Orain dela pare bat egun gutako askori noiz edo noiz bururatzen zaizkigun galdera horietako bat etorri zitzaidan burura: nire ondasunak benetan nireak al dira? Eta horrekin lotuta, bideojokoetan ere pentsatzen jarri nintzen. Noski, edizio fisikoek ez zidaten zalantza izpirik eragin; baina, benetan gureak al dira edizio digitalak?
Frantzian, ematen duenez behintzat, nahiko argi daukate kontu hau. Bertako epaimahi batek Steam bidez erositako jokoak birsaltzea edizio fisikoak birsaltzea bezain baliozkoa dela adierazi zuen joan den astean. Frantziako kontsumitzaileen eskubideen talde batek orain dela urte batzuk hasi zuen borrokaren ondorioa izan da hau. Talde horrek, Valvek kontsumitzaileen aurkako jarrerak izana salatu zuen. Jarrera hauen artean, erosleak erositako jokoen jabe ez direla azpimarratzen da. Egia izan arren Steam plataformak jokoak itzultzeko aukera ematen duela, denbora tarte baten barruan beti, inoiz ez da joko hauek saltzeko benetako askatasunik izan.
Gainera, jokoak birsaltzeko askatasun eza ondasun digitalen lege europarren aurkakoa da. Lege horiek diotenez, edozein ondasun(softwarea barne) garatzailearekin, sortzailearekin edo saltzailearekin kontsultatu gabe saldu baitaiteke. Hori dela eta, Parisko Lehen Instantziako epaitegiak hiru hilabete eman dizkio Valveri erabilera baldintzak zuzendu, eta aukera hau konfirmatzeko. Hala ere, Valvek epaia apelatu artean aldaketarik izango ez dela deklaratu du.
Epaia aurrera eramanez gero, inflexio puntu bat izango da Frantzian, eta baita Europar Batasunean ere. Izan ere, azken batean Valveren zerbitzua ez baita Frantziako araudiaren kontrakoa bakarrik, baita Europar Batasunekoaren kontrakoa ere. Horregatik, Frantzian bakarrik ez ezik, Europar Batasuneko gainerako herrialdeetan ere neurri hauek aplikatzea lortzea askoz ere errazagoa izango da. Horretaz gain, kontsumitzaileontzat ere abantaila ikaragarria suposatuko luke honek, edizio digitalak guztiz gureak izango lirateke horrela, eta geure jokoekin nahi duguna egiteko eskubidea izango genuke.
Bideojokoen edizio fisikoak edozein momentutan saltzeko aukera izan dugu beti, eta zorte pixka batekin, Frantziako epaia aurrera ateratzen bada, digitalekin ere eskubide hori lortuko dugu. Zaila da imaginatzea praktikan nolakoa izango den, baina benetan diot laster izatea espero dudala.
Iruzkinak