Duela pare bat aste twitter bidez ezagutu genuen EUSeSports elkartea eta bertako lehendakaria den 22 urteko Alexander "Mezuky" Gonzalez bilbotarra. Oso ekimen interesgarria iruditu zitzaigun beraiena eta gehiago jakiteko interesez, elkarrizketa hau egin diegu Game Erauntsiako kideok.

Zein da zuen xedea? Noiz hasi zineten EUSeSports elkartearekin? Zer motatako ekitaldiak antolatzen ditu zuen elkarteak?

EUSeSports, 2008 urteaz geroztik karta joko eta bideojoko txapelketetan parte hartzen eta berauek antolatzen diharduen elkarte bat da. Hauen artean Magicka, Counter Strike...  WoW arenako txapelketak egin ditugu eta beste hainbat ere bai. Uda honetan, Blizzard-ekin elkarlanean mundu mailako Hearthstone konpetizio baterako sailkapen txapelketa bat antolatu genuen, beste hainbat gauzez gain. Gero, lagun batzuk elkartu ginen eta pentsatu genuen esku artean genuen proiektua irabazi asmorik gabeko elkarte batean bilakatzea. Bi helburu jarri genituen: tokian tokiko txapelketak antolatzea edo baita beste kolaboratzaile batzuek suertatuz gero ere hauek bultzatzea. Eta bestalde, kirol elektronikoko bertoko jokalari batzuk formatzea eta baita publiko arruntari txapelketak eta mundu hau bertaratzea. Hau da, Bilboko jokalari taldeentzat, bideojoko elektronikoetan onak direnak eta talderen batean edo Kluben batean sartu nahi dutenentzat... euskarri lanak egin eta behar duten informazioa eta laguntza eskaintzea ingurune honetan gehiago murgiltzeko. 

Horrela, Bilbon txapelketa gehiago antolatzen ditugunean, jendeak ezagutu ditzan eSportak eta jokalari maila hobea egon dadin. Azken finean bertoko jokalarien harrobia garatzen dugu. Pare bat talde ditugu Espainiako klubetan parte hartzen eta antzerako kontuetan sartuta...

Zenbatek osatzen duzue taldea?

Gutxigora behera oraintxe bertan bost bat lagun gara. Pertsona bat dugu ikus-entzunezko edukiaz arduratzen dena, bestalde ni nago, Community Manager lanetan jarduten duena eta baita esku artean dugun lanaren gehiengoa programatzeaz arduratzen dena... Gero beste pertsona bat dugu, non, kontzertu eta musika munduarekin lotutako elkarte batetik datorrena. Eta oinarrian hori, gainerako jendea, muntaiak aurrera eramaten eta ekitaldiak antolatzen laguntzen diguten pertsonak dira.

Beraz, esan didazu Bilbo inguruko talde bat zaretela. Baina oraingoz horraino bakarrik mugatu zarete ala zabalkunde handiagoa duzue?

Egia esan EAE osoan mugitu gara. Oraintxe bertan Donostiara itzultzeko asmotan gaude, orain dela gutxi Bilboko Fun&Furiosen hitzaldi bat eman genuen... Izatez, programazioko gaien inguruko sekzio bat zen baina gure burua eta proiektua aurkezteko aukera eman ziguten. Eta horrela gainera, gu bezalako helburuak dituzten Euskadiko beste elkarte batzuekin kontaktuak lortu genituen.

Gero aparte nik, beste LVP batekin elkarlanean eta epaile lanetan nahiko denbora daramat eta bestelako lekuetako ekitaldietan ibili naiz baina ideia bertan gehiago mugitzea da.

Orduan hemen bertan beste zerbait antolatzeko asmoa ere izango duzue. Zer duzue orain esku artean?

Laister Hearthstone, League of Legends (LoL) eta beste jokoren baten txapelketak egitea gustatuko litzaiguke.

Mugimendu handia al dago EHn bideo jokoen inguruan? Eta eSport jokoetan?

Bai badago. Baina mugimendu mediatikoa falta da. Horren arrazoia da beste leku batzuen moduan, Espainian oraindik ere kirol elektronikoak hazkundean edota oso baztertuak daudela Europa mailarekin alderatuz. Hemen txapelketa bat antolatzen dutenean, beste herrialde batzuetan "boom" bat izan diren Hearthstone bezalako jokuetan... sariak ezereza dira. Eta League of Legends bezalako joko biral batean, non denek ezagutzen duten, txapelketetan ez da behar den mugimendua antzematen. Hemen beharko litzatekeena publizitate gehiago da, noizean behin jolasten dutenak ere gerturatu daitezen.





Bertoko jokalarien harrobia garatzen dugu







Zer bilakaera ikusten diozu bideo jokoen inguruan sortu den mugimenduari hemen? Eraldaketarik antzematen al duzu?


Nik uste dut zabalkundea izaten ari dela. Batez ere Euskadin enpresa eta jende asko dagoela, ez bakarrik eSportsetan, bideojokoak orokorrean modu nabarmenean hazten ari dira.

Zer garrantzia daukate eSport motako jokoek bideojokoen munduan?

Nahikoa hazten ari dira zeren, lagun artean jolasten zen joko mitiko izatetik konpetizio mailan jolasten direnera pasa dira eta gainera munduko hainbat partetan kirol bezala kontsideratzera ere iritsi dira. Asko hazi dira, baina gehiagora iristea falta zaiela ikusten dut, adibidez oraintxe bertan, asian munduko txapelketak ospatzen diren estadioak daude.

Euskal Herrian horrelako txapelketa asko ez direla antolatzen esan didazu. Zer behar da bada horrelako txapelketa bat antolatzeko?

Honelako txapelketa bat antolatzeko behar dena, interesa izan dezaketen eta sariak jar ditzaketen babesle posibleei aurretiaz abisatzea da. Nire ustez, jendeak ez luke sariengatik parte hartu behar, baina azkenean talde handiak erakartzeko balio du eta hauek aldi berean ahoz-ahoko txapelketa hauen ezagutza zabalkundean laguntzen dute. Bestalde, publiko orokorrari gehiago zuzentzea falta da. Mundu guztiak jokatu ahal ditzakeen bideojokoak izan beharko lukete. Eta azkenean benetan falta dena da txapelketa hauek antolatu ditzakeen lan talde bat, maila honetako ekitaldi bat osatzeko beharrezko bitarteko guztiak dituena eta denbora, gehienbat denbora.

Eta marketing gehiago agian ezta?

Bai hori da, horregatik esan dut lehenago ahoz-ahoko zabalkundea eta babesleen behar hori guztia.

Askotan esaten da bideo jokoetan ibilbide profesionalak ez duela etorkizunik, hobe dela beste zerbait ikasi eta denbora hor inbertitzea. Zuk nola ikusten duzu?

Nik uste dut gustu kontua dela eta beste gauza batzuetan bezala horrekin bizi nahi baduzu, horretara dedikatu behar duzula. Benetan oso zaila da, baina ez da ezinezkoa. Azkenean denean bezala, orduak sartzen badituzu, lortzen duzu.

Beraz agian futbolean bezain beste edo zailagoa da ez?  Onenek bakarrik egingo dute aurrera, agian mundu mailako jolariek...

Mundu mailako bideo jokalaria izatea estatistikoki, beste edozein kiroletan bezain zaila da. Jokalari eta talde poltsa askoz txikiagoa dago, hori egia da eta benetan nabarmentzen bazara eta horretarako balio baduzu iritsiko zara.

Nola ikusten dituzu bideo jokoak orokorrean eta eSports motakoak demagun, hemendik 30 bat urtera?

Espero dut etorkizunean honelako jokoak gehiago ikustea eta dena gehiago haztea. Jende askok espero duen bezala estadioak egon ahal izatea edota zure lagunekin tabernara sartu eta eSport txapelketa garrantzitsuenak bertan ikusi ahal izatea. Horrelako kontuak... nik behintzat horrela irudikatzen dut.

Suposatzen dut ibilbide profesionalari dagokionez ere berdin pentsatuko duzula ez? Agian hemendik urte batzutara futbolean bezala bideo jokalari profesinalak izango ditugu.


Bai noski, dudarik gabe.