez nintzateke-eta. Zein ezberdintasun dituzten eta onena zein den ez nuke jakingo; halere, seguru nago kontatzen duen ipuinak zeharo harrapatuko nindukeela. Eta ez bereziki ona delako, istorioa kontatzeko duen moduagatik baizik. Link, protagonista isila, ehun urteko loaldi batetik esnatu da eta ez da bere aurreko bizitzaz ezertaz oroitzen. Jokalariak ez du zertan berak baino gehiago jakin behar, eta benetan interesantea da gure pertsonaiarekin batera bere amaierako helburua zein den jakitea eta Hyrule lurraldearen Kataklismoan benetan zer gertatu zen ezagutzea.
Aurrera egiteko aitzakiak, bereziki jokatze hutsarekin abenturaz gozatuko nukeelako. Izebak bere kartutxoarekin bizitakoa ni orain bizitzen ari naizen ez dakit; ostera, gozatua hartzen ari naizela ederki sentituko nuke. Askatasun sentsazioa paregabea izango litzateke, ez beste joko batzuek eskaintzen dutena bezain sakona, baina bai betegarriagoa, apika. Benetako eginkizun epiko baten aurrean egotearen erabateko pertzepzioa izango nuke, xedea lortzeko dauden aukeren aniztasuna bezain erraldoia. Ez izan zalantzarik: behin eta berriro jausiko nintzateke, misioa erraza ez baita; bidegabekoa ere ez, ordea, eta egoera zail baten aurrean konponbideren bat aurkituko nuke beti irmotasunez eta pazientziaz jokatzen badut. Bizitzan bezala, alegia.
Gainera, haurra banintz, konbentzituta nago jokoak dituen akatsak ez litzaizkidake gehiegi axola izango. Aldizkari eta webgune espezializatuak oso zeharka ezagutuko nituzke, eta horietan behin eta berriro errepikatzen diren narrio zein haterrak azpimarratzen dituzten hutsak ez nituzke aurreiritzi izango. Moteltze-uneak ez nituzke akaso gehiegi nabarituko; eta sagaren aurreko atalak ezagutzen ez ditudanez, ez nuke ezer izango ziegak eta buruzagi nagusiak konparatu ahal izateko. Irudimena aske uzteko bazterrak, besterik ez.
Haurra banintz, The Legend of Zelda - Breath of the Wild izugarri maiteko nuke. Baina haurra ez naiz, hogeita hamar urte baino gehiago dituen osaba bainaiz eta bizitzan bideo-joko piloa ezagutu dut, topikoak buruz badakizkit eta konparatzeko adibide anitz dauzkat. Alabaina, eta sinistu ala ez horretan datza, hain zuzen, jokoaren lorpenik handiena: ume, gazte zein heldu, ikaragarria da nola Linken azken abenturak lortzen duen adin espektro guztiari antzeko emozioak transmititzea. Bideo-joko bat plazer hutsagatik jokatzea, ez norgehiagoka bat irabazteko edota azaleko lorpen bat erdiesteko.
Izan ere, hogeita hamar urte baino gehiago izango ditut, bai. Halere, eta egiatan: kondaira berri honetan parte-hartzean artikuluan deskribatu dudan umea banintz sentitu naiz.
Urrezko kartutxo hura lehenengo aldiz probatu nuen bezala.
Iruzkinak (2)
Xabier Calvo March 9, 2017, 11:09 p.m.
Txapeau! Bikaina Zeldaren azkena eta bikaina zure artikulua Iban!!
Ander Intxaurrondo March 15, 2017, 10:09 a.m.
Kriston artikulua!! Ta zelako gogoak probatzeko!!